“Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak”

Ustelkeria kasu batean auzipetu ostean, Josetxo Andia UPNko Eguesibarko alkateak dimisioa eman zuen joan den martxo hasieran. PSN, Ezkerra, Bildu eta NaBairen babesari esker, Alfonso Etxeberriak (Iruñea, 1965) eskuratu zuen Eguesibarko alkatetza. Bederatzi hilabete igaro diren arren, udalaren egoera “dezente” aldatu dela irizten dio Etxeberriak. Udatik Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen aritu da heldu den ikasturterako Sarrigurenen beste eskola publiko bat eraiki dezan. Baina, ia dena hitzartuta zeukatela zirudienean, proiektua bertan behera gelditu da. Etxeberriak ohartarazi du Sarrigurengo eskola publikoan behar baino haur gehiagok ikasten dutela.

Hilabete gutxi batzuk daramatzazu Eguesibarko alkate gisa. Zer-nolakoa da balorazioa?

Hilabete hauetan egin dugun lana guztiz baikorra izan dela esango nuke. Alor ekonomikoari dagokionez, udalera iritsi ginenean, egoera ekonomikoa defizitarioa zen. Soldatak ordaindu ahal izateko kredituak eskatu behar izan genituen. Gastu eta diru sarreren artean desoreka izugarria zegoen. Urtea bukatuko dugu gastuak eta diru sarrerak orekatuta.

Zer egin duzue diru sarrerak eta gastuak orekatzeko?

Udalak dituen gastuak aztertu ditugu. Horrez gain, abian dauden lehiaketa publikoen bitartez egin diren esleipenak aztertu ditugu. Kasu askotan, lehiaketan jasotakoa ez da betetzen. Udala ordaintzea ez zegozkion ur eta elektrizitate fakturak ordaintzen aritu da. Halako gastuak urtean ia 100.000 eurorenak izan dira. Gizarte zerbitzuetan ez dugu murrizketarik egin nahi izan.

Zeintzuk dira eskuartean dituzuen proiekturik garrantzitsuenak?

Hainbat proiektu ditugu eskuartean. Baina lehenik eta behin euskararen ordenantza jarri nahi dugu martxan. Hala ere, ordenantza gauzatzeko arazoak ditugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu euskara teknikari bat kontratatzea. Finantza Egonkortasunerako Legea dela eta, 2011 baino lehen ez zeuden lanpostuak ezin dira eskaini. Beraz, oraingoz, ezin dugu euskara teknikaririk kontratatu. Hala ere, beste aukera batzuk aztertzen ari gara.

Eguesibarko proiekturik handiena Sarriguren izan da. Hilabeteetan auzorako beste eskola publiko baten alde lanean aritu ostean, proiektua bertan behera gelditu da behin-benean. Zer dela eta?

Sarriguren eraikitzeko proiektua egin zenean, erabat zehaztu zen zer azpiegitura eraiki behar ziren eta zein epetan. Hitzarmen horren arabera, Nafarroako Gobernuak Sarrigurengo bigarren eskola publikoa eraikita eduki behar zuen dagoeneko, baina ez da horrela. Agindutakoa gaizki eta berandu bete du Nafarroako Gobernuak. Martxoaren 19an udal gobernura iritsi garenetik, Sarrigurenen beste eskola bat behar dela esan dugu. Horregatik jarri ginen Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan.

Nolakoak izan dira negoziazioak?

Bilera mordoa egin dugu, eta mezu elektroniko eta dei asko izan dira. Hezkuntza Departamentuaren jarrera ona izan da. Udal akordio baten ostean, sanferminak pasatuta deitu nion Hezkuntza Departamentuko zuzendari nagusiari. Abuztuan ere hitz egin genuen. Segituan esan ziguten arazoa ekonomikoa zela. Beti lotu izan dute eskola berriaren proiektua Ogasunarekin. Baina, azkenean, Ogasunak esan zuen euren aldetik ez zegoela inolako arazorik eta eskola berria egin zitekeela. Urriaren 16tik aurrera, gorabehera ugari izan ditugu, bi administrazioen arteko itunaren harira. Ia guztia itxita zegoenean, asteartean [azaroaren 26an] proiektua bertan behera gelditu zen, eta herritarren atsekabea erabat ulergarria da.

Orain, noizko espero da eskola berria?

Guk 2014-2015eko ikasturterako eskola berria martxan egotea nahi genuen, eta horregatik aritu gara azken asteetan negoziatzen, denboraz larri genbiltzalako. Badirudi, 2015-2016ko ikasturterako egina egongo dela. Kontuan hartu behar da Sarrigurengo eskolan behar baino ikasle gehiagok ikasten dutela, horregatik da eskola berria presazkoa. Guraso elkarteari erabateko babesa adierazi diogu, eta antolatutako ekinbideetan gure babesa izango dute.