“Komunikabideak behar badira, herriak berak sortu behar ditu”

Ahotsa behar dugu kanpaina martxan jarri du herritar talde batek. Haien helburua da Nafarroan herri komunikazio proiektu berri bat abian jartzea. Horretarako, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasi dute. Heldu den ostiralerako, 12.000 euro lortu behar dituzte. Oroitz Zabala diru bilketa aurrera eramaten ari den taldeko kidea da (Zizur Nagusia, 1983). Ateak ireki webgunea ixteak “hutsune informatiboa” utzi duela esan du Zabalak, eta hutsune hori betetzeko sortuko dute proiektu berria. Ahotsa.info “kontraboterean eta autogestioan” oinarritu nahi dute. Horretarako, ez dute izan erreferentzia arazorik. “Euskal Herria oso aberatsa da, tokiko komunikabideei dagokienez”, esan du Zabalak.

Herri komunikabide bat, zertan datza?

Herri komunikabidea herritik sortzen dena da; hau da, herritarrek berek sortzen dutena, ez enpresa batek. Komunikabide gehienak enpresek sortzen dituzte, helburu ekonomikoekin. Helburu informatiboak ere badituzte, baina garrantzitsuenak ekonomikoak dira; gainera, ikuspegi editorial oso zehatzak dituzte. Ahotsa.info-k ikuspegi editoriala izango du, baina ez dago dirua irabazteko inolako asmorik. Herritarrek sortzen duten heinean, herritarren mesedeetara bideratuko den komunikabidea izango da. Kontraboterean oinarritzen da, baita autogestioan ere. Komunikabideak behar badira, herriak berak sortu behar ditu.

Ateak ireki webguneak erreferentzia handia lortu zuen hainbat gaitan. Zergatik lortu zuen arrakasta hori?

Nik esango nuke elementu garrantzitsuenetakoa bideogintzaren alde egindako apustua izan zela. Nafarroan komunikabide asko daude, tokikoak zein nazio mailakoak. Baina komunikabide gehienak testuan oinarritzen dira. Argazkiak ere izaten dituzte, baina bideogintza ez da ia lantzen. Egungo gizartean informazio gaindosia dago. Jendeak daraman bizimoduarekin, ez du denbora askorik ezertarako. Beraz, hiruzpalau minutuko bideoa komunikatzeko oso produktu erraza da. Gainera, oso modu pasiboan jasotzen da: norberak begiak ireki eta entzun baino ez du egin behar. Horrekin batera, berehalakotasuna beste gako bat zen. Ateak ireki-k, zerbait gertatzen zenean, grabatu, eta bideoa sarera igotzen zuen oso denbora tarte laburrean.

Nolako komunikabidea izango da Ahotsa.info?

Hiru ezaugarri nagusi izango ditu Ahotsa.info-k. Batetik, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko konpromisoa. Egun, oso egoera berezia eta garrantzitsua dago Nafarroan, sozioekonomikoki zein politikoki. Komunikatiboki, hutsunea dago alde horretatik. Guk hutsune hori bete nahi dugu. Beharrezkoa da herri mugimenduei ahotsa emango dien proiektu komunikatibo bat martxan jartzea, betiere aldaketa sozial eta politikoaren norabidean.

Bigarren ezaugarria aniztasuna izango da. Nafarroako herri mugimendua askotarikoa eta oso zabala da. Beharrezkoa ikusten dugu komunikabideak aniztasun horren adierazle izatea. Ateak ireki heltzen ez zen tokietara heldu nahi dugu.

Azken ezaugarri moduan, auzolana azalduko dut. Modu askotara ulertzen dugu auzolana. Alde batetik, berriemaile sare bat sortu nahi dugu. Nafarroako eskualde guztietako berriemaileak lortzeko helburua dugu, horrela herrialdearen argazki orokorra izateko. Beste alde batetik, herri mugimenduko kideei eta norbanakoei parte hartzeko deia egingo diegu, kronikak, argazkiak eta bideoak bidal ditzaten. Horrez gain, agenda herritarra sortzeko helburua dugu, kolektibo eta norbanakoek antolatzen dituzten ekinbideak bilduko dituena. Auzolanari dagokionez, azken puntua ekonomikoa da, jendearen ekarpen ekonomikoa behar baitugu proiektua martxan jartzeko.

Esan duzu aniztasuna izango duzuela ardatz. Ateak ireki-k lantzen ez zituen zer gai landu nahi dituzue?

Oraindik ez ditugu identifikatu; harreman erronda egiten gabiltza. Baina lehen kolpean uste dugu badaudela harreman faltagatik-edo Ateak ireki-k lantzen ez zituen hainbat gai, adibidez, etxe kaleratzeak eta etorkinek dituzten arazoak. Gure xedea da egitasmoa ahal bezain zabala izatea.

Finantzaketa kolektiboko kanpainarekin, 20.000 euro lortu nahi dituzue guztira. Zertarako behar duzue diru kopuru hori?

Kontuak egin ditugu, eta uste dugu urtean komunikabide honek gutxienez 35.000 euroko aurrekontua izango duela. Badakigu ez dela erraza egun batetik bestera 35.000 euro lortzea. Horregatik, martxan jarri dugu finantzaketa kolektiboko kanpaina, 20.000 euro lortzeko. Diru bilketak aurrera jarraitzeko, heldu den ostiralerako 12.000 euro lortu behar ditugu. Oraingoz, erritmo onean goaz, baina aurrera jarraitu behar dugu. Zertan gastatuko dugun diru hori? Lehenengo eta behin, uste dugu bi pertsona behar ditugula horretan lanean, kalitatezko komunikabidea egiteko. Hau da, jendearen parte hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, baina, era berean, beharrezkoa ikusten dugu bi pertsonak lanaldi osoz lan egitea. Beraz, pertsona horiek soldata duina behar dute, eta horrek aurrekontua asko igotzen du. Gainera, mundu guztiak daki herri komunikabideetan ez dela inor aberasten. Horrez gain, baliabide tekniko egokiak behar dira, hala nola kamerak, ordenagailuak eta disko gogorrak. Ulertzen dut jendearentzat dirutza dela 35.000 edo 20.000 euro. Baina kontuan hartuko bagenitu komunikabide arruntek dituzten aurrekontuak, gurea txikira jotzea da.

Beste komunikabide batzuekin harremana baduzue? Norbaitekin elkarlanean ibiltzeko asmorik?

Gure helburuetako bat da komunikabide txiki askoren arteko sarea sortzea. Uste dugu proiektu txiki askoren artean zerbait handia sor dezakegula. Aurretik, hainbat esperientzia izan dira, adibidez, greba orokorretan. Harremana dugu, besteak beste, Hamaika telebistarekin, Info7 irratiarekin eta Xorroxin irratiarekin.