Egunotan sekulako indarra hartzen ari da Nafarroako Gobernuaren legez kanpoko jardueraren salaketa, ustelkeriari dagokiona. Ona da kontuak argitzea, gauzak nola diren ulertu eta aitortzeko, eta ariketa aski osasungarria iruditzen zaigu, kasu honetan, nafar gizartearentzat. Guztiok guti goitibeheiti susmatu bai, baina modu lausoan ulertzen dugunari zaila da erantzuten, eta horixe gertatu da orain arte ustelkeriarekin. Horregatik, gertatzen dena, edo gertatu dena, zehatz-mehatz jakitea hagitz ona dela erran dezakegu. Bide horretan gara, Kontuz! ekimenak abiatutako ikerketari eskertua.
Badira jada hamarkadak bertzelako lege hausteak ere egozten zaizkiola UPNren gobernuari, hala nola, azpiegitura erraldoi eta suntsikorren eraikuntzei dagozkienak. Kasu horietan ere, lana egin da kontuak argitzen, azaleratzen, eta epaitegietara beharrezko salaketak helarazten. Gogora datorkigu Itoizko urtegiaren eraikitzea, hasiera batean, legez kanpokotzat nola jo zen, edo berrikiago, Castejongo Zentral Termikoak, eta azkena, AHTren lanei dagokiena. Nafarroako Auzitegiek argi eta garbi erran zuten kasu horietan UPNren Gobernua legez kanpo ari zela jokatzen. Zein izan da Gobernuaren erantzuna? Ba, kasu batzuetan, helegite eta dena delakoen bidez auziak luzatzea; bertze batzuetan, bertzerik gabe, ez entzunarena egitea; eta bertze batzuetan, legea aldatzea. Bai, bai, noski, hori egin dezaketenez, egiten dute. Zergatik ez?
Gobernua eta enpresa handiak elkarren eskutik ikusten ditugu, zaila delarik jakiten non hasi eta amaitzen den bakoitza. Eta beraz, enpresarien interesera bideratuak dira nafar guzion baliabideak eta ondasunak. Eta noski, legeak eta administrazio osoa ere.
Hala ere, horrek ez luke aitzakia izan behar goian ditugun horien zabarkeria salatzen segitzeko, horri aurre egiteko, herri gisa erantzunak emateko. Ez, inondik inora. Baina hori bai, zertan garen eta zeri aurre egiten diogun argi izan behar genuke. Azken finean, euren legeak dira, ez herriak aukeratutakoak, eta beraz, euren esku dira lege horiek. Ondorioz, betetzea edo ez betetzea ere euren esku da. Zaila iruditzen zaigu euren jokamoldea euren tresnen bidez eta euren eremuan, euren joko-zelaian, aldatzea. Horretan gutieneko ahalegina egin behar genuke, ahalik eta indar gutien xahutu horretan, ahalik eta eraginkortasun handiena bilatuz, hori bai.
Baina, orduan zein eremutan joka dezakegu? Euren eremuan ahalik eta gutien aritzekotan, non da gure eremua? Eta puntu honetan, ideia bakarra datorkit gogora: Eurek goian badaude, azpitik norbaitek eusten dielako da. Honaino iristen da gure hausnarketa, hortik aitzinerakoak elkarrekin gogoetatu eta asma ditzagun!