Goia jotzear den epidemia

Udazkenetik aurrera bereziki, gutxienez astebeteko gaixoaldia eragiten du gripearen birusak. Urtetik urtera, mutazioak izaten ditu birus horrek. Medikuek ohartarazi dute aurtengoa ez dela iragan urtekoa baino gogorragoa, nahiz eta kutsakorragoa den. Gainera, astetik astera, pneumonia kasuak ere hazten ari dira. Azken astean, Osasunbideak jakinarazi ostean Nafarroan gripearen eraginez hiru lagun hil direla, alarma piztu da. Dena den, Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi du ez dagoela beldurtzeko arrazoirik, hiru lagun horiek gaixotasun kronikoak ere bazituztelako. Aurreikuspenen arabera, datozen bi asteetan goia joko dute gripe kasuek Nafarroan.

Osasun Publikoaren Institutuak astero txosten bat egiten du gripeak izan duen eraginaren inguruko argibideak emanez. Besteak beste, biztanleko kasu kopurua, artatutakoen sintomatologia eta gaixotasuna saihesteko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren ohartarazi dute txosten horretan. Hala, urteko lehen astean, urtarrilaren 5a bitartekoan alegia, 100.0000 biztanleko 187,6 gripe kasu izan ziren. Bigarren astean, berriz, urtarrilaren 6 eta 12 artekoan, alegia, 100.000 biztanleko 376 kasu izan ziren ikerketen arabera.

Datuak aintzat hartuta, agerikoa da astetik astera gripe kasuak nabarmen ari direla gora egiten. Izan ere, urtarrilaren 13tik 19ra 100.000 biztanleko 507 kasu izan ziren. Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak azaldu duenez, gripeak indar “handia” du, eta kasu kopuruak goranzko joera izango du datozen asteetan ere.

Ondorioz, osasun zerbitzu publikoak lanpetuta daude azkenaldian. Duela lau aste inguru gripe garaia hasi zenetik, 8.100 gripe sindrome kasu diagnostikatu dituzte, horietatik 3.200 azken astean. Mikel Moreno Irurtzungo osasun etxean lan egiten duen familia medikua da, eta aitortu du iaz baino gripe kasu gehiago artatu dituela kontsultan: “Aurten gripeak jotako gaixo gehiago artatu ditugu, ziurrenik birusa bera kutsakorragoa delako”.

Gaixoek oro har zer-nolako sintomak izaten dituzten galdetuta, nabarmendu du sukarra, buruko eta eztarriko mina eta hotzikarak izaten direla ohikoena. Komunikabideetan gripearen harira azaldu diren hainbat albistek alarma pitz dezaketela ohartarazi du: “Ez dakit zergatik, baina batzuetan hedabideetan gripearen eraginez hildako pertsonen berri ematen da, eta horrek izugarri kezkatzen ditu gaixoak”.

Morenok joan den astean Zaragozan (Aragoi, Espainia) eta Santanderren (Kantabria, Espainia) gripea dela-eta hil ziren bi lagunen heriotzari egin dio erreferentzia, orduan ez baitzegoen Nafarroan hildako hiru lagunen berririk. Bi lagun horien heriotzaren nondik norakoen informazio handirik ez dago. Hala ere, Irurtzungo familia medikuak zehaztu duenez, litekeena da hildako bi lagun horiek bestelako gaixotasunen bat ere izatea. Beraz, halako informazioa ematean “kontuz” ibiltzeko eskatu du.

Aurten, A gripearen bi birus aldaera ari dira eragin handiena izaten: A/H3N2 eta A/H1N1. Beste tokietan ez bezala, gripea dutenen %65ek lehenengo aldaera dute. Dena den, Morenok ez du aldaera horien zenbatekoetan erreparatu. Onartu du kontsultan azken egunetan lan gehiago duela, gripe zantzuekin gero eta jende gehiago joaten delako.

Txertoaren eraginkortasuna

1990. urtean jarri zen lehenengoz martxan, Nafarroan, gripearen aurka txertoa jartzeko kanpaina. Ohikoena gripea agertu baino lehen txertatzea izaten da. Aurten, esaterako, urriaren 14tik azaroaren 30era bitarte jarri zen txertoa. Orotara, 120.000 dosi banatu dituzte osasun etxeetan. Osasun Publikoaren Institutuaren arabera, urtetik urtera jende gehiagori eman nahi diote txertoa.

Oraingoz, txertoaren eraginkortasuna %50ekoa da. Azken datuen arabera, ospitaleratu dituzten lagunen artean txertatutakoak bazeuden arren, erietxera joaten diren gehienek txertoa jarri gabea zuten. Dena den, Morenok jakinarazi du ez duela orain arte txertatutako inor artatu gripeak jota. Hala ere, aitortu du ziur dagoela halako kasuak ere izango dituela.

Bestalde, astetik astera gehiago dira ospitaleratutako lagunak. Oraindik, ezin da jakin batez beste zenbat denborako egonaldia egiten dute erietxean gripeak jotako gaixoek. Urtarrilaren 6tik 12ra 78 lagunek egon behar izan zuten denbora batez erietxean, eta joan den astean, berriz, 137 lagunek. Gainera, Osasun Publikoaren Institutuak ohartarazi duenez, ospitaleratuta egon direnetatik hemezortzi ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatean artatu behar izan dituzte.

Osasun agintariek jakinarazi dute azken egunetako eguraldiaren eraginez litekeena dela gripe kasuak areagotzea. Izan ere, toki itxietan denbora gehiagoz egonda, gripea kutsatzeko aukerak nabarmen handitzen dira. Errealitate horrek bereziki 5 urte baino gutxiago dituzten haurrei eragin die. Beste adin talde batzuekin alderatuta, gripeak 2,5 aldiz gehiago eragin die. 5 urte baino gutxiago dituzten 100.000 haurretik 1.300ek gripea izan dute azken egunetan.

Hori ikusirik, gripe zantzuak dituztenak lehenik eta behin familia medikuarenera joateko gomendioa egin dute Osasunbideko adituek. Modu horretan, larrialdi zerbitzuetako itxaronaldi luzeak saihestu nahi dituzte. Azken egunetan, Nafarroako Ospitale Gunekoan lanez gainezka ibili dira, larrialdietara joandako lagun kopuru handiaren eraginez. Morenok ere bat egin du gomendio horrekin. Gainera, ohartarazi du ez dela komeni mediku errezetarik gabe botikarik hartzerik: “Medikuarenera joan eta hark gomendatuta soilik hartu behar dira botikak, bestela arazo larriagoak ere sor daitezke eta”.