Liga eta Kopako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu, horrela zioen Itxakoko jokalariek 2011-2012ko ligako azken partidan atera zuten pankartak. Hala da, Lizarrako taldeak Espainiako Liga eta Kopa irabazi zituen. Horretaz gain, Txapeldunen Ligako finalera heldu ziren, eta zortzi hilabetean ez zuten kobratu. Hurrengo denboraldirako dozena bat jokalarik eta entrenatzaileak alde egin zuten. Uda horretan, Itxakoko hainbat jokalarik Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu zuten. Profesionalak dira, eta euren lanagatik kobratu egiten dute. Itxakon hori ezinezkoa zuten. Azken denboraldian, talde apalarekin eta egoera zailean Ohorezko Mailari eutsi dio taldeak. Baina abuztuan dena bukatu zen, 1,6 milioiko zorra zuen Itxakok (Osasunak 50 milioi euro inguruko zorra onartu du aurten). Babeslerik ez, eta erakunde publikoen laguntzek behera egin zuten. Goi mailako eskubaloi talde bat galdu zuten Nafarroak eta Europak.
Hamaika titulu hiru urtean. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Espainiako txapelketetan jaun eta jabe izan da Itxako azken urteetan. Europan izena hartzen hasi zen Lizarrako taldea. EHF txapelketa irabazi zuten 2009an, eta 2011. urtean Txapeldunen Ligako finalera heldu ziren. Baina oraindik garrantzitsuagoa dena, taldeak batasuna eta giro ona lortu zuen. Nerea Pena Itxakoko jokalari ohiak Hungariako FTC Rail Cargo taldean jokatzen du gaur egun. Pozik dago Hungarian eman dioten aukerarekin. Baina ez du ahazten Lizarrako giroa. “Han genuen giroa ez dugu hemen. Hizkuntza bera muga da horretarako”. Hala ere sakelakoaren bidez kontaktuan jarraitzen dute Itxakoko jokalariek. “Sekulako oroitzapen politak ditut elkarrekin egindako gosariez, geletako solasaldiez eta egiten genituen paseoez”. Pena handia hartu zuen Itxako desagertu zenean, baina berak argi dauka zer gertatu den. “Itxako ez da desagertu, desagerrarazi egin zuten. Eta horrek amorratzen nau.
Andrea Barno zen taldeko kapitaina; bederatzi urte eman zituen Itxakoko elastiko horiarekin. Berak 2011-2012ko denboraldian utzi zion eskubaloian jokatzeari, Londresen brontzezko domina irabazi ostean. Orain, entrenatzaile lanetan dabil Lizarreria taldean, Itxakoren beheko mailak jaso dituen egitasmoan.
Azken urtea gogorra izan zen Itxakoko kapitainarentzat. “Psikikoki gogorra izan zen, eta ni, gainera, kapitaina nintzen. Urte desatsegina izan zen: zortzi hilabete kobratu gabe, egunero lanean eta lehiatzen, irabazten… Eta burua kirol kontuetan bakarrik izateko ahalegina egiten; gogorra izan zen”. Itxakoren desagerpena ez da egun batetik besterakoa izan. “Guk prozesu bat izan genuen, eta ez zen bakarrik gure azken urteko kontua, hura atzetik zetorren”.
“Ez dago egitura sendo bat; ez dago benetako plangintzarik; dena dago airean”, dio Barnok. Eskubaloiaz ari da, baina beste hainbat kiroletara zabal daiteke gogoeta. Union Navarra Basket taldea ere desagertu da, eta Lagunak futbol taldea bigarren mailara jaitsi da. Kudeaketa dela eta, engainatua sentitu da. “Guri ez ziguten inolako arazoren berririk eman, ezta bazkideei ere”. Atzera begira jarrita, zorioneko sentitzen da. Jokalari profesionalak baitziren.