Yolanda Barcinak ziurrenik hasperenka amaituko du 2013a. Ingalaterrako erregina parafraseatuz, anuus horribilis izan da UPNrentzat. Urtarrilean inor gutxik susmatuko zuen gobernua erortzear izango zela. Hala ere, Barcinak jakin du aurkarien kolpeen erauntsiari eusten, eta, Gorenaren erabakiak lagun, zutik jarraitzeko balio izan dio.
A. Alvaro Miranda
Presidenteorde ohiak inputatu gisa deklaratu zuen apirilaren 16an. “Beti lan egin dut zintzo, nire lurraren alde”. Epailearen aurrean esan zuen legeak zioenaren aurka ez zegokiola gobernuari Nafarroako Kutxako kontuak kontrolatzea. Epaileari legea nola interpretatu aholkatzen ere ausartu zen. Auziaren artxiboak Iruñerriko Mankomunitateko goi kargudunaren lasaitasunera itzularazi du.
B. Benito epailea
Utzi dioten tokiraino heldu da Maria Paz Benito epaile instruktorea. Pertsona esanguratsuen aurka jo izanaren ondorioz, presio handiak jaso zituen, baina bereari eutsi zion, eta instrukzio zorrotza egin zuen. Ikerketari esker jakin zen CANeko Batzorde Iraunkorreko kideek zenbat kobratu zuten, araudietatik at nola antolatu zuten organoa, akta batzuk manipulatu zituztela eta bileretan ezer ez egiteagatik dirua kobratzen zutela. Auzia artxibatu behar izan zuen, baina agintarien moral falta argi geratu zen.
C. Catalan, Alberto
Bere unea zen UPNren buruzagitzara iristeko. CAN auzian ez zegoen zipriztinduta. Operazioa prest zegoen: balizko garaipen batek PSNrekin berriz akordioa egiteko aukera ematen zion. Porrot egin zuen. Diario de Navarra-k lagunduta, Barcinak irabazi zion.
D. Dietak
Urteko hitza da. Aurten jakin da zenbat diru kobratzen zuten UPNko eta PSNko politikari esanguratsuek juridikoki aholkuak ematea beste funtziorik ez zuen organo batean biltzeagatik. Aurten jakin da Miguel Sanzek 62.817 euro garbi irabazi zituela, Yolanda Barcinak 43.236 euro eta Roberto Jimenezek 34.340 euro. Aurten jakin da egunean bi eta hiru aldiz biltzen zirela eta egun bakarrean 5.600 euro kobratzen zituztela. Aurten jakin da ez zutela ezer egiten bileretan. Aurten ez du inork dimititu.
E. Enrique Goñi
Otsailaren 19an, parlamentuan agerraldi luzea egin zuen, eta aurrezki kutxako buruzagi guztien erantzukizuna saihestu zuen, berea barne. Autokritika bakarra egin zuen: ez zuela behar beste defenditu kutxa, kanpoko kritiken aurrean. Haren esanetan, aurreikusi ezin zitekeen finantza tsunamiaren ondorioz amaitu zuen CANek Caixabanken eskuetan. Parlamentarien galdera ugari erantzun gabe utzi zituen, eta agerian geratu zen horrelako agerraldiek aurpegia zuritzeko baino ez dutela balio.
F. Fundazioa
Egun, CANen, Nafarroako erabakigune bakarra fundazioa da. Caixabanketik iritsitako irabaziak kudeatzen ditu, gizarte ekintzara bideratzeko. Gobernuak izendatutako batzorde batek bere estatutuak jorratu zituen ekainean, gobernu onaren printzipioen arabera. Beranduegi.
G. Gorena
Dieten auzia gainetik kendu zuen Auzitegi Gorenak uztailean. Etikoki gaitzesgarriak izan zitezkeen jarrerak antzeman arren, eroskeria desegokirik ez zegoela ebatzi zuen. Barcina inputatu eta Nafarroan sute politikoa eragin baino, nahiago izan zuen eskuak garbitu eta auzia artxibatu.
H. Helegiteak
UPNk nahierara ulertzen du autogobernua. Parlamentuko gehiengoak onartutako foru legeen aurka Espainiako Gobernuak 11 helegite jarri ditu honezkero Auzitegi Konstituzionalean. Helegiteok eta Espainiako Gobernuak ezarritako oinarrizko legediek Nafarroako foraltasuna mehatxatu arren, gobernuak beste aldera begiratu du. Abertzaleen mamua astindu du.
I Isidro Faine
Nafarroako Kutxako buruzagi berria, Isidro Faine Caixabankeko presidentea, Nafarroan izan zen urriaren 15ean, eta, agidanez, Barcinari eskua bota nahi izan zion. “Nafarroara natorrenean paradisura natorrela sentitzen dut”. Faineren esanetan, nafarrak ezin dira bizi-kalitateaz kexatu eta, Espainiako lurraldeen aldean, egoera “hobean” daude.
J. Javier Taberna
Urteak joan, urteak etorri, Javier Tabernak Merkataritza Ganberako zuzendari nagusi gisa segitzen du. 1991tik botere ekonomikoaren hariak mugitu eta Enrique Goñi aurrezki kutxara sartzeko rol erabakigarria jorratu zuen pertsonalitate horrek iaz saria eman zion bere lagun min Antonio Catalani. Urrian “egonkortasun politikoa” exijitu zien alderdiei, azken 22 urteetako egonkortasun bera. Azken finean, Tabernak betiko Nafarroa nahi du. Lagunartekoa.
