Euskaldunei ahoa ez ixteko

Eskasa. Bidegabea. Itxuragabea". Hala definitzen dute Nafarroako euskalgintzako hainbat eragilek Nafarroako Gobernuak garatzen duen hizkuntza politika. Euskararen kontrako erasoak ahalbidetzen dituela diote. Eta "arrotz" gisa tratatzen dituela nafar euskal hiztunak. Horregatik, mobilizatzeko premia sentitu dute. Biharko, larunbatarekin, manifestaziora deitu dute, 17:30ean, Iruñeko Antoniutti parketik abiatuta. Zonifikazioa egitea, D eredua "kakazten ahalegintzea", ETB sare digitalean ikustea debekatzea, euskaltegiak diru laguntzarik gabe "itotzea", eremu euskaldunetako udalerrietan zerbitzuak euskaraz ez ematea... Diotenez, asko dira protesta egiteko arrazoiak.

Eragileek ez ezik, euskalgintzaren inguruko norbanakoek ere iragarri dute mobilizazioa. Nafarroako Hitza-k deitzaileetako zortzi elkarrizketatu ditu, hiru galderaren bidez nork bere esparrutik azal dezan zein den euskararen egoera.

ANGEL ERRO

Idazlea

"Idazketan nahi luketen luma gazteak bide gabe utzi ditu hizkuntza politikak"

1. Ongi edo oso ongi, kontuan hartzen badugu Nafarroako Gobernuak aurrera daraman hizkuntzaren politikak nabarmenki herrialdearen hizkuntzetako baten kontra jardutea bada. Alde horretatik, aitortu behar zaio ezin hobeki ari dela. Beste kontu bat da herrialdearen hizkuntzetako baten kontra nabarmenki aritzea etikoa ote den. Eta argi eta garbi, jarrera onartezina da.

2. Literaturan jardunda, nago euskararen aurkako edozein politikak eragiten duela. Baina, zuzenean, aldizkari eta prentsa eta oro har euskarazko hedabideei kendu zaien oxigenoak, hala nola zuzenean sorkuntzari eta argitaletxeei laguntzarik ez bideratzeak, idazketan nahi luketen luma gazteago eta berriak bide gabe utzi ditu.

3. Argi dago UPNren gobernua agintean dagoen bitartean ez dagoela zer eginik. Inoiz ez da zer eginik egon, baina gero eta argiago dago euskararen atzerakada beste gobernu batek geldiarazi beharko duela —atzerakada hasi da; izan ere, aurten euskal ereduen matrikulazioa jaitsi da—. Beste kontu bat da nola ekin beharko dion balizko gobernu berriak galdutako eskubideen berreskurapenari, galeraren erritmo geldo eta tai gabean, edo behin betiko.

HELIOS DEL SANTO

AEK

"Euskaltegien diru laguntzak erdira murriztu dituzte azken hamarkadan"

1. Babes juridikoa, zonifikazioa eta Euskararen Legea ikusita, eskasa da. Guztiz desegokia da, ezaguna, historikoa, eta arazo kroniko bat bihurtu dena. Euskalgintzatik aztertzen dugunean, argi dugu babes juridikoa ez dela nahikoa Nafarroan. Berezko hizkuntza ez da ofiziala hainbat eremutan, hiru zonifikazio existitzen dira...

Jardun politikoa aztertuko bagenu, ez da gai izan desegokia den Euskararen Legea bere horretan garatzeko ere. Berezko hizkuntzaren garapenaren kontra aritzen den jardun politikoa ezagutu dugu hamarkadatan.

Aurrekontuei dagokienez, krisiaren garaian, ederki baliatu dute aitzakia, baina oparotasun garaietan ere, duela sei-zazpi urte, aurrekontuak handitzen zirenean ere, murrizketak egiten ziren euskararen arloan.

2. Berrogei urte daramatzagu herritar helduei euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen. Euskararen legeak jasotzen du bigarren artikuluan erabiltzeko eta ezagutzeko eskubidea. Gu hori bermatzen aritzen gara. Izan ere, murritza da administrazioaren apustua helduen euskalduntzean. Horri aurre eginez, ezinbesteko ekarpena egin dute IKAko zein AEK-ko euskaltegiek: 70 bat auzo eta herritan ari gara lanean, eta milaka lagun pasa dira gure klaseetatik.

Baina gobernuaren aldetik ez dago inolako planifikaziorik. Ez dago administrazioaren eta euskaltegien arteko hartu-emanik, ez mahairik, ez plangintzarik. Sustapenaren aldetik hutsaren hurrengoa da. Diru laguntzak azken hamarkadan erdira murriztu dituzte, eta azken bi urteetan beste %40. Gainera, 2013an eta 2014an aurrekontuetan kopuru bat egonda ere, ez digute oraindik eman.

3. Euskal komunitateak eusten dio eguneroko jardunari, eta hori azpimarratu behar da. Milaka lagunek jotzen dute euskaltegietara euskara ikasi nahian, euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdia hor daude... Hori bada zerbait.

Hala ere, argi dago Nafarroan bestelako hizkuntza politika behar dela. Gobernu honen eraso zerrenda amaigabeari amaiera emateko eta hizkuntza politika eraginkorra garatzeko. Aldaketa politikoa egonda ere, euskarak behar du hizkuntza politika berria, planifikatua, helburuekin, aurrekontuekin... herri gogoa elikatuko duena.

AIORA EPELDE

Sortzen

"D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu"

1. Euskara txikitzeko estrategia bat da. Eraso egiteko garatu dute. Adibide asko jar ditzakegu: zonifikazioa: horren arabera, Nafarroako herritar askori euskaraz bizitzeko eskubidea kendu egiten diete, eta gainontzeko eremuetan ere ez dute ziurtatzen; helduen alfabetatzean dabiltzanei diru laguntzak kendu dizkiete; euskal hedabideak ere gaizki daude... Oztopo latzak jartzen dizkigute.

