Nafarroako Unibertsitateko bekadunak ordenagailu aurrean jarraitzen du, burumakur. Nagusietako inor ez da halako eginkizunetarako prest agertu, lotsari ezin aurre eginda. Hargatik bidali dute mutil gominaduna, hizkiak teklea ditzan. Paper batean pasatu diote idatzi beharrekoa, ahoskatze hutsak gorritu ohi baititu. Bekadunak, lotsatuta, banan-banan zanpatu ditu teklak. Pantailan ageri da titulua, hizki handiz: Kaltegarria al da masturbazioa?. Erantzun argiko galdera, Opusentzat. Irakasleak bulegoko aterantz biratu du burua, eta testua lehenbailehen bidaltzeko agindu dio bekadunari, ingurutik sotanarik agertu aurretik. Mutikoak testua bidali du. Bere horretan argitaratu du ABC-k.
Emaitza bost paragrafoko artikulua da; perlen segida asegaitza. Opusen arabera, masturbazioak norberaren autoestimuarekiko poztasunik eza adierazten du, eta ez da “ez ona ez beharrezkoa osasunarentzat”. Gainera, ezin du “asetze afektibo osorik ekarri, ez baita elkarren arteko esperientzia”. Horregatik dio — ridikuluaren puntu gorena, bestalde— “ez masturbatzea posible” dela. Eta beste artikulu batean, hori lortzeko gomendioak —”inguruneko erotismotik babestu”, kirola egin, denbora bete…— zerrendatzen ditu unibertsitateko aditu taldeak.
Opusek hezkuntza sexualaz lezioak ematea Jose Iribas Lars Von Trierren azken filmaren casting zuzendari izendatzearen parekoa da; ez hanka ez buru, eta ridikulua nabarmena. Baina, ongi pentsatuta, baliteke Opusek uste baino gehiago jakitea masturbazioaz. Nafarroan bederen, beti izan du eliz taldeak bere buruari plazera emateko zaletasuna, plazera gainerakoekin konpartitu baino. Bere jarduera eta ekimen oro bertako kide eta ingurukoen aldarte (eta karterak) alaitzera izan da bideratua. Masturbazio kolektiboa, nahi bada, baina masturbazioa.
Elizak —historiari so egitea besterik ez dago— berezko dohaina du gainontzekoen bizitzetan sartzeko. Zuzenean sutan erre edo gurutzetara iltzatzen ez gaituenean, gure gorputzekin zer egin edo ez egin beharko genukeen diosku. Edo agindu. Agian, hori da Opusek elkarrenganako harremanaz ulertzen duena: eurek agindu, gainerakook bete. Dominazio erabatekoa. Elizak, masturbazioa bai, baina bondagea ere baitu gustuko.
Baina guk, izaki hilkorrok, badugu ere ezetz esateko eskubiderik. Horretan, behintzat, bat gatoz sotanadun eta sotanagabeok: elkar borondatezkoa behar du harremanak. Horregatik esaten diegu Opusekoei ahaztu daitezela gurekin, utz gaitzatela bakean, eta bila dezatela beste nonbaiten amorante prestuagorik. Eta lasai egon daitezela bakartuta edo “inguruko erotismoaren” botereen aurrean kondenatuta sentitzen badira. Guk ez baitiegu aurpegiratuko egoera horretan, eta zeruko salbazioaren bila, elizako dorrera igo eta kanpaia joz ibiltzen badira.