Uemak Baztanen mediku eta pediatra euskaldunak lortzeko kanpaina hasi du

Eremu euskaldunetako biztanleek eskubidea dute zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko. Hala ere, hainbatetan zailtasunak dituzte euren hizkuntza eskubideak errespeta ditzaten. Baztanen zazpi familia mediku daude, eta bostek ez dakite euskaraz. Pediatren kasuan, egoera ez da hobea: bi daude, eta batek baino ez daki euskaraz. Egoera hori iraultzeko, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Baztanen mediku eta pediatra euskaldunak izateko kanpaina martxan jarri du. Urtarrilaren 27an hasi eta otsaila bukatu arte iraungo du kanpainak.

“Baztan ez da gisa honetako arazoa duen udalerri bakarra. Baina nonbaitetik hasi behar da, eta eskaera zehatza egin nahi dugu”, azaldu du Goizane Arana Uemako kideak. Nafarroan hamalau herri dira Uemako kide. Horietatik hamarretan ez dute osasun zerbitzua euskaraz bermatua. Hori dela eta, Baztanen hasi dute familia mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko kanpaina.

Kanpaina hasteko, Uemak esku orriak banatu ditu Baztango herri guztietan. Bertan kanpainaren berri eman dute, eta herritarrei kanpainarekin bat egiteko eskatu diete. Horren ostean, Irurita eta Elizondoko osasun etxeetan jarriko dituzte kutxa batzuk, herritarrek mediku euskaldunak eskatzeko orriak sar ditzaten.

Kanpaina bukatzen denean, eskaera guztiak batu eta Osasunbidera bidaliko dituzte. “Osasunbidea kolapsatu nahi dugu, Baztanen dagoen arazoaz jabe daitezen. Hortik aurrera, bi aukera daude. Lehena eta errazena, eurek mediku euskaldunak jartzea. Ez badute kasurik egiten, Osasunbideko arduradunekin bildu beharko dugu”, esan du Aranak. Eskaera onartzen ez badute, Uemak kontuak eskatuko dizkio Nafarroako Gobernuari.