Libra nazak sorbalda gainean daramadan zama astun honetatik. Bazakiat ez naizela bakarra pisu nekagarri hau eramaten. Bazakiat milaka garela madarikazio hau bizi dugunok. Baina Sisifo nola, neu ere bakarrik sentitzen nauk harria, harritzarra, harkaitza Ezkaba mendiaren gailurrera behin eta berriz igotzen.
Berripaper honetako zutabe edo artikulua idazten hasi nintzelarik, neure buruari ezarri nioan agindua —herorrek emanen bahu ere indar handiagoa izanen ez lukeena—, agindu irmoa inondik inora, biraorik ez duen hizketa garbi hau hagitz gutxitan izanen zela nire idatzien gai, zio edo helburu. Alegia, euskararen inguruan noizbehinka bakarrik izkiriatuko nituela nire pentsamenduak. Badituk hiru urte horretan ari garela, eta manua bete diat nola edo hala.
Baina nire aitzineko artikuluak euskara hartu zian hizpide, eta, beraz, orain irakurtzen ari haizenak bertze gai arras ezberdina jorratu beharko likek. Baina ez duk hala. Nik sinesten diat hire baitan, Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, eta hire misterio guztietan; eta sinesten diat gure fedearen bertze misterio guztietan, eta nahi diat bizi eta hil fede honekin. Baina ene kapitain, errege eta enperadore handi, lehenbiziko tronuan gloriaz eta edertasunez beterik haizena: oraingo honetan ere ezin zioat zama honi gehiago eutsi. Harria erortzen utziko diat. Berriz.
Mintzatu nahi nikek tartalariei ezarri dieten zigor bidegabeaz. Hitz egin nahi nikek PISA txostenean Nafarroa sailkapen onean utzi duten nerabe arduratsu eta jatorrez. Solastatu nahi nikek aurrekontuen inguruan PSN jokatzen ari den hondarreko antzerki lanaz. Ele egin nahi nikek Nafarroaren egun ofizialari benetako zentzua eman dion Espainiako ereserki sartu berriaz. Berbetan jardun nahi nikek Parot doktrina bertan behera utzita kalera atera diren presoei egin zaizkien harrera ezkutukoez… Edo, bertzerik ezean, neguaren gorriaz.
Eta, ene Jaun maitagarri eta infinituki on, jakin ezak, oro har, Job santu jazarriak baino pazientzia handiagoa erakusten dugula hiri buruzagiko euskaldunok. Baina madarikazioa hain duk handia, arrastatzen dugun gurutzearen zama hain duk neurrigabe eta gehiegizkoa, eta gure etsaiaren tema hain duk bukaezina, ezen haragiaren ahuleziatik hurbilago gaudenok ezin baitiogu tentazioari muzin eta izkin egin, eta, halabeharrez, erantzun behar izaten baitiogu usain goxodun gure hizkuntza txukun eta argiari egin dioten azken erasoari.
Berriz ere, euskara dianaren erdian paratuz, nazka, higuina eta asperra eragin zigutek ardi otzan eta axolagabe bagina bezala gobernatzen gaituzten agintari zital ustelek. Eta, hartara, ni eta ni bezalako ahulak karrikara aterako gaituk hurbilen asteazkenean, hilaren 18an, gure hizkuntzaren defentsan. Baina, mesedez eta faborez, otoi eta arren, madarikazio honetatik libra nazak, Jauna.