Barricada: hiru aldiz agur rockari

Musika egin nahi zuen gaztetxo talde bat oholtzara igo zen Iruñeko Txantrea auzoan, 1983ko apirilaren 8an. Herritarrek iganderoko azokan erosketak egiten zituzten bitartean, rock doinuak sortzeari ekin zioten hiru taldekideek: Javier Hernandez Boni gitarra jotzailea, Jose Landa bateria jotzailea eta Enrique Villarreal Drogas abeslari eta baxu jotzailea ziren, hain zuzen ere. Kontzertu hori izan zen Barricada rock taldearen sorrera. Orain, agur esan dute, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Ez behin, baizik eta hirutan. Izan ere, iragarri zuten azaroaren 23an utziko zutela oholtza, baina sarrera guztiak ordu batzuen buruan bukatu, eta 22rako prestatu zuten bigarren kontzertua. Azkenean, publikoaren eskaerari erantzun nahian, azaroaren 16an ere hirugarrena eman behar izan zuten. Hiru agur saio egin dituzte, beraz, mila kontzerturi baino gehiagori amaiera emateko.

Boniren erabakia dela eta

Boni gitarra jotzaileak erabaki du uztea, beste proiektu batzuetan murgiltzeko. Hark alde eginda, “natural” hartu dute gainontzekoek taldea desegiteko hautua. Bonik, hala ere, uste du ez dela “inoiz” bukatuko: “Barricada ez da sekula desagertuko, rockak, uzten dituen lorratz ezabaezinei esker, ez lurruntzeko bertutea duelako”.

Hark esan duen moduan, ondare oparoa utzi dute: 1983ko Esta es una noche de rock & roll lehen diskotik abiatu eta 2012an kaleratutako Quedan caminos por recorrer azken lanera arte, hamaika obra, ikuskizun eta kolaborazio ondu dituzte. Tartean, platinozko diskoa irabazi dute, Por instinto lanari esker.

Urteen poderioz, ohikoak izan dira Barricadako musikarien sartu-irtenak. Adibidez, Drogasek, ahots eta taldekiderik ezagunenak, 2011. urtean utzi zuen taldea. Aurten, lau musikarik eman diote amaiera Barricadaren ibilerari: Alfredo Piedrafitak, Javier Hernandez Bonik, Ibon Sagarnak eta Asier Izetak. Aldaketak aldaketa, izaera mantendu du Barricadak.

Hori dela eta, izan zena eta dena gogora ekarri dute azken emankizunetan: 32 abestiren bitartez, diskografia osoaren errepasoa egin dute. Agertokietatik alde egin arren, rockari emandakoa hor geratuko da “betiko”, taldeari buruzko ElectriKaos liburuaren idazle Fernando Garaioak dioenez. “Rocka ulertzeko eta egiteko modu berezi bat da utzi diguten ondare nagusia. Kalean bizi izan dutena eraman dute oholtzara”.