Bertso eskolan hasi berria da Joana Ziganda (Oskotz, 1981), nahiz eta betidanik gustuko izan duen bertso saioetara joan eta bertsoak entzutea. Bertsolari gisa parte hartuko du Bardoak-en. Aitortu du beste gisa bateko lehiaketa batean ez zukeela parte hartuko.
Bertsotan hasi berria zara.
Hala da, bertsotan hasi berria naiz; 2012an hasi nintzen, Larraungo bertso eskolan. Betidanik izan dut bertsolaritza gustuko. Txikitatik etxean entzuten genituen bertso saioak.
Bardoak txapelketaren lehen edizioa ikusteko aukerarik izan zenuen?
Batez ere finala baino lehenago egin ziren saioren bat ikusteko aukera izan nuen. Txapelketa originala eta dibertigarria iruditu zitzaidan.
Nolatan erabaki duzu parte hartzea?
Bertso eskolan irailean urteko plangintza lantzen ari ginela, ohartu ginen 2014an Bardoak taldekako txapelketa izango zela. Bata bestearen arrimuan, erabaki genuen ongi egon zitekeela taldetxoren bat osatzea, eta horrela osatu dugu taldea.
Zein da zuen helburua?
Nahiko oharkabean sartu gara txapelketan. Orain barnean gaude, eta pertsonalki erronka modura bizi dut taldekako txapelketa hau. Ez nago ohitua jendearen aurrean kantatzen; lotsa apur bat ere ematen dit. Batez ere, gure mailan saio politak egitea izango da gure helburu nagusia.
Txapelketa beste modu batekoa izan balitz, parte hartuko zenuen?
Nik uste txapelketa beste modu batekoa izan balitz ez nintzela parte hartzen ausartuko. Nik batez ere izena eman dut taldean arituko garelako bertsotan. Bata besteari lagunduta ausartu gara. Gainera, ez dugu bakarrik bertsotan egin behar, saioak-eta antolatzeaz ere geu arduratzen gara.
Halako txapelketak garrantzitsuak iruditzen zaizkizu?
Niri izugarri garrantzitsuak iruditzen zaizkit. Larraungo inguruan bertsozaletasuna zabaltzeko balioko du. Bertsolaritzaren xarma hedatzen lagundu nahiko nuke.