Bere burua ispiluan begiratu du azkenekoz, ile nahasiak orraztu, berokia jantzi eta badoa. Igogailuan konturatu da aterkia etxean ahantzi duela, eta gorako bidea egin du. Berriz ere, aurpegiz aurpegi egin du topo bere islarekin, ispilu zaharrean, parez pare. Urduri dago. Bere burua begiratu, eta “oraingoan bai!”, pentsatu du.
Ez da bide erraza. Nerbioek hartzen diote barrena, eta tximeletak ditu tripan, baina ez ipuinetan maitasunak sortzen dituen horietakoak. Goragalea ematen dioten mitxirrikak dira. Hesteak uzkurtzen dizkioten pinpilinpauxak. Hartu du bidea, inertziaz bezala. Eta, hala, pauso sosegatuz bigarren zabalgunea utzi, Iruñea gurutzatu, Martzelo Zelaieta zeharkatu, eta heldu da Kaputxinoseko elizara.
19:50 inguru dira. Berandutu egin zaio. Kosta egin zaio joateko arropa aukeratzea. Beroki beltza, eta luzea. Bota altuak, grisaxkak, izebaren ezkontzarako erosi zituen horiek. Bakeroak, ahalik eta normalenak, apaindurarik gabeak eta boltsa handia, badaezpada. Nerbioetarako pilulak sartu ditu zorrotxoan, antsietateak emanez gero zeri heldua izateko.
20:00ak. Hartu du pilula bat, lasaitzeko. Janzkerarekin asmatu duela bururatu zaio: neutroa, baina elegantea. Ongi. Inkognitoan ibiltzeko balekoa. Antsoain kalean dago, badaki bertan dagoela. Google Mapsek hala esan dio.
20:05. Iritsi da. Kostata, baina bistara dezake klinikako atea. Irekita dago; argia ikusi du leihoen bestaldean. Arnasa hartu, zorabioa kontrolatzen ahalegindu, eta azken 300 metroei ekin die.
20:06. “Baina zer da hori? Kakazaharra, zenbat jende atean. Eta zertan ari dira? Errezoan? Mezan ere ez zuten eginen hauek, eta hemen otoitz egiten! Ai ama… lanekoak daude. Inazio eta Maria Jexux. Ene… Zer esan behar diet ba nik hauei? Oihuka dabiltza: ‘Aborturik ez!’. Nola joan behar dut bihar bulegora hemen ikusi ondoren? Bale. Ez naiz klinikara sartuko. Elkarretaratzean geratuko naiz. Haiekin batera; lau oihu tonto bota, eta listo. Ez dut gaizki geratu nahi. Bihar eginen dut. Gaur itxurak egin, eta goizean goiz hemen nago berriz. Kitto. Ez dute zertan jakin. Ea ba bestela nola esanen diedan etxera etortzeko brunch-a hartzera. Senarrak eta biok abortuaren kontra bota ditugunekin…”.
Elkarteratzera hurreratu da. “Arratsalde on, Maria Jexux. Aupa Inazio, aspaldiko”. Muxu bana eman die, eta hor geratu da, pankarta atzean.
Ondorioa: ez dago ondoriorik. Zergatik ez dagoen? Ez dudalako abortuaren kontra egon eta haurdunaldia eteten duen emakume hori kritikatu nahi. Berdin-berdin nahi dudalako abortatzeko eskubidea PPko emakumeentzat, lesbianentzat, mojentzat, jada ama direnentzat, emakume sentitzen ez direnentzat… Denentzat.
Mehatxu elkarretaratzeetan batzen diren horiek ez bezala, ni bizitzaren alde nagoelako. Norberari bere bizitza bizitzen uztearen alde.