“Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik”

Jon Apalategi (Ikaztegieta, 1957) familia medikua eta ELA sindikatuko kidea da. Iturramako osasun etxean lan egiten du. Osasunbideak egiten dituen politikak salatzeko sartu zen duela urtebete Nafarroako Osasun Plataforman. Egun, plataforman bat egiten dute hainbat sindikatuk, gobernuz kanpoko erakundek, gizarte mugimenduko kolektibok eta gaixo elkartek. Euren helburua: "Osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea". Hileko azken asteazkenean elkarretaratzea egiten dute osasun etxeen aurrean, eta laster mobilizazio handi bat ere iragarri dute.

Nola sortu zen Nafarroako Osasun Plataforma?

Ni duela urtebete hasi nintzen plataformarekin lan egiten. Baina eragilea duela bi edo hiru urte sortu zuten, Osasunbidean pribatizazioak egiten hasi zirenean. Mobilizazioak egiteko elkarlana beharrezkoa zela ikusi zuten zenbait eragilek. Beraz, hainbat profesionalek, auzo elkartek, herritarrek eta gaixo elkartek bat egin eta sortu zuten Nafarroako Osasun Plataforma, osasun zerbitzu publikoa, unibertsala eta eraginkorra aldarrikatzeko.

Zein taldek osatzen duzue plataforma?

Bi astean behin elkartzen gara. Talde mordoa ari gara lanean: besteak beste, ELA, LAB, CGT, Solidari eta CCOO sindikatuetako kideak; Munduko medikuak, SOS arrazakeria, Paperak Denontzat eta beste hainbat gobernuz kanpoko erakunde; eta langile kaltetuak, hala nola ospitaletako sukaldeetako langileak eta garbiketako langileak, baita zenbait auzo eta gaixo elkarte.

Zein gai nagusi lantzen ditu plataformak?

Nafarroako Gobernua aurrera eramaten ari den politika neoliberala da arazo nagusia. Guk osasun sistema publikoaren aurkako erasoaren inguruko iritzi kritikoa sortzea eta gizartea mobilizatzea nahi dugu. Era berean, eraso horien jatorria, eragina eta ondorioak azaltzea beharrezkotzat jotzen dugu.

Azken urtean, zein borroka eraman dituzue aurrera?

Landa eremuko larrialdi zerbitzuei buruz egin den planaren aurka egin dugu. Hainbat udalerrik bultzatutako herri ekinbide legegilearekin bat egin dugu, gure iritzia emanez. Aurreko planaren okerrak mahai gainean jarri genituen, eta ekinbide legegilea parlamentura heltzeko lagundu dugu; han eztabaidatzeko. Duela urtebete, gobernuak oinarrizko arreta eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko plana aurkeztu zuen. Plan horren arabera, landa eremuko hainbat arretagune itxi behar zituzten. Horrek larrialdietako zerbitzuak hainbat herritarrengandik urruntzea ekarriko du.

Horrez gain, abortuaren legearen aurka hainbat agiri eta mobilizazio egin ditugu. Baita pribatizazioen eta murrizketen aurka ere. Horrekin batera, hainbat osasun etxeetan murrizketen kontra egin diren ekinbideak batzen saiatu gara, arlo guztietan eragin baitute gobernuaren neurriek.

Aurreko astean salatu zenuten itxarote zerrendekin arazo larriak daudela. Zergatik gertatzen da hori?

Itxarote zerrenda luzeak egoteak agerian uzten du desoreka handia dagoela Osasunbidearen eskaintzaren eta herritarren eskariaren artean. Osasunbideak eskaintzen dituen zerbitzuetan murrizketak izan dira arlo guztietan: aurrekontuan, langileetan, azpiegituretan eta tresnerian. Iruñerriko ospitaleen kasuan, berrantolaketa egin eta bi ospitale nagusiak batu zituzten. Horrek hainbat solairuren eta ebakuntza gelaren itxiera eragin du. Ustez, Ubarmin klinika erabiliko zuten itxitako guneak ordezkatzeko, baina ez da horrela gertatu.

Gobernuak aurrekontua murriztu baino ez du egin, planifikaziorik gabe. Hainbatetan, langileak gaixoaldian daudenean edo erretiroa hartu dutenean ez da beste langilerik kontratatu. Beraz, pixkanaka-pixkanaka jendea itxarote zerrendetan pilatuz joan zaie, eta zerbitzu pribatuetara bideratu dituzte gaixoak. Horrez gain, uste dugu probak eta espezialisten kontsultak ondo kudeatu behar direla. Zerrendak egiteko orduan gaixotasunen larrialdiari, gaixoen egoera sozioekonomikoari, adinari eta beste hainbat parametrori kasu egin behar zaie.

Traumatologiako itxarote zerrendetan pilatu da gaixo gehien. Aurreko astean traumatologia zerbitzuburua aldatu zuten. Zure ustez, horrek aldaketarik ekarriko al du?

Traumatologoek hobeto ezagutuko dute egoera, baina nik uste dut zerbitzuburu bat aldatzeak ez duela aldaketa handirik ekarriko. Baliabideak eta profesionalak behar dira. Gobernuak apustu garbia egin du osasun zerbitzu publikoa ahultzeko. Eurek argi eta garbi esaten dute arlo publikoa txikitu behar dela. Hori bai, gero baliabideak arlo pribatura bideratzen dituzte, adreilu eta porlanaren negozioetara. Duela urte batzuk, itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko hainbat langilek arratsaldetan lan egitea onartzen zuten, aparteko ordainsariak jasoz. Baina ekintza sindikalak aukera hori bertan behera utzi zuen. Beraz, gelditzen zaien aukera da profesional gehiago kontratatzea, azpiegiturak ondo erabiltzea eta ebakuntza gelak irekitzea. Hau da, beharrezkoak diren langileak eta zerbitzuak izatea. Baina ez dute egiten.

Itxarote zerrendetan jende gutxiago egoteko, sektore pribatura bideratu dituzte hainbat gaixo. Hori ez al da garestiagoa?

Gaixoak arlo pribatura bideratzeak planifikazioa eskatzen du. Osasunbideko buruek ez dute inolako planifikaziorik. Gaixoak arlo pribatura bideratzen direnean, administrazioak argi izan behar du horrek zer kostu izango duen. Egoera berezietan eta denbora tarte jakin batean baino ezin daiteke hori egin. Adibidez, demagun ospitaleko solairu bat berritzen ari direla eta hainbat zerbitzu eten egin behar dituztela, horrelako kasuetan zilegi da gaixoak arlo pribatura bideratzea. Baina ez da hori gertatzen dena. Pribatura gehiegi jotzen da. Ez da normala ebakuntza gela berria egitea eta tresnak enpresa pribatu bati alokatu behar izatea.