“Argazki on batek istorio bat kontatuko du berak bakarrik”

“Photoshopekin, denbora gehiago eman behar da ordenagailu aurrean kamerarekin baino”. Hala dio Josu Santesteban argazkilariak (Iruñea, 1975). Teknologia berriek erabat aldatu dute argazkilaritza Santestebanen ustez. “Lehen, argazkia atera eta horrela gelditzen zen. Orain, ordea, ukiturik ematen ez bada, lanaren erdia falta dela ematen du”. Horrez gain, teknologia berrien sozializazioak argazkilaritza egoera prekariora eraman duela uste du, egun teknologia berriak oso eskura baitaude, eta hedabideak horren jakitun dira. Hala ere, argazkilariak bere lanaren garrantzia nabarmendu du; haren aburuz, prekarietateak kalitatearen jaitsiera handia ekarri du. “Argazki on batek istorio bat kontatu behar du berak bakarrik, inork ezer gehiago esan gabe”, dio Santestebanek.

Betidanik gustuko izan du Santestebanek argazkilaritza. Hori dela eta, ikus-entzuneko ikasketak egin zituen Iruñeko Arte eta Lanbideen Eskolan. “Eskolatik atera, eta Canal 4-n hasi nintzen lanean, kamerari gisa. Ikus-entzunezko modulua argazkilaritzara telebistara baino zuzenduago dago. Baina ni telebistan hasi nintzen”. Telebistako lanarekin batera, argazkilaritzan bidea egiten hasi zen. “Niri argazkilaritza gustatzen zitzaidan, eta Euskaldunon Egunkaria-rekin kolaboratzen hasi nintzen”. Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenean, Nabarreria argitalpen enpresa sortu zuen beste lagun batekin. “Urte dezente egon nintzen bertan. Garairik onenetan Gara egunkarirako kolaborazioak eta sei edo zazpi auzo aldizkari egin genituen”, esan du Santestebanek. Baina krisi ekonomikoak eta beste hainbat arrazoik Nabarreria proiektuaren itxiera ekarri zuten. Horren ondorioz, hainbat auzo aldizkari bertan behera gelditu ziren. Hala ere, duela hamabost urte Santestebanek eta beste bi lagunek sortu zuten Txantrean Auzolanean aldizkariak bizirik dirau. “Aldizkaria itxi zenean, hainbat pertsona elkartu ziren, eta aldizkariak aurrera jarraitu behar zuela erabaki zuten. Orduan, hasieran bezala funtzionatzen hasi zen berriz ere, auzolanean. Hori bai, esperientzia gehiagorekin”, adierazi du Santestebanek.

Argazkilaritza egoera txarrean dago. “Prentsan lan gutxi dago. Egun, ‘edonor’ izan daiteke argazkilaria. Hedabideek badakite hori, eta euren interesen arabera baliatzen dute. Hainbatetan kazetariak bidaltzen dituzte argazki kamerarekin, eta esaten diete: ‘Atera argazkiak eta egin bideo bat'”. Baina horrek argazkien kalitateak behera egitea dakar. “Ni milaka prentsaurrekotan egon naiz. Ikusi ditut kazetariak lekutik altxatu gabe argazkiak ateratzen. Ez da zertan espezialista izan. Baina, gutxienez, argazkia egingo zaionarengana hurbildu eta begia egokitu”. Azken urteetan ohiko bilakatu da hedabideek hainbat gairen inguruan irakurleei eta ikus-entzuleei argazkiak eskatzea. Horrelako ekinbideek argazkilarien lana gutxitu dute erabat: “Jada ez da argazkia ondo edo gaizki egina dagoen baloratzen. Pixel kopuruari bakarrik jartzen zaio arreta; gero eta Pixel gehiago, gero eta argazki hobea”, dio Santestebanek.

Estudioetan ere lan egiten dute argazkilariek. Bertan, hainbat lan mota egiten dituzte, besteak beste, jaunartze, ezkontza eta iragarkietarako katalogoak. Baita norberarentzako argazkiak ere. Nabarreria proiektua bertan behera geratu zenean, estudioko lanean sartu zen buru-belarri Santesteban. “Beste bi lagunekin, estudio txiki bat nuen Antsoainen. Bigarren mailako lan bezala nuen, lagunentzako gauzak egiteko. Baina estudioko lanarekin modu serioan hasi nintzenean, lekuz aldatzeko beharra nuen. Oso toki txarrean baitzegoen Antsoaingo estudioa”. Beraz, beste leku baten bila hasi zen Santesteban. Burlatako Morea kalean aurkitu zuen lokal egokia. Bertan du estudioa eta denda txiki bat. Horrez gain, Pixel Art enpresa sortu du beste bi lagunekin. Argazkia eta bideoa uztartzen dituen proiektu bat da. Argazkilaritzaren egoerak etengabeko egokitzapenera bultzatu du Santesteban.

Baliabideen “sozializazioaz” gain, argazkiak moldatzeko aukera erabat zabaldu da. “Jendeak esan ohi du: ‘Kendu hori edo jarri beste hura'”. Santesteban horren aurka dago. “Nik koloreak eta argia ukitu ohi ditut, baina ezer gehiago ez. Norbaitek ximur edo orbainen bat badu, ez dut kenduko. Norbera den modukoa da. Hala ere, baten bat oso astuna jartzen baldin bada, kenduko diot. Baina ez dut gogoko”, dio Santestebanek.

Arazo guztien gainetik, argazkilaritza maite du Santestebanek. Aukeratzekotan, prentsan lan egin nahiko luke. “Informatua zaude, eta jende gutxi hel daitekeen tokietara heltzen zara”. Horrez gain, norberaren lana publikatuta ikusteak sortzen duen harrotasunaz ere hitz egin du. “Argazkiek informatu bai, baina gehienbat transmititu egin behar dute”. Horretarako, argazki makina menperatu behar da. Baina hori bezain garrantzitsua da “argazkiarekin kontatu nahi dena argi izatea”.