Lehenik eta behin, orain arte errateko aukerarik izan ez dudanez, urte berri on denoi! Pentsatzen dut ongi hasi izanen duzuela urtea, ezta? Xanpaina aurrean eta hurbilekoak inguruan. Hurrengo egunean ezertaz ez akordatzeko adina edan, eta aurrera! Ongi etorri, 2014! Hori omen arruntena. Ba nik ez dizuet gezurrik errango, nahiko kezkatuta hasi dut urtea.
Gogoratzen duzue aurtengo Iruñeko sanferminetako txupinazoan gertatu zena? Ez naiz ari alkate jaun txit gorenak delitutzat jo zuen ekintza hartaz, delitutzat jo beharko litzatekeen baina inongo garrantzirik ematen ez zaion horretaz baizik. Badirudi emakume batek galtza estuak eta kamiseta hautsi bat jarriz gero eskubidea ematen diela inguruan dituen gizaseme guztiei nahi duten beste ukitzeko. Zer esanik ez titi bistan jarrita. Gizon eta mutilak gizaki izatetik gizotso izatera igarotzeak beldurra ematen du. Ez da ilargi betearen eragina, ordea. Emakumeak “bultzatzen” ditu horretara, eta alkoholak kentzen die lotsa. Lotsagarria! Emakumearen sexu askatasunaren aurkako erasoak etengabeak dira halakoetan, eta bada garaia begiak ireki eta eskuak poltsikoan gordetzeko.
Bada antzeko zerbait ikusi nuen Urtezahar egunean. Askok uste dute horrelakoak ez direla txupinazoan gertatutakoa bezain larriak, baina ni ez naiz iritzi berekoa. Zer gertatzen zaie gizonezko batzuei emakume lirain eta erakargarri bat aurrean jartzen zaienean? Gizakiak eta animaliak ustez bereizten gaituen arrazionaltasuna alde batera utzi, eta animaliek daukaten intuizioz jokatzen dute.
Uste dut jakin beharko zenuketela urte berriak ez dizkizuela eskubide berriak eman, ez behintzat emakumeen eskubideak urratuko dituztenak. Normala deritzot Urtezahar gauean “urte berri on” esan eta bi muxu emateari. Agian besarkada bat ere eman daiteke. Hor ere faltsutasunean eror gaitezke, baina ez naiz kontu horretan sartuko orain. Dena den, besarkada bat emateak ez du erran nahi eskuak gerritik beherantz eraman eta ipurdian jar ditzakezuenik! Zuen aurrean dagoen pertsonak hala nahi badu, zorteko zaudete! Orduan elkar laztandu, gozatu eta zirikatu… Baina bertzela ez!
Zuen adiskidea, ezaguna edo dena delakoa bertzetan baino ederrago dagoela uste duzue? Beharbada, pertsona horrek soineko eder eta makillaje kapa baten azpian bere buruarekiko segurtasunik eza dauka. Emakumea beti da ederra, baina, zoritxarrez, hori askotan ahaztu egiten zaigu. Eta batzuetan, hobeto sentitzeko, pinturara jotzen dugu. Hala da. Baina, nik dakidala, begiak pintatzean ez da inon idazten “ukitu nire ipurdia lasai. Horretarako dago eta”. Ezta ezpainak margotzean ere. Oraindik gutxiago soineko estu bat jartzean.
Urte berriarentzat, hori da nire eskaeretako bat. Askotan eskatu dudan zerbait da, baina oraindik zantzu okerrak ikusten ditut tarteka. Behar baino gehiagotan egia erran. Hori dela eta, bi mezu helarazi nahiko nituzke lerro hauen bidez. Lehena, gizonezkoentzat: sekula ez pentsatu zuek nahi duzuen guztia ukitu nahi izateagatik emakumeek ere nahiko dutenik. Agian bai. Galdetu. Emakumeentzat: zuen gorputzari eraso diotela sentitu baduzue, ez gelditu isilik zuen laguna delako eta haserretzeko beldurra duzuelako, erran ozen zuen gorputza dela eta zuek erabakiko duzuela zer egin harekin! Nork ukitzea nahi duzuen eta nork ez! Ez izan beldurrik!
Urte berri on denoi, eta besarkada estu bana!