Tokiko adminitrazioaren lege berriaren onartzea ia-ia oharkabean gertatu dela ematen du. Eztabaida izan zen Kongresuan, hainbat komunikabidetan ere agertu da, baina gure karriketan deus guti sumatu dugu horri buruz.
PPren asmoa aitzinera atera zen, Euskal Herriko bi alderdiren babesarekin: UPN eta EAJ. Bi alderdi horiek PPrekin adostasuna lortu zuten, euren hitzetan, euskal erakundeen berezitasunak aintzat hartzea lortu omen zutelako. Erakunde horiek Iruñeko gobernua eta Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako aldundiak dira. Aldiz, tokiko erakundeak, udalak eta kontzejuak, galbidean edo murrizteko arriskuan jartzen ditu Hego Euskal Herriko eremu osoan, Estatuaren peko lurralde guzian bezala. Iruñeko eta Gasteizko gobernuek ziurtatzen dute euskal erakundeen berezitasunak babestea lortu dutela eta, beraz, Madrilgo legearen eragina mugatua dagoela. Baina bertze arlo batzuetan gertatzen ari dena ikusirik, zalantzan jartzekoa da ziurtapen hori.
Mintzo den horrek ez daki behar adina lege berri hontaz eta izan ditzakeen ondorioez, herritar gehienon moduan, pentsatzen dut. Baina datu batzuk adituta, tokiko erakundeen aurka izutzeko moduko eraldaketa izanen dela jakiteko adina badugu. 5.000 biztanletik beheitiko udalerrietan, ordezkaritza-sistema erabat alda daiteke, alkate eta zinegotzien kopuruak nabarmen gutituz, edo erakunde horiek desagerraraziz, adibidez, kontzejuak Araban eta Nafarroan. 20.000 biztanletik beheitiko eremuetan, oinarrizko zerbitzu publikoak bateratu (zentralizatu) eginen lirateke, mankomunitateetan, horiek zuzenean aldundien edo gobernu autonomikoaren esku geldi daitezkeelarik, eta, noski, pribatizatzeko arriskuan.
Ordezkaritza sistemari eta zerbitzuen kudeaketari buruz dakiguna hori da; aldiz, ez dakigu sistema aldatze horretan non geldituko diren herriek dituzten ondasunak, bereziki, lur komunalak.
Madriletik, aspaldi ohi duten moduan, gure herriak eta eskualdeak zuzenago kontrolatzeko asmoa darabilte, azken finean, herritarrengandik hurbilen diren erakundeen eskumenak murriztuz, botere osoa Estatuak zuzenean edo estatutik hurbilen diren erakundeetan zentralizatuz, horien esku metatuz.
Kanpotik eta, gehienetan, zuzenean Madriletik datorren eraso berri hau herritarrontzat aukera izan daitekeela ulertzen dut; aukera, bai, gure herrien antolakuntza aztertu, herritarrok behar eta nahi duguna hausnartu, eta hori lortzeko moduak asmatzeko aukera ezin hobea. Madriletik datozen astinduek iratzarrarazi ohi gaituzte, mugiarazten, eta, beraz, eraso berri bakoitza aukera da erabateko aldaketak mahai gainean jartzeko. Erronka hori hartuko al dugu?