Nasuvinsa enpresa publikoak eta Gizakia Herritar-Paris 365 elkarteak hamar urteko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, Nasuvinsak lau etxebizitza utziko dizkio elkarteari: bi alokatuta, eta beste biak doan. Bizitzeko tokirik ez duten familiak eta birgaitze prozesuetan dabiltzan pertsonak laguntzen ditu Paris Etxea proiektuak, eta horretara bideratuko dituzte lortutako bizitokiak.
Nasuvinsak alokatutako bizitegi bakoitzeko 300 euroko alokairua ezarri dio elkarteari. Etxeak martxoan bertan bete nahi dituzte egitasmoaren bultzatzaileek, umeak dituzten familiekin. Bertara sartzen diren familiek, gaitasuna izanez gero, komunitateko gastuak ordaindu beharko dituzte: 120 euro hilean. Nasuvinsak, berriz, higiezinen inguruko zerga ordainduko du. Etxe horiek bost urterako utziko dizkiete, behinik behin. Ondoren, urtez urte beste bost urtez luza dezakete akordioa.
Beste bi etxeak egoera prekarioan utzi dizkiete: alegia, dohainik, baina bizitzeko egokitzapenik gabe. Horregatik, oraindik ezin dute horietan ostatu eman; hainbat lan egin behar dituzte aurretik: besteak beste, galdara aldatu, instalazio elektrikoaren erreforma egin, leihoak berritu, zoladura eta behe oholak jarri eta hormak eta sabaiak margotu. Hobekuntza guztiak elkarteko kideek egingo dituzte. Gainera, komunitateko gastuak eta higiezinen inguruko zerga ordaindu beharko dute. Hamar urteren buruan, etxebizitzak Nasuvinsari itzuliko dizkio elkarteak, konponketa guztiak egin ostean.
“Egoera prekarioan” dauden etxebizitzetako bat apirilean irekitzeko asmoa dute. Bertan, birgaitzeko prozesuan dabiltzan pertsonak hartuko dituzte, gizarteratzea errazteko. Etxeek hiru logela, egongela bat, komuna eta sukaldea dituzte.
Bigarren bizitokiak lan gehiago eskatuko die. Horregatik, elkarteko kideek ez dute martxan jartzeko datarik zehaztu. Etxebizitza hori besteak baino handiagoa da. Hori dela eta, Gizarte Herritar-Paris 365eko arduradunek zaintzapeko edo larrialdietarako etxe moduan erabili nahi dute.
Paris Etxea ekinbidea 2011n martxan jarri zuen Gizarte Herritar-Paris 365 elkarteak. Proiektu horren bidez, bizitzeko toki finkorik ez duten familiei zein norbanakoei laguntzen diete, denbora tarte baterako egonaldiak eskainiz. Laguntza jasotzen dutenek hiru eta 24 hilabete arteko egonaldiak egiteko eskubidea dute. Etxebizitzen erabiltzaileek denbora tarte horretan euren bizimodua modu autonomoan kudeatzea da elkarteko kideen helburua. Horretarako, elkarteak berak hainbat zerbitzu jartzen ditu haien eskura. Besteak beste, laguntza psikologikoa, elkarbizitzarako aholkularitza eta informazioa.