Oi, Satur! Gaur berriro ere prozesioan aterako zaituzte Iruñeko Alde Zaharreko kaleetara. Errepublika garaian ateratzen utzi izan balizute eta euriak zenbaitetan trabarik jarri izan ez balizu, oker ez banago, gaurko honekin 402. aldia izango zenuke. Hori marka, Satur!
Tradizioak aginduta, udalbatza bila joango zaizu eta, ohi bezala, ongi orrazturiko ileorde urdindu, kapa urdin-gorri eta eskularru zuri-zuriak jantzitako jasaileek ongi ikasitako ibilbidean zehar eramango zaituzte. Erraldoi, buruhandi eta zaldikoen zaleek ere lagunduko dizute; badakizu, konpartsa urtean hirutan bakarrik ateratzen denez, ezin dute aukera galdu. Halaber, txistulari, dantzari eta Pamplonesa musika-bandaren jarraitzaileek epelduko dizute ibilaldia. Gainontzeko partaideek ere zintzo demonio beteko dute protokoloak agindutakoa. Kolore biziko prozesio ikusgarria zurea, Satur, ezbairik gabe.
Oi, Satur! Gogoan duzu ez zenuela dantzarien laguntzarik izan urte batzuetan ikurrina atera zutelako? Bada, kontu bat, Satur, aurten, zeuk bataiatu zenuen Firmo senatariaren semea, Firmus, zu bezalaxe santua izango zen haren aldeko festetan, alegia, sanferminetan, arrantzale bizardunek ikurrin erraldoi bat zabaldu zuten Udaletxe plazan! Ez, agian ez duzu jakingo. Apika, ez duzu izango zure XIII. mendeko hormatzar horien beste aldean, zure Iruñean, gertatzen denaren berri.
Aprobetxa ezazu, bada, gaurko pasiera, Satur, eta adi begiratu ikusten ez denari. Besteak beste, ez duzu begi ondoko ubeldurarik ikusiko ezta emakumezkoen kontrako irain eta mehatxurik adituko astelehen honetan bertan genero indarkeriak kolpatzen dituen horien aldeko eguna ospatu den arren. PAHkoak ere ez dituzu ikusiko, Sanduzelai auzoan okupatu dituzten bi etxebizitzetan egokitze lanetan arituko direlako. Ez dituzu ikusiko, Satur, bankuek etxegabeturik aita-amarenera bueltatu behar izan dutenak, beharbada, Satur, zu ikustera atera diren gurasoei bazkaria prestatuko dietelako gaurkoan.
Zure santu-aulki altu horretatik ez duzu ikusiko, ez zuk ez inork, Satur, ez pentsa, Nafarroako baso biomasaren I. feria iragartzen duen kartelik, egun batetik bestera euskarazko testua ezabatu baitzuten. Beste kontu bat, bada, Satur, akordatzen duela hogeiren bat urte Luis Del Olmok bere irratsaioan esan zuela ikastolek etakidegaiak formatzen zituztela? Ba, lehengo astean, zu patroia zaren hiriko alkatearen taldeak aintzat hartu zuen Guardia Zibilaren txostena non ETA D ereduko ikastetxe publikoetan infiltratu dela dioen eta Justizia, Barne eta Hezkuntza Ministerioetako arduradunekin bilerak eskatu zituen beharrezko ekinbideak martxan jarri ahal izateko. Eta tartalariena?
Oi, Satur! Hori paranoia zure prozesiokide horiena!