Vera, polemika iturri

Osasun arloari buruz gutxi zekiela esanda hartu zuen Marta Verak Osasun Departamentuko kontseilari kargua, 2011ko uztailean. Geroztik, ez dira gutxi izan haren kudeaketaren harira sortutako polemikak: Nafarroako ospitale publikoko sukalde zerbitzuaren pribatizazioa, abortuak klinika pribatuetan egiteko ituna, osasun sistema erreformatzeko saioa, lehen arreta berrantolatzeko plana eta murrizketak. Gatazka horiek denak piztu dira. Dena den, ez da arrazoi nahikoa izan kexak jasotzea eta osasun esparruko sindikatu guztiak kontra izatea, kontseilariak bere lana ezbaian jartzeko. Hainbat alditan eskatu dio oposizioak departamentuko kargua uzteko. Baina Verak argi dauka: ez du dimisiorik aurkeztuko.

Bakterioak, barraskiloak eta zirindola bat. Horiek dira, besteak beste, Nafarroako ospitalean egondako gaixoek menuetan topatutakoak. Pribatizazioaren ondorioz, urtarrilaren 21ean Mediterranea de Catering enpresak ardura hartu zuen ospitaleko sukaldeen zerbitzua kudeatzeko. Geroztik, hautsak harrotu ditu menuen gaiak. Kexa ugari jaso ditu, elikagaien kalitate eskasa dela eta. Larriena abuztuan jarri zioten, eri batek platerean metalezko filamentuak aurkitu ondoren. Kontseilariak garrantzia kendu zien gertaerei, eta “normala” iruditu zitzaion “gorabeherak” egotea zerbitzuan: “Egunero zortziehun menu ematen dituzte, bost aldiz. Gorabeherak gertatzen dira”. Osasun ikuskatzaileak 22 huts topatu zituen ospitaleko sukaldean. Azkenean, Nafarroako Gobernuak 6.000 euroko isuna jarri zion enpresari. Zigorra jarrita ere, egun Mediterranea de Cateringek jarraitzen du lanean.

Abortua izan da ikusmiran egon den beste gaietako bat. “Haurdunaldiak sare publikoaren bidez etetea ez da lehentasuna”. Hala mintzatu zen Vera, apirilean egindako agerraldi batean. Hilabete berean, hitzarmena egin zuen klinika pribatu batekin, abortuak bertan egiteko. Sare publikoan abortu bat egiteak 205 eta 220 euro arteko kostua badu ere, Verak nahiago du sare pribatuan egitea, Osasun Departamentuari 454 euroko gastua ekarri arren.

Bestalde, profesionalen kontrako iritzia jaso du hark bultzatutako lehen arreta berrantolatzeko planak ere. Familia medikua aldatu behar izan dute 6.000-8.000 pertsona inguruk. Medikuek esan dute lan karga handitzen diela.

Denek egin diote kontra

Kontseilariak agindutako aldaketak ez dagozkie soilik esparru jakin batzuei; osasun sistema osoaren erreforma egiten ere saiatu zen, baina orduan gaizki atera zitzaion ahalegina. Irailaren 2an, parlamentuko oposizioaren gehiengoa osasun dekretuaren aurka aurkeztu zen. UPNk eta PPk baino ez zuten babestu. Orduan, oposizioko alderdiek leporatu zioten osasun arloko eragileak kontuan eduki gabe jardutea. Baita Nafarroako Osasun Plataformako kideek ere: “Aldaketak egin eta gero eman dute haien berri, osasun arloko sektore mahaiarekin inolako negoziaziorik egin gabe”, esan zuen plataformako kide David Mendazak. Orain, urtebete dauka gobernuak beste plan bat aurkezteko. Osasun esparruan dabiltzan profesionalek esperantza dute haien iritzia aditua izateko.