“Zapatak arnasa hartu, malgua izan eta iraun egin behar du”

Goizero, gosaldu ostean, 08:00etan sartzen da Xabier Iturriotz (Legorreta, Gipuzkoa, 1962) Imotzeko Erason duen tailerrean. Etxe ondoan du tailerra, bioeraikuntza oinarri hartuta eraikia, eta bertan ditu lan tresna guztiak. Karmele Del Rio bazkideak eta Jaione Goñik larru puskak mozten dituzte, eta Iturriotzek zapatak egiten ditu. Del Riok eta Goñik Iruñeko Arrotxapea auzoan duten Zapatari denda eramaten dute. Baina azoketan ere asko ibiltzen dira, Madrilen, Katalunian eta Euskal Herrian gehienbat. “Bezeroari zapata ia etxeraino eraman behar zaio”, esan du Iturriotzek. Hark argi du nolakoa izan behar duen zapata on batek. “Zapatak arnasa hartu, malgua izan eta iraun egin behar du”. Iturriotzek, Del Riok eta Goñik egiten dute zapata ekoizteko prozesu osoa. Horrela, produktu berezia sortu eta gastuak gutxitu egiten dituzte.

Iturriotzen aitak, Legorretako paper fabrikan lan egiteaz gain, herrikoen zapatak konpontzen zituen. Aitaren tailerrean hasi zen Iturriotz zapatak konpontzen, asteburuetan diru apur bat izateko. Garaia heldutakoan, Gasteizera joan zen ikastera. Bertan, Irakasle eta Euskal Filologia ikasketak hasi zituen, baina ez zuen ez bata ez bestea bukatu. Ikasketetan zorte handirik izan ez zuenez, bizimodua aurrera ateratzeko Gasteizen bertan zapatak konpontzeko denda jarri zuen. Gero, bertako zapatagile bat erretiratu zenean, zapatak egiteko makineria saldu zion Iturriotzi. Zapatak egiten ere irakatsi zion, eta denda ireki zuen Errementari kalean: Zapatari.

Gasteizen txokoa egin bazuen ere, Iturriotz Iruñera joan zen 1993. urtean, emaztea bertakoa duelako. Iruñean, Karmele Del Riorekin batera sozietate bat egin zuen. Antsoleaga kalean, zapata denda jarri zuten. Del Riok larru puskak moztu, eta Iturriotzek zapatak bukatzen zituen. Gasteizen zegoenean, larru puskak eginak erosten zituen. Antsoleaga kaleko dendan, zapatak saltzeaz gain, konpondu ere egiten zituzten; gaur egun, ordea, ez. “Bertan zortzi bat urte eman genituen, baina lokala pixka bat txikia geratu zen, eta Arrotxapea auzoko Tomas de Burgi kalera joan ginen”. Arrotxapean dute denda, gaur egun, Iturriotzek eta Del Riok. Baina zapata tailerra Erason dute. “Emazteak eta biok lursaila erosi genuen Erason, eta hara bizitzera joan ginen. Poliki-poliki, herrian bizi eta lan egiteko hautua egin dut”, azaldu du Iturriotzek. Del Riok eta Jaione Goñik, larrua moztu, eta zatiak josten dituzte. Iturriotzek, berriz, zati horiek jaso, eta Erasora eramaten ditu. Larru zatiak moldean muntatzen ditu, kurrika batzuen laguntzaz. Muntatzean, zapatak josi eta itsatsi egiten ditu. Ondoren, prentsan jarri eta, bukatzeko, zapatak lizatu eta txukuntzen ditu.

Hiru produktu egiten dituzte: sandaliak, zapatak eta botak. Denda egunero irekitzen dute, goizez. Ostegun eta ostiraletan, arratsaldez ere irekia izaten dute Arrotxapeko denda. Baina mugitu beharra dute zapatak saltzeko. “Dendara ez da jende asko etortzen, horregatik joaten gara artisautza eta ganadu ferietara: Abadiñora sanblasetan, Donostiara San Tomas egunean, Urretxura santaluzitan eta Irurtzunera ganadu azoketara”, azaldu du Iturriotzek. Euskal Herritik kanpo ere joaten dira. “Duela gutxi Madrilen egon gara, Biocultura ferian, eta datorren astean Kataluniara joango gara”. Urtean sei aldiz joaten da Kataluniara Iturriotz, hango ferietara saltzera. “Oso gustura joaten naiz Kataluniara. Baditugu leku finko batzuk: Lleida, La Seu d’Urgell, Sant Boi de Llobregat, Molins de Rei eta Bartzelona. Euskaldunekin giro oso ona dute”. Hala ere, bidaiatzea da bere lanetik gutxien gustatzen zaiona. “Gogorra da kargatu, deskargatu, muntatu, desmuntatu, eta abar. Kilometro piloa egin eta etxetik kanpo ematen diren egunak. Baina saltzeko hori egin behar da”, dio Iturriotzek. Erason bertan ere saltzen dute, herriko jendeari batik bat. Baina noizbait azokaren batean hurbildutako norbait etxeraino etorri zaio egindako enkargu baten bila. “Behin, Gernikan egon ginen urriko azken astelehenean. Azpeitiko batek, botak ikusi, eta hurrengo egunean Erasora etorri zen erostera. Emaztearentzako ere enkargatu zituen beste batzuk. Iruñea baino hurbilago dute askok Eraso”.

Krisia nabaritu dute Iturriotzek eta Del Riok. “Jendeari gehiago kostatzen zaio erostea. Pixka bat gehiago mugitu behar izan dugu, eta prezioak mantendu ditugu. Baina lortu dugu hiru soldata ateratzea”, azaldu du Iturriotzek. Euren produktua, gainera, irauteko egina dago, ez da urte batetik bestera apurtzen. Horrek asko pozten du Iturriotz, zapata onak eta iraunkorrak egiteak.

Etorkizunean, zapatak egiten jarraituko du Iturriotzek. Baina badu beste proiekturen bat ere buruan: Larruaren Txokoa. Erason bertan egiten ari da borda bat eta hiru etxola, bioeraikuntza oinarri hartuta. “Larruaren Txokoa da proiektu bat eskoletako umeak etortzeko, haraneko lanbide tradizionalak eta larrua nola lantzen den ikasteko, baina hori datorren urtean izango da”.