Asier eta biok grabatu zenean, Asier Aranguren preso ohia zen. Egun, preso dago berriro; EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldeko kideen kontrako operazioan atxilotu eta astelehenean Aranjuezen espetxeratuzuten. Aranguren eta Aitor Merino (Donostia, 1972) dira Asier eta biok filmeko protagonistak. Aitor eta Amaia Merino anai-arrebek zuzendu dute filma. Eurekin batera, Doxa produkzioetako Ainhoa Andraka eta beste hamaika lagun aritu dira produkzio lanetan. Filmak Aranguren eta [Aitor] Merinoren adiskidetasuna du oinarri. Baina helburua euskal gatazkaren beste ikuspegi bat azaltzea da. Merino anai-arrebek urteak daramatzate Euskal Herritik kanpo. Ezagutu duten ezjakintasunak bultzatu ditu filma egitera.
Zer iritzi duzu Arangurenen espetxeratzeaz?
Filmaren espirituaren aurka doa erabat. Filmak adiskidetzearen, elkar ulertzearen eta errespetuaren alde egiten du. Uste dut gertatu denak filma oraindik beharrezkoagoa egiten duela. Estatuko jendeak ezagutu behar du komunikabideek kontatzen ez duten beste bertsio bat dagoela. Broma makabroa dirudi horrek guztiak. Estreinaldiaren astean Asier espetxeratu dute, gatazkaren konponbidearen alde lan egiteagatik. Asier eta biok euskal gatazkari buruzko beste kontakizun bat baino ez da. Normalean medioek azaltzen ez duten errealitate hori kontatu nahi dugu. Hori da helburu nagusia, indarkeria testuinguru batean sortutako adiskidetasun istorio bat kontatzea.
Nola sortu zen filma egiteko ideia?
Ideia Amaiari bururatu zitzaion, Asier espetxean zegoela. Hasieran ez genuen batere zehaztu zer egingo genuen, baina argi genuen Asierri buruzko filma egin nahi genuela. Arreba eta biok urteak daramatzagu kanpoan bizitzen. Ni 16 urterekin joan nintzen Madrilera, eta Amaiak urteak daramatza Ekuadorren. Askotan azaldu behar izan dugu nortzuk garen, nondik gatozen. Ni Madrilen bizi naizenez, azaltzeko zailak diren hainbat galdera erantzun behar izan ditut. Beraz, estereotipoetatik harago, filma hitz egiteko beharretik sortu da, gure frustrazioa adierazteko beharretik.
Noiz hasi zineten grabatzen?
Asier askatu zuten egunean, Frantziako mugara joan, eta grabatzen hasi nintzen. Proiektuak aldaketa asko izan ditu. Hasieran Asierri buruzko filma izan behar zuen, baina, azkenean, bion arteko filma da. Gogoeta bati buruzko filma da. Nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan hitz egiten diet. Baina hori aitzakia baino ez da, Madrilgo lagunen bitartez ikusleei hitz egiten diet. Filmaren helburu nagusia da Espainiako jendeak ikustea. Nire Madrilgo lagunek Espainiako jende arrunta sinbolizatzen dute.
Zer ikasi duzu filma egiten?
Topikoa izan daiteke, baina filmak gogoeta ireki asko uzten ditu. Horiek dira filma egiten genuen bitartean sortu zaizkigun zalantzak. Duda horiek indarkeriaren inguruan dugun jarreraren ingurukoak dira. Filma indarkeriaren aurkakoa da. ETAren indarkeriaren aurkakoa, baina baita Espainiako eta Frantziako estatuek erabili duten indarkeriaren aurkakoa ere. Aldi berean, gauzak ezin dira murriztu “indarkeria txarra da” soil batera. Guri zalantzak sortu zaizkigu, eta zalantza horiek publikoari helarazi nahi izan dizkiogu. Ikusleei zalantzak sortu nahi dizkiegu, haiek ere euren ondorio propioak atera ditzaten.
Madrilgo lagunen iritzi aldaketak igarri dituzu filma egiten zenuen bitartean?
Nire ustez, Meridan (Espainia), argitaratu gabeko zinema jaialdian gertatu zen gauzarik politena. Ikusleekin izan dugun lehen topaketa izan zen hura. Ni beldur nintzen Extremadurako ikusleek egingo zioten harrerarekin. Filma jarri ostean, ikusleekin hitz egiten aritu ginen, aretoan bertan. Azkenean, papera eta boligrafoak eman genizkien eta euren iritzia era anonimoan emateko eskatu genien. Guztiak positiboak izan ziren. Oso hunkigarria izan zen. Jendea zalantzan gelditu zen ea komunikabideetatik jasotzen dutena errealitatea ezagutzeko bide bakarra ote den. Errealitateak hamaika alde ditu, eta eurei bakarra eskaintzen zaie. Esan nahi dut: espainiarrek ezin dute ehunka kilometro egin behar dituen preso baten amarekin enpatizatu. Ez sentitzen ez dutelako, baizik eta oinaze hori ezagutzen ez dutelako.