Koloreekin dago maitemindua Marin. Eta antzeman egiten da hark apaindutako oihaletan. “Kolorea bizitza dela diote margolari askok, eta niri ere asko gustatzen zait kolorea”. Abilidade berezia du, gainera, tonalitateak aukeratzeko: paisaia ikusi eta zuzenean lotzen du tonu jakin batekin. Adibidez, Baztan gorria dela uste du, eta morea, udaberri partean.
Hori da, hain zuzen, haren fetitxeetako beste bat: Baztan. Ibarreko inguruak islatzen ditu maiz. Natura hila, metak eta larreak. Ez da kasualitatea, izan ere, barne-barnean darama sorleku eta bizitoki duen eremua. “Nire bihotza da Baztan, nire bizitza”. Erakusketan, Marinen urtetako sorkuntzen laginak elkartu dituzte, olio pinturak eta akuarelak, denak marka bereziaz eginda, alegia, kiribil formako zertzeladaz apainduta.
A hizkiaren antzeko zertzeladak artistaren identitate marka bihurtu dira; haren lanak ezagutzeko gakoa. “Kontent” ageri da estilo propio ezagun horrekin. “Zerbait utzi dut koadroetan. Naizen moduan agertzen naiz obretan”.
Haren izana markatzen omen du pieza bakoitzean. Izan hori, baina, asko aldatu da urteetan, Marinen esanetan. Dio ez duela berdin margotzen orain edo duela 20, 30 edo 40 urte, mundua bera “ezberdin” ikusten duelako. Denboraren joanak utzitako markak topa daitezke obretan, hala nola erbestea, atzerrira egindako bidaiak eta Elizondorekin duen lotura. Gai pila bati buruz mintzo dira oihalak, pasarte asko daudelako margolariaren bizitzan.
Pintura: txikitako zaletasuna
Txikitatik zeukan marrazteko afizioa, baina 16 urte bete arte ez zuen garatu. Orduan, Elizondon zela, Ismael Fidalgo joan zen herrira, soldadu. Militarra herrian marrazten aritzen zen, eta Marinek erakusteko eskatu zion. Hala egin zituen lehen urratsak, amatxiren ganberan irudiei forma ematen, Fidalgoren irakaspenpean. Elizondo, baina, txiki geratzen zitzaion Marini, eta haren maisuaren aholkuari jarraiki Madrilera joan zen, Arte Ederren Elkartera teknika ikastera. Betiko lanbide izango zuenaren barrunbeak ezagutu zituen han.
Ez zen hori izan, baina, Baztandik kanpo egon zen aldi bakarra. Haren aitak alde egin zuen 1936an, gerraren eraginez. Horregatik, Marinek berak ere erbestea ezagutu zuen 3 urte zituela, aitarekin batera eraman zituelako amak Frantziara. Euskal Herrira bueltan, gainera, ez zen Elizondora joan, baizik eta Donostiara. Gerraren ondorioz deus ez zeukan familiak, eta Donostian zen izeba batek lagundu zien. Era horretan, 15 urtera izan arte, Marin ez zen horrenbeste maite duen herrira bueltatu.
Herriari eskainitako bizia
Gazte garaian urteak kanpoan pasatu bazituen ere, behin etxera bueltan herria izan du beti arnas-gune margolariak. Baztani lotutako hamaika ekinalditan parte hartu izan du: Baztandarren Biltzarra antolatzen aritu da, Baztango Udaleko zinegotzi izan da, Elizondoko Abesbatzan kantatu du… Beti “saltsan” ibili dela esaten du.
Ardura horrek bultzatuta sortu zuen 2003an Jorge Oteiza museoa. Egitasmoa “lau erok” diseinatu zutela dio. Ondarea mantendu nahi duten lau sortzaile dira, baina. “Museoa egin nahi genuen gurea gordetzeko eta etorkizuneko belaunaldiei erakutsi ahal izateko”. Hamar urte daramatza jada martxan aretoak. Marin “harro” dago egindako lanarekin. Etorkizunari begira egiten du: “Garrantzitsua da jakitea nor garen eta nondik gatozen”. 80 urte dituen arren, ekinerako gogoz dago oraindik. “Ni ezin naiz egon margotu gabe. Ase egiten nau pinturak”. Hala mintzatu da. Esaldiak laburbiltzen du haren izaera. Horrelakoa baita Marin, pintzelei lotutako sortzailea.