Bere estudioa ere baduen arren, Dormitaleria 54 galerian bitartez jende gehiagorengana iristea lortu duela aitortu du Lola Herrera (Murcia, Espainia, 1961). Urte osoan berak egindako orratz apainduak erosi ahal izan dira galeria alternatiboan, eta horrez gain, atzotik bere bi margolan daude ikusgai.
Galeriaren urteurrena dela eta zure bi margolan daude ikusgai. Zein lan aukeratu dituzu?
Lan horiek hautatu ditut tamainagatik batez ere. Erakusketako arduradunek eskatu zidaten tamaina handikoak ez aukeratzeko. Ni pertsonalki tamaina handiko margolanak egiten erosoago sentitzen naiz. Baina, tamalez, galeriaren lokala ez da oso handia, eta horregatik tamaina txikikoak izan behar zutela esan zidaten. Orduan, lau margolanek osatzen duten bilduma bat egin nuen, eta bilduma horretatik bi hautatu ditut. Tamaina txikia dute, eta gainera enmarkatu egin ditugu. Hala ere, prezio ekonomikoa dute lanek, poltsiko guztientzat eskuragarria den artea egin nahi dugulako. Bitartekorik ez duen artea eros daiteke Dormitalerian.
Zer islatzen duzu bi lan horietan?
Lehenengoan ekitaldi batean elkarrekin dauden artista batzuk ikus daitezke. Badirudi Dormitaleriako bilera bat dela, artista askok osatzen dugulako. Bigarren lana kopen ingurukoa da. Kalera atera nintzen, eta kopak edaten zituzten pertsonak aztertu nituen, eta hori jaso dut bigarren lan horretan.
Zu bezalako artista batentzat, zer nolako garrantzia du Dormitaleria 54 bezalako galeria berezi batek?
Niretzat oso garrantzitsua da mugikortasun handia duen kolektibo bateko kidea izatea. Gainera, oso pertsona ezberdinekin harremantzea lortu dut. Beraz, nik uste plano pertsonalean zein profesionalean oso aberasgarria dela. Gainera, pasa izan zait bezero bat galeriara joatea, nire lana gustatu eta nire lan gehiago ezagutu nahi izatea. Hala, nire estudiora etorri zen, eta beste artelan batzuk erosi zituen. Bestalde, artelanak ahalmen ekonomiko handia ez dutenen eskura jartzea ere oso garrantzitsua da.