D eredua gorde nahi dute Uharten

D eredua dagoen bezala uztea nahi dugu”, dio Ainhoa Arrastiok, Aurrera D Uharte plataformako kideak. Nafarroako Gobernuak Ingelesez Ikasteko Programa ezarri nahi du Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoan. Bertan, A, G eta D ereduak eskaintzen dituzte, eta D ereduko ikasleen gurasoak ez daude ados Ingelesez Ikasteko Programarekin. Iazko apirilean, Aurrera D Uharte plataforma sortu zuten hainbat guraso, irakasle eta herritarrek. Hezkuntza Departamenduarekin hitz egiten saiatu dira, programa berria ez dutela nahi adierazteko. Ostegunean, David Herreros Hezkuntza Departamenduko zuzendariarekin bildu ziren. Espero dute gobernuak bertan behera uztea egitasmoa. Dena dela, departamenduak ez badu haien aldarrikapena aintzat hartzen, plataformako kideek esan dute aurrera egingo dutela. “Ez gara geldirik egongo”, adierazi dute.

Nafarroako Gobernua hainbatetan saiatu da ingelesezko ereduak jartzen Uharteko Virgen Blanca ikastetxe publikoan. “Orain hiru urte, isilean jakin genuen Hizkuntzen Trataera Bateratua jarri nahi zutela eskolan. Azkenean, horrek ez zuen aurrera egin, Eskolako Batzorde Pedagogikoa, klaustroa eta kontseilua aurka agertu zirelako”, dio Iñaki Martinez plataformako kideak. Gero, 2012ko azaroan, 2013-2014ko ikasturterako Ingelesez Ikasteko Programa ezarriko zutela jakin zuten Uharteko eskolako gurasoek. “Departamenduak eskolako zuzendariari deitu zion, eta esan zioten %99koa zela 2013-2014ko ikasturtean eskolan Ingelesez Ikasteko Programa jartzeko aukera”, azaldu du Garbiñe Lamariano plataformako kideak. Orduan, Zumedia guraso elkarteak hainbat mobilizazio egin zituen. Azkenean, 2013ko otsailean, aurrematrikulatzeko garaian Ingelesez Ikasteko Programa izan behar zuten eskolen zerrenda publikatu zuen Hezkuntza Departamenduak, eta Uharteko Virgen Blanca ez zen agertzen zerrendan. Hori bai, haurrak matrikulatzerakoan, idazkariek gurasoak ohartarazi zituzten. “Ez ziguten paperik erakutsi, baina ahoz aipatu ziguten 2014-2015eko ikasturtean Ingelesez Ikasteko Programa Haur Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan jarriko zutela, hau da, atzerako eraginarekin. Hori ez dute inoiz egin”, azaldu du Arrastiok. Orduan, gurasoek pentsatu zuten urtebete zutela programa berriari aurre egiteko, eta biltzen hasi ziren. “Apirilean, Aurrera D Uharte plataforma aurkeztu genuen, webgunearekin eta manifestuarekin batera”, dio Martinezek. Baina plataformako kideek gehien baloratzen dutena berezko diskurtsoa sortu izana da. “Orain arte, jendea programaren aurka zegoen, baina ez zuten argudiorik. Plataformak lan handia egin du bere burua argudioz janzteko”, azaldu du Lamarianok.Iazko azaroan, eskolako klaustroak eta Uharteko udalbatzak bat egin zuten plataformaren aldarrikapenarekin. Era berean, Zumedia guraso elkarteak ere D eredua dagoen bezala uzteko eskatu du.

Nafarroako Gobernua hirugarren saioa egiten ari da aurten D ereduan ingelesezko eredua ezartzeko. Horren inguruan galdetuta, plataformako kideek susmo batzuk dituzte. “Iruñerrian, D eredua maila berean mantendu da azken urteetan, baina Uharten gora egin du, eta beste bi ereduak, A eta G, gainditu ditu. Uste dugu gobernuak D ereduaren igoera eten nahi duela”, adierazi du Martinezek. Hezkuntza Departamenduko ikuskariek horrela adierazi diete, erabakia politikoa dela. Hezkuntza Departamenduko zuzendariak ere beste hainbeste esan zion Uharteko eskolako zuzendariari. “Herrerosek esan zuen berak ez zuela erabaki hori hartu, ‘goitik’ etorri zela”. Plataformako kideak ez dira harritu horretaz. “Presidenteak berak esan zuen, telebistan, programa berria D ereduaren aurka egiteko sortu dutela”, dio Arrastiok.

Baliabide gutxiko programa

Virgen Blanca ikastetxeko gurasoak ez dira fio Ingelesez Ikasteko Programaz. “Ez dago baliabiderik, eta irakasleak ez daude prestatuak”, azaldu du Ainhoa Cendrak, Aurrera D Uharteko kideak. Plataformako kideen arabera, programa berrian ingelesezko ordu gehiago egingo dituzte. Horretarako, hainbat irakasgai emango dituzte ingelesez. Orotara, astean zortzi saio jasoko dituzte haurrek ingelesez. Saio horiek ez daude zehaztuta. “Ingelesez eman beharreko irakasgaiak eskola bakoitzeko irakasleen gaitasunaren araberakoak izango dira. Hau da, matematiketako irakasleak eta musikakoak ingelesez badakite, haiek emango dute euren irakasgaia ingelesez. Inprobisazio hutsa da. Ez dago batere planifikaziorik”, esan du Martinezek.

Urtarrilaren 29an, plataformako kideek mahai ingurua antolatu zuten hizkuntzen irakaskuntzako adituekin. Parte hartu zuten, besteak beste, Pablo Sotes NUPeko Hizkuntza Plangintza zuzendariak, Uri Ruiz Bikandi hizkuntza irakaskuntzan aditu eta EHUko irakasleak eta Ernesto Delas Sortzeneko kide eta Ingelesez Irakasteko Programako irakasleak. Ruizen arabera, hobe da umeak nerabezaroan hastea irakasgaiak ingelesez jasotzen. Horiek ez dituzte irakasgaiak ingelesez ulertzen, ez baitakite nahikoa. Gainera, programa berrirako ez dago ia materialik. “Erabiltzen diren liburuak laburpenak dira”, esan zuen Delasek.

Materialaz gain, irakasleen prestakuntzaz jardun zuten mahai inguruan. “Urik esan zuen materiala bezain garrantzitsua dela irakaslearen adierazpen gaitasuna. Horretan ere, programak kale egiten du, irakasleei ez zaielako beharrezko maila eskatzen”, dio Lamarianok. Ingelesez eskolak emateko C1 maila behar da. “Hezkuntza Departamenduan esan ziguten irakasleen erdiek ez zutela ingelesezko C1 maila, ezta hurrik ere. Beraz, gobernuak azterketa berezia egiten du. Hori gaindituz gero, bi urtez eskolak ingelesez emateko baimena dute irakasleek”, dio Cedranek. Tere Rekalde Virgen Blancako irakaslea da, eta C1 maila du: “Nik ez dut neure burua gai ikusten eskolak ingelesez egiteko, ez baita gauza bera hizkuntza jakitea eta eskolak ematea. Hizkuntza teknika ezagutu behar da”.