“Ezinbestekoa da komunikazio baliabideak ondo menperatzea”

"Justizia sentimendu bat da, ideal bat. Sentimendu hori denborarekin alda daiteke. Gure betebeharra da ideal horretara ahalik eta gehien hurbiltzea", azaldu du Eduardo Santos abokatuak (Iruñea, 1973). Askok bezala, ziurtasun handirik gabe aukeratu zituen unibertsitateko ikasketak. Historialaria izan nahi zuen Santosek, baina, azkenean, zuzenbide ikasketak egin zituen. Baina ez da bokaziozko abokatua. Ikasketak bukatu, eta lanean hasi zen, abokatu-laguntzaile gisa; orduan piztu zitzaion ofizioarekiko grina. Hamazazpi urte daramatza lanean. Egun, abokatua izateaz gain, zuzenbide eskolak ematen ditu unibertsitatean. Egunerokoan mila zeregin ditu: bezeroekin bildu, administrazioarekin hitz egin, legeak ikasi eta abar. Epaiketek gatazken azken aukera izan behar dutela uste du Santosek. "Nik esango nuke beti saihestu behar dela epaiketara heltzea. Beti ez da posible izaten. Behin epaiketan egonda, ezinbestekoa da komunikazio baliabideak ondo menperatzea".

Santosen aburuz, abokatuen zeregina itzultzaile baten lanaren antzekoa da. "Hizkuntza judiziala dago alde batetik; hori boterearen hizkuntza da, kaleko hizkuntzarekin zerikusirik ez duena. Gu erdian gaude. Itzultzaileak gara, kaleko jendeari azaldu behar diogu botereak zer dioen". Gauzak era ulergarrian azalduz irabazten du Santosek bezeroen konfiantza. Hori da abokatuen beste gakoetako bat. "Bezeroak eta abokatuak konfiantza izan behar dute. Hori existitzen ez bada, akabo. Abokatuak bezeroaren interesak defendatu behar ditu; horregatik ordaintzen dute". Horretarako, profesionaltasuna behar-beharrezkoa da Santosentzat. "Norberaren ideiak, bezeroarekin alderatuz gero, oso ezberdinak izan daitezke, baina abokatuak bezeroa defendatu behar du, akaso legeak arrazoia ematen diolako edo bezeroaren jarrera errespetatu behar delako". Hiltzaileak ere defendatzeko prest dago Santos. Haren ustez, gakoa profesionaltasuna da. "Ni abokatua naiz; nire betebeharra ez da hiltzea, hiltzailea defendatzea baizik. Askotan ez diot bezeroari galdetzen hark egin duen ala ez; hori ez da nire lana. Epaileak erabaki behar du hori, frogekin, lan tekniko batekin eta abar". Hala ere, Santosek ez ditu hartzen heltzen zaizkion kasu guztiak: "Erabat ados ez banago bezeroak eskatzen duenarekin, ez dut hartzen kasua. Nire arazo pertsonala izan daiteke, eta kasu horretan azalduko nioke zergatik ez zaidan ondo iruditzen haren jarrera. Kasuan ez badut sinesten, ez naiz gai hori defendatzeko".

"Jendearen eskubideak defendatzea, hori da praktikan abokatua izatea". Horregatik lan egiten du Santosek abokatu gisa, ideia erromantikoa dirudien arren. "Bestela, zertarako?", galdetu du. Santosen aburuz, Iruñea hiri txikia da, eta gisa horretako hirietan ez dago zuzenbidearen alor batean espezializatzeko aukerarik. "Denetarik egin dut nire karreran. Hiri txikietan ez dago bulego erraldoirik; ez dago ataletan banatzeko moduko bulegorik". Hala ere, ezin da dena jakin. Bizitzaren gorabeherak direla eta, bi gaitan sakondu du bereziki: espetxe eta zigor zuzenbidean. Haren aburuz, zigorrak handitzeko izan dira azken hamabost urteetan Espainiako politika kriminalean hartu diren neurriak. "Politikariek eta demagogoek esaten dute zigorrak gogortuz delituak bukatuko direla. Gainera, zigor kode berria ezartzea oso erraza da".

Aldaketa horietan komunikabideek erantzukizun handia dutela uste du Santosek. "Gauza asko aldatu egiten dira, albistegiak dioenaren arabera". Gobernuek presio soziala kudeatzen dutela dio Santosek. Haren ustez, horren guztiaren helburua da jendea ahalik eta gehien kontrolatzea eta estatuak biolentziaren monopolioa indartzea. "Baina jendeak ez dio bere buruari galdera bat egiten: zer gertatzen da gero? Zer gertatzen da kartzelan? Zer gisatako gizarteratzea egiten da espetxeetan?", galdetu du Santosek. Haren arabera, espetxeak aztertuz gero, ikusten da mina baino ez dutela sortzen. "Gizarteratzearen ideologia guztiz galdua dago".

"Espainiako demokraziako lehen legea espetxe legea izan zen. Lege hori oraindik indarrean dago, eta argi eta garbi esaten du espetxearen helburua gizarteratzea dela. Legea idatzi zenean, oso aurrerakoia zen. Baina baliabideak jarri behar dira horretarako", azaldu du Santosek. Egun espetxeetan segurtasunaz baino ez direla arduratzen uste du. Horren adibide argia Iruñeko espetxea dela dio. "Espetxe zaharrean baino okerrago daude presoak espetxe berrian. Erdi hutsik dago kartzela, baina preso guztiak bi modulutan dituzte pilatuak. Erabat masifikatuta daude, ezer egin gabe eta inolako aukerarik gabe".

Ingurumen arloan ere lan garrantzitsua egiten du Santosek. Sustrai Erakuntza fundazioarekin lan egiten du, eta Nafarroako azpiegitura "jasangaitzei" erantzun juridikoa ematen die, horien inguruko ikerketak bideratzen eta laguntzen. Besteak beste, abiadura handiko trenaren eta Olatzagutiko errausketa plantaren aurka lan handia egin dute.