Maria Paz Benito Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaileak onartu ditu Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruaren eta haren inguruko beste lau udaltzainen aurkako bi salaketak. Guztira, Santamariak zazpi deliturengatik deklaratu beharko du, hala nola mehatxua, indarkeria, botere gehiegikeria, langileen eskubideen aurkako eta biltzeko eskubidearen aurkako delitua, lan diskriminazioa eta faltsukeria. Martxoaren 27an deklaratuko du, 09:00etan. Iruñeko Udaltzainen Elkarte Profesionala sindikatuak jarri ditu salaketak.
Lehenengo salaketa sindikatuko kide batek jarri zuen. Udaltzainak salaketan bederatzi puntutan azaltzen du haren aurkako ustezko jazarpena. Beste salaketan udaltzainen sindikatuak azaltzen du hamabost udaltzainek zigorrak jaso dituztela eta txostenak ireki dizkietela, besteak beste, gaizki aparkatutako auto ofizial bat salatzeagatik. Auzitegian aurkeztutako salaketa gehienak lehenago Nafarroako administrazio auzitegian eta administrazioarekiko auzietako auzitegian epaitu dira. Hainbat alditan, epaileek salaketa jarri dutenen alde egin dute, eta, beste batzuetan, udaltzainen helegiteak aintzat hartu dituzte.
Talde politikoen salaketa
Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidente eta Iruñeko alkate ohiak babes osoa eman diote Santamariari. Iruñeko Udaleko hainbat talde politikok, ordea, alkatearen jarrera arbuiatu dute. NaBaik uste du Maiarena dela gertatutakoaren erantzukizuna. Aritz Romeo Aralarreko zinegotziaren aburuz, “Santamariak ezin du jarraitu udaltzain buru”. Bestalde, Iruñea Askatasunez taldeak beste hiri eredu baten alde elkarretaratzera deitu du martxoaren 21erako, 12:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.