“Udalbiltzaren laguntza akuilu bat izaten ahal da”

Laguntzak banatzeko mementoan, proiektuen hautaketan parte hartuko du EHLGk aditu gisa, bereziki laborantza sektoreko aditu gisa. Laborantza iraunkorraren alde lanean segitzea duela xede nagusi, horri begira ere egonen dira hautaketa egitean.

Proiektu bat duenari zer ekartzen ahal dio deialdiari ihardesteak?

Behar da argi izan, ene ustez. Udalbiltzak ezarriko duen diruak, bere zama aldetik, ez du aski pisu izanen dena iraultzeko. Baina akuilu bat izanen da. Izaten ahal dira proiektu batzuk ez direnak beharbada aski inportant gisa ikusiak lagunduak izateko, finantzatzaile instituzio ofizialei begira, edo kolektibitateei begira.

Tokiko ekonomia bultzatzeko dirua prestatzen duen Herrikoak ematen duen laguntza eta, gero, bankuek horri esker eman babesa bezala?

Bai, batzuetan Herrikoa inplikatzeak dinamika orokor bat martxan ezartzen du, eta, nonbait, halako berme bat ematen dio proiektuaren sinesgarritasunari. Nire ustez, hemen horrela izaten ahal da ere.

Proiektu anitzen kasuan, gainera, hasiera da bereziki zaila.

Zenbait aldiz hasteko laguntza bat falta da. Eta hor, Udalbiltzak ematen ahal du laguntza bat talde bat osatzeko, merkatu ikerketa bat egiteko, berdin ikerketa sozioekonomiko bat. Nik esperantza hori dut; Udalbiltzaren proiektu honek lagunduko ditu anitz bidean jartzen eta perspektibak ematen. Lehen urrats hori inportanta da biziki; hori erreusitzen bada, gero besteak egiten dira. Honek funtzionatuko du, hutsune bat baita. Normalizatu beharko da. Beste laguntzekin, departamendukoekin, eskualdekoekin, ez da konkurrentziarik. Ororen buru, helburua da lurralde hau laguntzea. Potentzialak badira; hasten bada funtzionatzen, egiten diren gauzak jakinaraziz eta… Emeki-emeki egiten diren gauzak dira.