Nafarroa, parkerik parke

Parkeak ez dira soilik hiriak edertzeko, beste hamaika eginkizun dituzte”, dio Oscar Perezek, Gorosti natur zientzien elkarteko kideak. Azaroan, Nafarroako parke eta lorategien gida argitaratu zuten. Lau urtez aritu dira lanean Gorosti elkarteko flora ataleko sei kide. Nafarroa osoko hamabost parkeren gidak osatu dituzte, gehienak Iruñerrikoak. Egileen aburuz, “edozeinentzat” da gida. “Ez da soilik landareekiko interesa duen jendearentzat, mundu guztiarentzat da, besteak beste, parkeen ondoan bizi direnentzat eta kanpotik datorren jendearentzat”, dio Perezek. Hala ere, norbaitek gida berria eskuratu nahi izanez gero apur bat itxaron beharko du. Hilabete batean ale guztiak agortu zitzaizkien. Orain, hainbat udalekin negoziatzen ari dira gida berriz argitaratzeko.

Parkeek garrantzi handia dute hirien egunerokotasunean. Gehienetan, arlo estetikoari baino ez zaio arreta jartzen, baina hori baino askoz gehiago dira. “Parkeek, besteak beste, udan hiriko tenperatura freskatu, ingurumeneko kutsadura gutxitu eta ur azpiko lurrak mantentzen laguntzen dute”, azaldu du Perezek. Nafarroan ehunka parke daude, baina Gorosti elkarteko kideek hamabost aukeratu dituzte gida osatzeko. Parkeak aukeratzeko orduan, garrantzia, gertutasuna eta norberaren sentimenduak izan dira irizpide nagusiak. “Nafarroako parke guztien artean, zeintzuk jarri erabaki behar genuen; ehunka parke daude, eta egiten ari diren auzo berri guztiekin, gero eta gehiago”, dio Perezek. Lantaldea osatzen duten gehienak Iruñean bizi dira, eta hori nabaritzen da gidan, hamabost parketatik gehienak Iruñean baitaude. Adibidez, Media Luna, Runa, Maiteminduak, Yamaguchi, Mendillorri eta Takonera parkeak daude gidan. Iruñetik kanpo zazpi parke daude. Hala ere, horietako hainbat Iruñerrian daude: Burlatako Uranga, Noaingo Zentzumenena, Artikako Lurrunena eta Barañaingo Lakukoa. Iruñerritik kanpoko parkeak Lizarrako Los Llanos, Tafallako Kondearen parkea eta Tuterako El Bocal dira.

Parke bakoitzeko gida bat egin dute Gorosti elkarteko kideek. Gida horietan, parke bakoitzeko mapa dago, eta horrekin batera, bertan aurki daitezkeen hainbat zuhaitz eta zuhaixkaren argazkiak eta azalpen txikiak. “Zuhaixka eta zuhaitzekin parkeekin bezala gertatu zitzaigun. Zenbat jarri behar genituen? Eta zeintzuk? Azkenean, parke bakoitzeko 24 espezie jartzea erabaki genuen. Horrela, jarri ditugun argazkiak ondo ikusten dira”, azaldu du Perezek. Espezie bakoitzeko bi argazki jarri dituzte. Lehenengoan, landarea bere osotasunean agertzen da, eta bigarrenean, xehetasunen bat, hostoa edo lorea adibidez. Landare bakoitzak, argazkiarekin batera, izen zientifikoa eta izen arrunta dauzka jarrita. “Guk jendarteratzeko lana egin nahi dugu. Horregatik jarri ditugu izen arruntak. Baina ezinbestekoa zen izen zientifikoa jartzea, hainbatetan izen arruntak zehaztasun falta dakarrelako”, adierazi du Perezek.

Gida sei lagunen artean egin dute: Ana Blanco, Anika Meyer, Gorka Arribas, Isabel Izkue, Stella Lopez de Vinuesa eta Oscar Perezen artean. Zenbat buru, hainbat aburu. Hori izan da lanaren alderdirik gogorrena Perezentzat, ados jartzea. “Bakoitzak modu batera egin nahi genuen. Orduak eman ditugu gauzak nola egin nahi genituen eztabaidatzen. Batzuetan ezinezkoa izan da. Planoak bi pertsonaren artean egin dituzte. Ez ziren ados jarri, eta azkenean nork berea egitea erabaki zuten”, azaldu du Perezek. Hala ere, elkarlanean aritzeak gauza onak ere badituela uste du. “Diseinu aldetik nahiko ondo atera dela uste dut. Horrenbeste jenderen artean xehetasun guztiak lotzea errazagoa da”.

Gidan dauden parkeak oso ezberdinak dira euren artean. Batzuk jendearen aisialdirako gune berdeak dira, Iruñeko Arrotxapea auzoan dagoen Runa parkea bezala, eta beste batzuk lorategiak, helburu estetiko handiagoa dutenak. Horietako bat Burlatako Uranga parkea da. “Sartu bezain laster konturatzen zara Uranga parkea ezberdina dela. Arreta handiarekin eginda dago, estatuak daude, belarguneak mugatuak daude, landare apaingarriak eta abar”, dio Perezek.

Nafarroako parke eta lorategien gida Gorosti elkartea osatzen ari den Nafarroako ondasun giden bildumaren laugarren zenbakia da. Orain arte, flora, onddo eta hegazti eta ugaztunen gidak publikatu dituzte. Parke eta lorategien gida argitaratzeko hainbat arazo izan dituzte, gehienbat ekonomikoak. Orain arteko lanak Nafarroako Kutxaren laguntzen bidez argitaratu dira. Baina azkena ateratzeko laguntzak asko jaitsi ziren, eta nola edo hala aurrera ateratzea lortu zuten. “Editorialak giden prezioa jaitsi zuen, eta elkarteak ere dirua jarri zuen; horrekin lortu genuen lana argitaratzea. Baina ez genekien zer-nolako harrera izango zuen parke eta lorategien gidak, eta, horregatik, ehun bat baino ez genituen atera. Nik uste nuen gutxi zirela, baina ez horren gutxi. Hilabete batean denak agortu dira”, esan du Perezek. Gorosti elkarteko kideak pozik daude jasotako harrerarekin, euren helburua egindako lana ahal bezainbeste zabaltzea baita. Horregatik nahi dute gida berriz argitaratu.