Kalekaldek lehen urtemuga ospatuko du bihartik aurrera

“Etxabea alokatu genuenean ez zegoen ezer, zakartegia ematen zuen”, dio Arkaitz Zudaire gazteak. Gazte lokal bat da Kalekalde, Iruñeko Alde Zaharreko Kaldereria kalean dagoena. Bihartik aurrera, lehen urteurrena ospatuko dute. Hamaika ekinaldi prestatu dituzte horretarako, besteak beste, hitzaldiak, kontzertuak eta ikuskizunak. Urtebeteko bidea bakarrik egin badu ere, Zudairek uste du erreferentzialtasuna hartzen ari dela Kalekalde, gero eta eskaintza zabalagoa baitu.

“Orain bi urte, Iruñerriko Gazte Topaketak egin ziren Atarrabian. Bertan, gazte mugimenduaren egoera aztertu genuen, nahiko makal zegoela uste baikenuen. Topaketetako ondorioetako bat izan zen gazte mugimenduak leku fisiko baten beharra zuela. Hori da Kalekalde”, azaldu du Zudairek. Lokal baten bila hasi ziren gazteak, eta Kaldereria kalean aurkitu zuten egokia. Denbora luzez lan eta lan ibili dira, tokia atontzen. “Oraindik ez dugu guztiz bukatu, baina, hala nola, lurra jarri, komunak eta bulegoa egin eta estoldak jarri ditugu”. Proiektua astiro baina martxa onean dabilela uste du Zudairek. “Kalekaldek gauza asko eskain ditzake; hasteko eta behin, espazio fisiko bera”. Leku fisikoa badute, eta hari dira ekinbidez betetzen. Otsailean, feminismoari buruzko hitzaldi sorta antolatu zuten. Horrez gain, kontzertuak, erakusketa eta banatzaile alternatiboen topaketak ere egin dituzte. Osteguneroko pintxo potea ahaztu gabe. Aurrera begira, dantza flamenkoaren tailerra eta bizikletak konpontzeko txokoa prestatzen ari dira. Baina lokala mantentzeak lan handia eskatzen du, hilero alokairua ordaindu behar dutelako. Diru beharrak asetzeko, bazkideen figura sortu dute, kalekideak. Hala ere, Zudairek gogorarazi du Kalekalden parte hartzeko ez dela ordaindu behar.

Egitarau oparoa

Biharko egun borobila prestatu dute Kalekaldeko kideek. Goizean, Labrit Toursen laguntzarekin, Iruñeko historia soziopolitikoa ezagutzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Ibilaldiaren osterako, herri bazkaria prestatu dute, eta, bazkalostean, Iruñea Askatasunez-ek antolatutako manifestazioarekin bat egingo dute. Arratsaldeko triki poteoaren ondoren, karaokeaz gozatzeko aukera izango da bertan.

Baina urtemugaren ospakizuna ez dute egun bakarrean egingo gazteek. Heldu den ostiralera arte egingo dituzte ekinbideak. Martxoaren 19an, musikari buruzko mahai ingurua gidatuko du Eguzki irratiko kide batek. Mahaiaren inguruan egongo dira Enrique Villareal Drogas, Oihana Fernandez Afu, Diego El trono de Judas eta Jimmy Arkada Social. Hurrengo egunean, Kalekalde varieté zirko eta antzerki emanaldia egongo da ikusgai.