Iritsi da garaia. Edalontziari heldu, “txotx!” entzun orduko mahaitik altxatu eta upeletik zurruztean ateratzen den sagardoa dastatzeko garaia. Iraileko lan gogorra eta garrantzitsua atzean gelditu da. Orduan egindako lanaren emaitza nolakoa den jakiteko unea da: sagardotegi garaia. Oraindik sagardoa berri xamarra den arren, abian da dastatzeko epea. Dolarea Nafarroako Sagardogileen Elkarteko kide diren sei sagardotegietan, joan den astean hasi zen sagardotegi garaia. Ostiralean egin zuten hasiera ekitaldia Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Ekitaldian izan ziren 50 lagun inguruk gustura probatu zuten txotxetik sagardoa. Donato eta Patxi Larretxea herri kirolariek eman zioten denboraldiari ofizialki hasiera.
Nafarroan oraindik ez dago sagardoa egiteko Gipuzkoan dagoen tradiziorik. Ia bi hamarkada dira Dolarea Nafarroako Sagardogileen Elkartea sortu zenetik. Aldazko Martintxonea sagardotegiko Inaxio Begiristain da elkarteko lehendakaria. Pozik dago herrialdean sagardogintzak duen bidea dela eta. Ahalegin handia egiten ari dira, batez ere sagastiak landatzen. “Ahal den neurrian, hemengo sagarrarekin ekoizten dugu sagardoa. Sagastiak landatzen ari gara oraindik ere”, ohartarazi du Begiristainek.
Dena den, aitortu du denbora apur bat falta dela soilik bertako sagarrez egindako sagardoa probatu ahal izateko. Aurtengo sagardoa egiteko erabilitako sagarren %15 Nafarroako sagastietakoak dira. Gainontzekoak, azken urteetan bezala, Galiziatik eta Normandiatik ekarri dituzte. Sagar horien eragina aurtengo sagardoan nabari dela azaldu du Begiristainek: “Sagardoa kolore berezikoa da, pixka bat horixka; tanino asko dute Frantziako sagarrek, eta markatu egiten da kolorea”.
Sagardoaren ezaugarriez erraz mintzo da Berastegi. 2013. urtea urte euritsua izan zenez, sagar ekoizpena 2012an baino apur bat murritzagoa izan zela jakinarazi du. Gainera, sagarra ohi baino txikiagoa izan zen. Orotara, Nafarroako sagardogileek 250.000 litro sagardo egin dituzte. Berastegik maite du sagardoaren txinparta edalontzian lehertzen denean edariari begiratzea eta, trago batean edan ostean, balorazioak egitea. Aitortu du gustuko dituela iragan den ostiraleko denboraldi hasierako ekitaldia egin zen Linddurrenbordakoak.
Armiarma sarea
Ziurrenik, elkarlana da Nafarroako sagardoaren egoera egonkortzen lagundu duen faktoreetako bat. Gainera, beste lurraldeetako sagardogileekin harreman estua dute. Begiristainek gogorarazi duenez, garai batean sagardoa etxean edateko bakarrik egiten zen, kontsumo propiorako. “Hogei urteren ondoren armiarma sare hori Gipuzkoatik hona ekarri dugula esango nuke, Nafarroara zabaldu dugula”, adierazi du. Hala, herrialdeko sagardotegietako bezero gehienak nafarrak direla azaldu du. Urteak aurrera joan ahala, gainera, ekoizten duten sagardoaren kalitatea hobetuz joan direla dio elkarteko buruak, eta gaineratu du hori eskertu egiten dutela bezeroek.
Ia sanferminak bitarte probatu ahal izango dira Nafarroako Sagardogileen Elkarteko sei sagardotegietako sagardoak txotxetik. Udatik aurrera, botiletan gordeko dute sagardoaren txinparta ezaguna.