Langileak murriztu izana salatu dute basozainek

Azken urteetan izan den langile murrizketarekin “kezkatuta” dagoela jakinarazi du Nafarroako Oihanzainen Elkarteak. Izan ere, salatu du Nafarroako Gobernuak bi urtean %20 inguru murriztu duela basozainen kopurua. 2013ko urtarrilean 128 basozain zeuden, baina urtea amaitzerako 115 besterik ez ziren. Elkarteak aurreikusitakoaren arabera, aurten hamar basozain inguru erretiroa hartzekotan dira, eta berez “eskasa” den lantaldea “izugarri” murriztuko dela adierazi du.

2009an egin ziren Nafarroako basozain izateko oposizioak. Azterketa hori gainditzeaz gain, ezinbestekoa da froga fisiko, tekniko zein praktikoak ere gainditzea.

Jose Antonio Perez-Nievas Nafarroako Oihanzainen Elkarteko presidentearen arabera, “litekeena da urtea amaitzerako herrialdean soilik ehun basozain izatea”. Hala, presidenteak gaineratu duenez, langile kopurua murriztuta basozain bakoitzak 10.000 hektareako lur eremuaz arduratu beharko luke. Ondorioz, Perez-Nievasek argi du egoera horretan ezinezkoa izango dela basozainek beren zereginak “behar bezala” betetzea.

Lanbidea aldarri

Nafarroako Oihanzainen Elkarteko burua jakitun da basozainen lanbidea ezezaguna dela askorentzat. Horregatik, adierazi du euren lanbidea ezinbestekoa dela Nafarroako mendi eta basoen iraupena bermatzeko: “Urte osoa mendian igarotzen dugu, eta inork baino hobeto ezagutzen dugu zer egin behar den une bakoitzean”.