“Planaren oinarria da Bortziriak arnasgune direla euskararentzat”

Lehenengo aldiz, lau urterako Euskara Plana egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Datozen urteetan gauzatu nahi dituzten proiektuak mota askotakoak direla ohartarazi du Patri Arburua Bortzirietako Euskara Mankomunitateko euskara teknikariak (Igantzi, 1972). Jakinarazi duenez, euskararen normalizazioan erreminta garrantzitsua izango da plan berria.

Euskara Plana abian jarri berri duzue. Aurrekoekin alderatuta, zer berezitasun ditu?

Orain arte, urtebeteko epea zuten euskara planekin lan egiten genuen. Ikuspegi luzeago batekin lan egin behar genuela ohartu ginen. Urtebeteko aurrekontuarekin hagitz lotuak geunden. Baina gai batzuek badute bertze jarraipen bat; ikuspegi zabalago batekin lan egiteko beharraz jabetu gara.

Plan berri honetan, batez ere herritarren parte hartzea sustatu duzue.

Martxan jarri ditugun planetan beti sustatu izan dugu parte hartzea, baina plan berrian gehiago sustatu dugu. Baditugu Euskara Batzordeak bortz herrietan, eta gure orain arteko plan horietan beti parte hartu dute diseinuan eta gauzatzeko momentuan. Baina honek izan du oinarri hagitzez zabalagoa. Euskara Batzordeetatik dezente zabaldu dugu plan hau egiteko modua. Denera, 104 lagunek parte hartu dute. Ikuspegi zabalagoa dute, orain artekoek izan ez dutena.

Parte hartze prozesu hori nola gauzatu duzue?

Gogoeta prozesua otsailean abiatu genuen, eta ekainean amaitu zen. Beraz, prozesuak lau-bortz hilabete iraun du. Hasteko, elkarrizketatu genituen euskalgintzan parte hartu duten Bortzirietako zazpi lagun. Elkarrizketak sakonak izan ziren, ordu eta erdikoak. Hortik atera genituen gako batzuk gero lan saioetan landu ditugunak. Lan saioetarako parte hartze zabala nahi genuen. Saioetara 90 lagun inguru etortzea lortu genuen. Guk ez genuen aurreikusi hainbertze etorriko zirenik. Aurreikusia genuen jende gutiago etorriko zela.

Horren ostean, plana osatzen hasi zineten?

Bai. Bi larunbatetan lau orduko saioak egin genituen. Jende anitzek parte hartzeak badu alde ona. Erraten ahal da oinarri zabalak eman duela plan hau egiteko bidea. Baina alde txarra ere badu. Hainbertze jende biltzeak ez du ematen aukerarik gaietan sakontzeko. Akaso, hainbat lan sail azalean gelditu ziren. Baina denbora eman zigun diagnostiko sakon bat egiteko. Ikuspegi kualitatiboa izan dugun sakonena da. Hurrengo lau urteetako planaren helburuak ere zehaztu genituen, eta lan ildo batzuk ere bai. Hala ere, ez zigun denbora eman behar adina zehazteko helburu horiek zein ekintzaren bidez gauzatuko diren. Hori bai, hori bulegoko teknikarien artean egin dugun lana izan da.

Zein da planaren oinarri nagusia?

Planaren oinarria da Bortziriak arnasgune direla euskararentzat. Gainera, gogoeta prozesuan parte hartutako lagun gehienek barneratua zuten non bizi garen, zer den horrelako eskualde bat euskararentzat. Harro egoteko modukoa da, baina erantzukizuna ere eskatzen du horrek, hizkuntza baten birika izate horrek. Hori hartu dugu oinarri filosofikotzat, iruditzen zaigulako ez dela nahikoa euskalgintzatik hurbil dauden sektoreek bakarrik barneratzea, baizik eta Bortzirietako gizarte osoak barneratu behar du.

Zein lan eremutan egingo duzue ahalegin berezia?

Planak lau helburu ditu: lidergoa, kontzientziazioa, balio ematea eta prestigiatzea eta sentimenduak indartzea. Nahiko lotuta daude arnasgune izatearekin. Edozein ekintza eginda ere presente izango ditugu. Oinarri filosofiko eta helburu horiek finkatuta, lanerako hamahiru esparru zehaztu ditugu: familia bidezko transmisioa, euskalduntze eta alfabetatzea, hezkuntza, administrazioa, arlo sozioekonomikoa, aisialdia, gazteak, hizkuntza integrazioa, kulturgintza, komunikabideak eta teknologia berriak, corpusa, egoera soziolinguistikoa eta parte hartzea. Gero, esparru horiek banatzeko, 67 ekintza zehaztu ditugu. Mota guztietako ekintzak daude.

Ekintzen artean, zein nabarmenduko zenituzke?

Urtarrilean hasiko gara ekintzak martxan jartzen. Kasu horretan, ekintza zehatza da, eta ezinbertzekoa da hortik hastea. Baina plan honek hain esparru zabalak hartzen ditu bere baitan, orain arteko egitura motz gelditzen zaigu. Hurrengo urteetarako pentsatu behar dugu beste modu bat lan egiteko. Landu nahi dugun proiektu edo gai bakoitza gai horretako eragileekin landu nahi dugu zuzenean.

Euskararen inguruan bada kezka erabilera dela eta. Nolakoa da egoera?

Nik uste euskararen erabilera handia dela eskualdean; hala adierazten dute kale neurketek. Dena den, lanerako identifikatu ditugun esparru horietako bat da hizkuntz integrazioa. Azken urteotan errepideak-eta dezente konpondu dira, eta, horri esker, gure eskualdera inguruko hirietako jendea etorri da bizitzera. Kasu askotan, jende gaztea da eta haur ttikiak dituzte. Denetik egonen da etorri direnen artean, baina nabari da euskaraz ez dakien jendea dela asko, eta horrek kezka sortu du gure artean. Ikusten dugu beharra sektore horrekin lan egitekoa, haiek ere kontzientzia har dezaten nora etorri diren bizitzera eta zein hizkuntz errealitate dagoen. Erakutsi nahi diegu zer lan egin nahi den euskararekin, eta gonbidatu nahi ditugu prozesu horretan parte hartzera.