Udalen Maparen aurka sinatu dute 712 hautetsik

Joan den larunbatean ehunka hautetsik Berriozarren egindako agerraldiaren ostean, behin-behinean Udal Mapa berriaren proiektua bertan behera uztea erabaki du Nafarroako Parlamentuak. Bildu eta Aralarrek egindako eskaera aintzat hartu zuten Nafarroako Parlamentua osatzen duten gainontzeko alderdi politiko guztiek. Gaur, lau eragilek, Berriozarko bileran parte hartu zutenen ordezkariek, Izarbeibarko Mankomunitateak, idazkarien taldeak eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek euren iritzia helarazi ahal izango dute parlamentuan egingo den lan batzordean.

Berriozarko bileran parte hartu zutenen ordezkaria da Javier Albizu Artazuko alkatea. Aitortu duenez, pozik daude Nafarroako Parlamentuak, behin-behinean bada ere, Udal Maparen erreforma bertan behera utzi duelako. Gainera, jakinarazi du gero eta hautetsi gehiago daudela erreforma horren aurka. Izan ere, hirurehun hautetsik babestu zuten joan den larunbatean Berriozarren onartutako manifestua, eta asteazkenerako 712 ziren babesleak. Albizuren arabera, “oso posible” da aldeko jarrera handitzea.

Bilduko parlamentari Victor Rubioren arabera, “orain arte gaizki zer egin den jakiteko ezinbestekoa da proiektua gelditzea”. Izan ere, gauzak gaizki egiten ari diren seinaletzat jo du Nafarroako hautetsi asko ekinbidearen aurka egotea.

Ildo berean mintzatu da Txentxo Jimenez Aralarreko parlamentaria ere. Haren irudiko, ulertezina da Udal Maparen gaia lantzeko lan batzordean orain arte entzun ez izana ekinbidearen aurka daudenen iritzia.

Mapa berriaren eragina

Udal Maparen lege berriaren aurka aurkeztu diren 115 zuzenketa ari dira eztabaidatzen Nafarroako Parlamentuan abian den lan batzordean. Baina orain arte 50 besterik ez dute eztabaidatu. UPNk abian jarri nahi duen legea onartuko balitz, Nafarroa zortzi edo hamar barrutitan banatuko litzateke. Gainera, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriak 44 administrazio taldetan banatzea dago aurreikusia. Horrez gain, kontzejuek herri lurrak kudeatzeko duten eskuduntza galduko lukete.

Eztabaidez gaindi, Jose Maria Irisarri Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko lehendakariordeak mila biztanle baino gutxiago dituzten kontzejuak desagertzea proposatu du. Azaldu duenez, gaur egun, administrazioak duen antolakuntzaren eraginez herritarrek ez dute jakiten nora jo: “Egun daukagun lan egiteko moduarekin herritarrak zalantzaz beteta egoten dira; ez dute jakiten kontzejura edo udalera jo, eta hori onartezina da”.