Duela hamalau bat urte hasi zen sagardoa ekoizten Juan Mari Lopez Linddurrenbordako arduraduna (Oiartzun, Gipuzkoa, 1972). Badira urte batzuk sagardoa egiteko inguruko sagarrak soilik erosten dituela. Etxe inguruan duen sagastikoez gain, Oiartzun eta Bortzirietatik ekartzen ditu, besteak beste. Aurten, Nafarroako Sagardogileen Elkarteak Linddurrenbordan eman dio hasiera sagardo denboraldiari. Egindako sagardoarekin “pozik” dagoela onartu du.
Nolakoa da aurtengo sagardoa?
Nik uste hemengo sagarrarekin egiten den gainontzeko sagardoen berdintsua dela gure sagardoa. Akaso, ez da beste urte batzuetakoa bezalakoa izango, baina sagardo ona dela esango nuke. Inguruko sagarra baliatzen dugu. Badira bost-sei urte ez dudala kanpotik ekarri. Dastatu ordurako, berehala ikusten da hemengo sagarrarekin egiten den sagardoa dela, eta hori gustatzen zait.
Zer dela-eta ez duzu erosten sagarrik kanpotik?
Batetik, nire ekoizpena ez da sagardotegi handiena bezalakoa, eta, horri esker, hemengo sagarrarekin nahikoa dut. Bortzirietan, Malerrekan eta Oiartzun aldean lortzen dut behar dudan adina sagar. 2013a oso urte oso euritsua izan da, eta horrek sagar kantitatean eta sagarraren zaporean eragin zuzena izan du; ez zen behar bezala hazi eta gozatu. Beste fruitu askorekin ere gauza bera gertatu da: tomatearekin, esaterako. Udaberria ere txarra egin zuen, eta horrek urte guztia baldintzatu zuen. Ez da izan beste urteetakoa bezalakoa, ez kopuruz, ez kalitatez.
Etxean beti egin izan duzue sagardoa?
Ni, berez, oiartzuarra naiz, eta txikia nintzela etxean sagardoa egiten genuen. Noizean behin, ondoko dolare batetik ere ekartzen genuen sagardoa. Beti izan dugu harremana. Adin batetik aurrera, sagardotegietara joaten hasi ginen, bateko bertsoengatik edo bestelako aitzakia batengatik. Esan daiteke giro horretakoak izan garela; sagardotegietako giroa atsegina zaigu.
Noiz ireki zenuten sagardotegia?
Lesakara etorri, eta 2000. urtean sagardotegia ireki genuen. Lehen urteetan, Oiartzundik ekartzen genuen sagarraren zukua. Baina badira hamabi bat urte sagardoa egiten hasi ginela. Orain arteko ibilbidearekin oso pozik gaude.
Duela astebete hasi zen Nafarroako sagardo garaia. Nola joan da lehenengo aste hau?
Oso ondo. Sagarraren urtea nolakoa izan den ikusita, azkenean franko konforme gelditu naiz. Jendea ere nahiko gustura dago. Hemendik aurrera ikusiko dugu nola joango den. Guk urte guztian irekitzen dugu ostatua, baina sagardoa barriketan sanferminak arte izaten dugu. Txotxeko menua izaten dugu urtarriletik maiatzera bitarte.
Azken urteetan sagardotegietan izan diren aurrerapenek sagardogileen lana erraztu dute?
Inolako zalantzarik gabe. Esaterako, upelei dagokienez, lehen egurrezkoak erabiltzen ziren, eta orain, berriz, altzairu herdoilezinezkoak edo poliesterrezkoak erabiltzen ditugu. Sagardoa botilaratzeko garaian ez duela eragin handirik uste dut. Batez ere, upela garbitzeko garaian errazten dute lana, errazago garbitzen baitira. Egia da sagardoa ere hobeki mantentzen dela upel berrietan, denbora askoan mantendu behar bada, batez ere.
Dolarean ere aldaketarik bada?
Nahiko dolare zaharra dut, baina motor baten laguntzarekin mugitzen da. Horri esker, sagardoa egitea ez da hain lan nekeza, egia esan. Sagarra biltzeak ematen dit niri lan gehien, eskuz egiten delako.
Sagardogileen lana ezezaguna da askorentzat. Irailean sagardoa egiten hasi zinetenetik gelditu gabe ibiliko zarete, ezta?
Hala da. Gainera, sagardiak ditugunok ere horiek zaindu behar izaten ditugu. Oiartzunen badut hamar urteko sagardia, Lesakan hogei urte baino gehiagokoa eta orain hiru urte inguru landatutako hektarea eta erdi. Azken finean, urte guztiko lana da. Gainera, jatetxea ere urte osoan irekita egoten denez, urte guztiko lana izaten dugu.
Nafarroako jendea ohitu da bertako sagardotegietara joaten?
Baietz esango nuke. Lesaka inguruko jendeak badu etortzeko ohitura. Zona honetan bi sagardotegi daude: bat, gurea, eta bestea, Lekarozkoa. Baztan, Malerreka eta Bortzirietakoek badute sagardotegietara joateko joera. Inguruko jendearekin egiten dugu lan gehien. Ipar Euskal Herritik ere jende asko etortzen da. Hala ere, sagardotegia txikia da, eta, beraz, gehienak sagardoa dastatzera etortzen dira. Niri hori gustatzen zait bereziki.