Iruñeko udal jantokiko erabiltzaile kopurua ia %20 hazi da azken urtean

Gero eta familia gehiagok jotzen dute Iruñeko udal jantokira. Azken urtean, erabiltzaileen %18,7 adingabeak ziren. Zerbitzua martxan jarri zutenean, 2010ean, adingabeak %4,5 baino ez ziren. Horrez gain, erabiltzaile kopuru orokorrak ere gora egin du. Iaz, 282 lagunek jan zuten udal jantokian; 2012an, berriz, 234k. Orotara, urtebetean ia %20 hazi da erabiltzaile kopurua.

Oscus 0,50 udal jantokia 2010ean jarri zuen martxan Iruñeko Udalak. Nabarreria kaleko 31. zenbakian dago, eta 50 pertsonarentzako tokia du. Bertan, 0,50 euroren truke ematen dituzte bazkariak eta afariak. Otorduak jasotzeko eskubidea izateko, udaleko gizarte zerbitzuen azterketa pasatu behar da.

Iaz, 28.474 otordu eman zituzten: 16.610 bazkari eta 11.864 afari. Egunero, batez beste 80,1 zerbitzu eskaini dituzte. Duela bi urte, egun bakoitzean batez beste 72,6 otordu ematen zituzten. Horrek esan nahi du %10 igo dela egunerokoan zerbitzua jaso zuten pertsonen kopurua.

Hala ere, 2013an 2012an baino afari gutxiago eman zituzten. Jantokia ireki zutenetik aurrez aurreko bazkariak eskaintzen zituzten, eta afaltzeko, berriz, tuperrak ematen zituzten. Baina 2013. urtean, tuperrak emateari utzi, eta aurrez aurreko afariak eskaintzen hasi ziren. Jantokiko arduradunek uste dute aldaketa horren eraginez jende gutxiagok afaldu duela jangela publikoan; izan ere, lehen afariak eguerdian bertan ematen zizkieten erabiltzaileei. Hala, behin baino ez zuten joan behar jantokira. Iragan larunbatean, afaltzeko tuperrak ematen hasi ziren eguerdian.

Jantokiko erabiltzaileen profilari dagokionez, gehienak gizonezkoak dira, eta ez dute inolako gizarte laguntzarik jasotzen. Jantokia egunero irekitzen dute, sanferminetan izan ezik.