“Ekintzaileen argazkiak ateratzea gustatzen zait”

Iñaki Basterrak (Zaragoza, Espainia, 1974) egindako bi argazki daude Dormitaleria 54 galeriaren urteurrenaren harira atzotik martxan dagoen erakusketan. Pozik dago, diziplina ezberdinetako artisten arteko harremana indartzea lortu duelako.

Noiztik zara Dormitaleria 54ko kidea?

Ia-ia galeria sortu zenetik naiz bertako kide. Urtarrilean-edo hasi nintzen. Batez ere, argazkigintzan aritzen naiz, eta nire lana ezagutarazteko modua izan da.

Atzotik zure bi lan ikusteko aukera dago galerian. Zein bi argazki aukeratu dituzu erakusketarako?

Taldean osatu dugun erakusketa denez, parte hartu duen lagun bakoitzak bi lan soilik aurkeztu ahal izan ditu erakusketara. Lehenik eta behin, bikote bat tangoa dantzatzen ageri den argazki bat hautatu dut. Bada Bayaderos izena duen Barañaingo dantza talde bat, eta hango bi kide ageri dira dantzan. Bigarren argazkia Hutsun txalaparta taldeak Txantreako Akelarrean emandako kontzertu batean ateratakoa da.

Zergatik hautatu dituzu bi argazki horiek?

Lehenik eta behin, jende ezaguna delako. Batez ere, niri pertsonalki autogestio ekinbideak asko interesatzen zaizkit. Gizarte eremu ezberdinetan ekintzaile izaten saiatzen naiz. Arrazoi horregatik, ekintzaile diren pertsona horien argazkiak ateratzea gustatzen zait bereziki.

Zer onura ekarri dizu Dormitaleria 54ko kide izateak?

Akaso, argazkigintza artistikoan berri xamarra naizenez, inoiz ez zait interesatu galeria pribatuetan parte hartzerik. Administrazio publikoak artista bati laguntzeko, izen handikoa izan behar du, eta, bestela, ideologiak baldintzatzen du. Beraz, Dormitaleria 54 bezalako proiektuek artista erabat aske sentiarazten dute, inolako baldintzarik gabe. Hala ere, nik elkarteko beste kideek bezalako esperientziarik ez dudanez, galeria alternatibo bat oso interesgarria dela iruditzen zait. Izan ere, oso eremu eta mota ezberdinetako jendea elkartu da, talde moduan proiektu bat pentsatu, martxan jarri eta apurka-apurka gauzatzeko.