K. Kontuz
UPNko agintarien aurtengo amesgaizto bihurtu da Kontuz elkartea. Haren salaketak abiarazi zuen auzi judiziala, eta euren ikerketek aurrezki kutxako hainbat inbertsio ilun azalerazi dituzte: dietak, eraikuntza enpresaburuei erositako zoruak, Tenaria, Oexia, AC Hoteles… Mehatxu eta presio ugari jaso arren, gizarteko sektore zabal baten babesa jaso du.
L. Lourdes Goikoetxea
Zor publikoak nabarmen egin du gora, eta zerga bilketan BEZ zergaren bilakaerak zuloa eragin du. Altxorrean zuloak izaki, Goikoetxea kexu azaldu da Mirandarengandik jasotako ondareagatik eta oposizioak behin eta berriz azalpenak eskatu dizkiolako. Bai astuna demokrazia!
M. Maia, Enrique
Inputatua egon zenean, burumakur, bere errugabetasuna aldarrikatu zuen, eta kontzientzia “lasai” zuela adierazi. Batzorde Iraunkorreko bileretan “lan egin” zuela zioen. Txupinazoan ikurrin erraldoi hura jartzea egotzitako pertsonak atxilotzean, erruduntzat jo zituen, eta “iruindarrei irain egitea” egotzi zien. Epaitzeko, bi neurgailu ditu Maiak: estua berekiko, zabala besteekiko.
N. ‘Navarra’
Gobernua zenbat eta ahulago egon, mamu ugari azalerazi ditu UPNk: arlo publikoan ezker abertzaleak D eredua politizatzeko arriskua; sanferminetan ikurrinak herritarrei irain egitea; tarta bidezko terrorismoa; marrazki bizidunak euskaraz ikusteko ilegalitatea… Navarra inguratuta dago, mehatxupean.
O. Oesia Network
Kontuz-ek aurten salatu du afera. 2009 eta 2010 artean, Cajasolek eta Nafarroako Kutxak galerak zituzten bi inbertsio partekatu zituzten: Guascor eta Oesia Network. CANek Oesiaren %19 erosi zuen 44 milioi euroren truke —urtebete lehenago %10 erosi zuen 22,4 milioiren truke—. Hiru urtetan Oesiak 57 milioi euroko galera eragin zion CANi.
P. PSN
Gobernua ahul eta gutxiengoan egonagatik, PSNk ez du aurrerapausorik eman. Azken finean, Alfredo Perez Rubalcabak martxoan argi utzi zuen hauteskundeak ez zirela aurreratu behar, eta aholku hura zintzo bete du, nahiz eta Barcinari bozak aurreratzeko behin eta berriz exijitu. Eskizofrenia horrek arrazoi bakarra du. Laugarren edo bosgarren indar izateko beldur da.
R. Ricardo Marti Fluxa
Kontuz-eko ikerketa taldeak aurten kaleratutako El Banquete liburuan argi geratzen da Espainiako segurtasun idazkari ohiak funtsezko rola izan zuela CANen gainbeheran. Ez da Nafarroara etorri azalpenak ematera. Madrilen dago, higiezin sektorearen lobby-ko eledun gisa.
S. Sanz, Miguel
Tragoxka garratza irentsi behar izan zuen inputatu gisa deklaratzean, auzia artxibatu zenean. UPNren norabiderik ezaz kezkatuta, hauteskundeetan bakarrik joateko komenigarritasunaz aholkatu zion Barcinari. Sanzek gaztatxoaren teoria errepikatu nahi du.
T. Tartak
Urteko metafora. Ezer ez egiteagatik dieta oparo eta ilegalak kobratu zituzten politikariak, presidentea barne, onik atera dira epaitegietatik. Frantzian Barcinari merenge tartak jaurti zizkioten ekintzaileei, berriz, bi urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak.
V. Vialogos
Kontuz-en beste ikerketa bat. Nafarroako Kutxaren proiektu hartako zuzendari izan zen Enrique de Mulder. Lau urtez, Vialogosek 2,6 milioi euro ordaindu zizkion bere emaztearen enpresari. Ez du inongo azalpenik eman.
Y. Yolanda Barcina
Ozta-ozta salbatu du urtea. Lehenik, UPNko Kongresua boto gutxigatik irabazi zuen. Gero, EH Bilduk aurkeztutako zentsura mozioa gainditu zuen, PSNren abstentzioak lagunduta. Azkenik, Gorena etorri zen erreskatera, eta inputazioa saihestu zuen. Alderdi barruko kritikak ez ditu gainditu. Estrategiarik ez duela diotenei erantzun die: abertzaleenganako beldurra da bere taktika bakarra botereari eusteko.
Z. Zentsura mozioa
EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztu zuen, eta Juan Carlos Longas izan zen hautagaia. Helburua zen mozioa aurrera atera eta lehenbailehen hauteskundeetara deitzea. Besteek kritikatu arren, erretratu fidela islatu zuen bozketak. PSNren abstentzioa Barcinaren aldeko boto bihurtu zen.