“Niretzat erronka pertsonala izanen da Bardoak txapelketan parte hartzea”

Barañaingo taldearekin arituko da bertsotan Lizar Aleman (Artika, 1986). Hasiera batean aurkezlea izango zela aurreikusia bazegoen ere, jakinarazi du bertsolari gisa parte hartuko duela. Hasi berria da bertsotan hura ere. Dena den, aitortu du lehian garaile izatea ez dela garrantzitsua berarentzat.

Aurten parte hartuko duzu Bardoak-en lehenengoz. Aurreko edizioko saioren bat ikusteko aukerarik izan zenuen?

Bai, ikusi nuen duela bi urteko saioren bat. Gainera, bertso eskolako lagun batek parte hartu zuen, eta haren saioak ikusi nituen.

Zer iruditu zitzaizun ikusle gisa edizio hura?

Niri oso txapelketa egokia iruditu zitzaidan. Lehenengo aldia zen taldekako bertsolari txapelketa bat ikusten nuena. Lehen esan dudan bezala, bertso eskolako kide batek parte hartu zuen, eta polita iruditu zitzaidan. Molde horretako lehiak ez dira orain arte batere ohikoak izan.

Bertsolaritza sustatzeko modu bat izan daitekeela uste duzu?

Bai. Azken finean, parte hartzeko nahikoa da bertsotan egitea. Ez dute maila jakin bat eskatzen. Horrek bertsozaletasuna sustatzen duela uste dut.

Nola bizi duzu lehenengo parte hartzea?

Niretzat Bardoak-en parte hartzea erronka pertsonala izanen da. Gehiegi pentsatu gabe erabaki nuen parte hartzea. Hala ere, ez naiz damutu.