“Irati irratia bezalako hedabideak behar dira”

Azken hilabeteetan buru-belarri aritu da Xabier Errea (Aurizberri, 1957) Irati irratiaren alde. Pozik dago hedabidea apurka egonkortzen ari delako, nahiz eta zailtasunak oraindik askotarikoak diren. Bihar, Garraldako jaia profitatu nahi du irratiko bazkideen arteko harremana sustatu eta bazkide berriak egiteko.

Noiztik zara Irati elkarteko kidea?

Duela urtebete hasi nintzen irratian buru-belarri, 2011ko abenduan. Irati irratia duela 20 urte hasi zen, baina 2002an arazo anitzen eraginez, itxi egin behar izan zen. Urte batzuk itxita egon ondoren, 2009an, irratia berriz martxan jartzea lortu genuen. Gainera, Euskarabideko diru laguntza lortu genuen irratia berriz abian jartzeko. Baziren garai hartan euskarazko komunikabideentzako diru laguntzak. Orduan hitzartu genuen diru laguntza bat. 10.000 euro inguru lortu genituen. Gainera, garai hartan baziren 110 kide, eta hori abiapuntua izan zen. Pertsona bat kontratatu genuen, lau orduko lanaldian. Baldintza egokienak izan ez arren, berriz guztia martxan jarri genuen.

Euskarabideko diru laguntzak desagertu egin ziren. Horrek zer ondorio izan zuen Irati irratian?

2011n diru laguntzak desagertu zirenean, berriro jarri ginen hil edo bizi zer egin planteatzen. Garai hartan, ni ez nengoen irratiko batzordean, baino bilera baterako deialdia egin zuten. Garai hartan, oso animo ezkorra zegoen. Batzordeko kideek ardurak utzi nahi zituzten, nekatuta zeudelako. Nik egoera hori ikusita, amorrua sentitu nuen, berriz irratia diru kontuengatik ixtekotan zirelako. Nik ezagutu izan nuen prozesu hori 2002an. Ondorioz, batzordeko kide izatea erabaki nuen, irratia biziberritzeko asmoz. Arazo ekonomikoak handiak ziren, eta norbait kontratatzea zaila zen. Aukera bat boluntarioen bitartez funtzionatzea zen, baina aukera hori baztertu egin genuen. Orduan erabaki genuen kazetari bat kontratatzea eta irratia biziberritzea.

Batzordearen bilera horren ostean, hainbat aldaketa izan dira irratian.

Bai. Arkaitz Almortza kazetaria ari da gurean, eta egunero bi ordu eta erdiko saioa egiten du, eta oso pozik gaude. Duen kontratuarekin oso lan duina egiten du. Hasieran, sei hilabeteko konpromisoa hartu genuen, eta ia urtebete inguru darama irratian lanean. Kanpaina bat abiatu genuen, instituzioetako dirua ia amaitu zelako. Irratiarekin jarraitu nahi bagenuen, kide gehiago izatea ezinbestekoa zen. Kanpaina bat abiatu genuen, eta hiru puntu berri hartu genituen kontuan: kide gehiago lortzea, publizitatearekin zerbait egitea eta bertako erakundeen laguntza. Helburua zen guztira 200 kide berri egitea. Kontuak egin, eta horrekin aurrekontuari aurre egiteko moduan izango ginela kalkulatu genuen.

Helburu hori erdietsi duzue?

Elkartekoek berehala esan zidaten ametsetan ari nintzela. Egia erran, ez dugu helburua lortu, baina 68 kide berri egin ditugu. Saiatu gabe ezin da ezer lortu. Emaitza erdipurdikoa da, baina ez da makala. Lehen modu horretan 6.000 euro inguru lortzen genituen, egun berriz 14.000 euro gutxi gorabehera.

Irati irratiak zer-nolako garrantzia du?

Proiektu konplexua da, hainbat arrazoirengatik. Baina, Irati irratia bezalako hedabideak behar dira. Gainera, azkenaldian Arkaitz Almortza oso lan ona egiten ari da, eta nik uste jendeak gustura entzuten duela. Irratia etxeetan gehiago entzutea nahiko genuke.

Biharko jaieguna prestatu duzue. Nolakoak dira aurreikuspenak?

Egia erran, oso onak dira. Goizean, bertako produktuen azoka bat egingo dugu, eta dagoeneko tokia betetzea lortu dugu. Beraz, azokara saltzera etorri nahi dutenei ezezkoa erran behar izan diegu. Nik uste oso jaiegun polita izango dela biharkoa. Izan ere, irratiak ibilbide erraza izan ez badu ere, 20. urteurrena ezin da ospatu gabe utzi.