Iruñea. 2010eko uztailaren 6a. Txupinazorako minutu batzuk falta zirela, gazte talde batek ikurrin handi bat sartu nahi zuen Udaletxeko plazan. Baina, hainbat udaltzain gazteri oldartu zitzaizkion, ikurrina kentzeko. Istiluetan, beirazko botila batek Jose Carlos Arranz Madrilgo gaztearen buruan jo zuen, eta oso zauri larriak eragin zizkion. Zazpi hilabete geroago, Iruñeko Udaltzaingoak hamahiru pertsona auzipetu zituen. Atxilotu horietako bat da Aitor Sola (Iruñea, 1990), eta zigortu egin dute. Sei egunez une oro lokalizatua egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko du. Iazko apirilean, Solarekin batera sanferminetan errepresioa pairatu zuten hainbat lagun elkartu ziren, “eskubide urraketak salatzeko”, eta Iruñea Askatasunez taldea osatu zuten. Hiri eredua aldatu nahi dute. Bihar, txupinazoko zigorrak salatzeko manifestazioa egingo dute, 17:30ean, Iruñeko autobus geltoki zaharretik.
Atera berri da 2010eko sanferminetako txupinazoko epaia. Zein izan da emaitza?
Epaiketa egin eta lau hilabetera atera da sententzia. Epaitu gintuzten hamahiru pertsonetatik zazpiri ezarri diete espetxe zigorra. Lauri urtebete eta bi hilabeteko espetxe zigorra jarri diete, beste biri urtebete eta lau hilabetekoa, eta azkenari hiru urte eta erdikoa. Horrez gain, beste bost lagunek sei egunez une oro lokalizatuta egon eta 300 euroko isuna ordaindu beharko dugu.
Helegitea aurkeztuko duzue?
Bai, espetxe zigorra duten zazpi pertsonetatik bostek jarri dugu helegitea. Horretarako, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugu. Hortik aurrera, beste hogei egun ditugu helegitea idazteko eta aurkezteko. Hala ere, udalak eta fiskalak ere errekurtsoa jarri dute. Udalak ezin du guretzat zigorrik eskatu. Epaileak bere gain utzi duelako gizarte erantzukizun subsidiarioa. Beraz, helegitea ezarriz gero gizarte erantzukizuna kentzeko eskatuko dute, kalte-ordainak botila bota zuenak ordaindu ditzan. Fiskalaren errekurtsoa, ordea, zigorren ingurukoa da.
Beraz, botila bota zuen pertsonak, hiru urte eta erdiko espetxe zigorraz gain, kalte-ordainak ere ordain ditzake?
Bai, printzipioz hark ordaindu beharko ditu kalte-ordainak. Baina ezin badu ordaindu, erantzukizuna udalarena da. Hau da, zigortutako gaztea kaudimengabea bada, udalak ordainduko ditu kalte-ordainak. Momentu honetan, zigortutako gaztea lanean ari da; beraz, hilero diru kopuru zehatz bat kendu beharko liokete.
Zenbatekoak dira kalte-ordainak?
Azken epaia atera arte ez da zehaztuko ordaindu beharrekoa. Madrilgo gaztearen familiak 340.000 euro eskatzen zituen, eta fiskalak, 150.000. Familiak tratamenduarekin jarraitu nahi du, eta, horretarako, dirua behar dute. Baina orain Espainiako Auzitegi Gorenera jo dugunez, urteak iraun dezake epaiak. Familiari, gainera, komeni zaio udalak izatea erantzukizuna. Zigortutako gazteak ezin izango duelako ordaindu eskatzen duten guztia.
Madrilgo gaztearena gertatu izan ez balitz epaiketa izango zenutela uste duzu?
Guk uste dugu ezbehar hori gertatu izan ez balitz dena bere horretan geratuko zela. Udaltzainek egindakoa euren eginbeharretatik kanpo dago erabat. Txupinazoan gertatutakoa gu kriminalizatzeko erabili dute. Guk beti esan dugu asko sentitzen dugula Madrilgo gaztearekin gertatutakoa. Hark aitortu digu uste duela errua udaltzaingoarena dela. Hark badaki udaltzainek beste modu batera jokatu izan balute ez zela egoera horretan egongo. Guztiok gara biktimak; hura da larriena, baina oso larria da ikurrin bat ateratzeagatik pertsona bat espetxera joatea ere.
Azken urteetan, hainbat tirabira izan dira ikurrinarekin; badirudi eztabaida piztu dela gizartean.
Txupinazoaren egunean, era batean edo bestean beti egon da ikurrina udaletxean. Baina Barcinarekin dena aldatu zen. Urtero tirabiraren bat egon da, baina 2010ekoa berezia izan zen. Hortik aurrera, dena increccento joan da. Jendeak ikurrina atera nahi zuen, eta haiek ezetz. Hurrengo urtean, udaltzain bat atera zen ebakigailuarekin ikurrina mozteko. Imajinatu ezazu zer gerta daitekeen uztailaren 6an, Udaletxe plazan, ebakigailu batekin. Azken urtean arrantzale bizardunena izan zen. Gertaera horien ondorioz, hainbat dinamika sortu dira. Jendea hasi da esaten: “Zer gertatzen da ikurrinarekin? Jende pila bat gara ikurrina nahi dugunak. Betoa jartzen ari zarete; ez gaituzue errespetatzen”. Eskubideak ez direla errespetatzen ikusi dute herritarrek. Jendea ikurrinarekin identifikatzen bada, zergatik ezin du atera?
Ikurrin handien arazoa segurtasun arazoa dela dio udalak.
Hori aitzakia baino ez da. UPNk ez du inoiz onartuko ikurrinaren aurkako kriminalizazioa eta jazarpena dagoenik. Aitzakiak erabiltzen dituzte, kolpeak eta jipoiak gertatzen direla diote. Beldurraren politika egiten ari dira. Ez da soilik ikurrina: “Euskaldunak datoz. Ikurrina inposatu dute, eta, gainera, ostiak emango dituzte”. Hori da euren jokoa. Badakite nondik datorren kontraboterea, eta jendea beldurtu nahi dute: “Kontuz euskaldunekin; oso gaiztoak dira, eta izorratuko zaituztete”.
Ikurrinaren epaiketen harira sortu duzue Iruñea Askatasunez taldea?
Bai, sanferminetan errepresioa jasan genuen hainbat pertsona elkartu ginen. Baina segituan jabetu ginen arazoa askoz ere sakonagoa zela. Eskubideak urratzen dira. Iruindar guztiok ez ditugu eskubide berak; batzuoi betoa jarri digute. Baina beste guztiek duten eskubide eta zilegitasun bera dugu. Arazo pila dago, gabezia handiak baitaude hainbat esparrutan: besteak beste, emakumeekin, migratzaileekin eta euskararekin. Bestalde, sinboloen legea onartu zuten, baina Rodezno kondearen plazak eta Erorien monumentuak bertan jarraitzen dute, frankismoaren ikurrak oso ondo zaintzen baitituzte. Egoeraren argazki orokorra egin nahi dugu. Guztion eskubideak errespeta daitezen. Inori ez zaio komeni iruindarrok elkarrekin mokoka bizitzea.