2. Euskarazko irakaskuntzari dagokionez, kontra egiteko prestasuna dauka gobernuak. Hor kokatu behar dugu abenduan D ereduko irakasleen kontra Guardia Zibilak zabaldutako txostena.

Bestalde, Izquierda-Ezkerrak mozio bat aurkeztu zuen ikastetxeetan eredu guztiak partekatzeko. Onartu zen, eta UPN oso pozik dago. Bat-batean, orain, ikastetxe batean nahas ditzakete A eredua, B eredua, ingelesezkoa.. D ereduko ikastetxeak diren espazio berezi horiek galtzeko arriskua daukagu.

3. Herritarren mobilizazioa da inportanteena. Eskubideak ziurtatu behar ditugu. Euskalgintza osoari dagokio proiektu zehatz batzuk martxan jartzea, mezu baikor batekin. Hala, urratsak egiten jarraituko dugu normalizazioaren bidean.

JULIO SOTO

Bertsolaria

"Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; diru laguntzak urriak dira"

1. Garbi ikusten da euskararen kontrako erasoa dela. Euskararen erabilerari kalte egiteko egin dute.

2. Batetik, udaletxeek aurrekontu urria jasotzen dute euskara sustatzeko; beraz, bertso saioetarako ere diru gutxi eman dezakete. Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkartea ataka larrian dago; jasotzen dituen diru laguntzak geroz eta urriagoak dira, eta aurreko urteari dagozkion laguntza batzuk oraindik jasotzeko zain dago. Eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak daukan proiektua interesgarria eta beharrezkoa da gurean euskara sustatzeko.

3. Lehendabiziko pausoa da kalean presioa egitea. Alegia, Nafarroako Gobernuari politikak eta jarrerak debalde atera zaizkio. Baina, orain, sektore batzuek aurre egiten diote. Era berean, gobernu aldaketa ere ezinbestekoa da.

IÑAKI LASA

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua

"Euskara galaraztea da hizkuntza politikaren xedea"

1. Hizkuntza bat biziberritzeko behar diren baldintza guztien kontra jotzen du. Hezkuntza alorrean, D eredua ahultzeko politika du. Euskalduntze alfabetatzean, itotze ekonomikoaren politika aplikatzen du.

Azken 30 urteetan, ez da egon administrazioa euskalduntzeko inongo plangintzarik. Euskararen normalizazioa eragozten du; euskara galaraztea da politika horren xedea.

2. Kontseiluak hizkuntza normalizazioa sustatu nahi du. Gobernuak, baina, oso hizkuntza politika irmoa du. Oso garbi ditu bere helburuak. Argi du hizkuntza hau ez duela normalizatzen utzi nahi.

3. Hizkuntzaren gatazkak botere gatazkak dira. Boterea baldin baduzu, normalizazioaren bidean jartzen duzu, eta aurrera egiteko aukera duzu. Baina, instituzioez gain, gutariko bakoitzak dauzka botere guneak nork bere bizitzan. Adibide bat jartzearren, D eredua hautatu duten guraso guztiek, haiek ere euskararen aldeko apustua egingo balute... Nafarroako Gobernuak egin dezake nahi duen hizkuntza politika, baina guk emango genukeen aurrerapausoa... ikaragarria izango litzateke!

Horrez gain, hemen beharko genukeena da hizkuntza politikaren aldaketa, eta gobernua ez bada aldatzen, ezinezkoa da. UPNrekin ez dago zereginik. Eta hizkuntza axola bazaigu, maite badugu, horren kontziente izan behar dugu. Mezu positiboa da deus ez dagoela galduta. UPNk hizkuntza politika zital hori abian badu ere guk ere baditugula gure botere guneak. Badugu istorio honi buelta emateko aukera!

GARBIÑE PETRIATI

Hizkuntz Eskubideen Behatokia

"Zerbitzu publikoetan sumatu dute hizkuntz eskubideen urraketa herritarrek"

1. Euskaldunon eta euskararen presentzia desagertzeko politika izan da, gu ikusezin bihurtzeko. Euskararen Legea bera murritza da, baina Nafarroako Gobernuak lege horren are irakurketa mugatuagoa egiten du.

2. Guk hizkuntza eskubideen urraketen harira lan egiten dugu. Zerbitzu publikoetan sumatu dute urraketa herritarrek. Hezkuntzan, adibidez, agerikoa izan da eremu ez-euskaldunean herritarrek duten egoera. Osasun arloan, profesional erdaldunak eraman dituzte eremu euskaldunetara. Administrazioaren politika erdalduna da. Erdara hutsean daude kartelak, panfletoak... Begi bistatik kendu nahi gaituzte euskaldunok.

3. Ezinbestekoa da nafar guztioi hizkuntza eskubide berberak aitortzea. Eskubide horiek onartuta, errealitate bihurtzeko neurriak eta baliabideak eskaini beharko dituzte.

Gauzak beltz badaude ere, jendeak egiten du ahalegina. Herritar asko saiatzen da joaten den tokira joaten dela euskaraz eskatzen.

GORKA IRIARTE

Euskal Herrian Euskaraz

"Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, baina jasanezina da itolarria"

1. Euskararen normalizazioarekin eta euskaraz bizitzearen aldeko urratsekin amaitzea da hizkuntza politikoaren helburua. Kaxkarra da. Egoera larria da. Jasanezina da, itotze larrian utzi nahi gaituelako euskalgintzako eragileak, eta euskararen aldeko mugimendua, orokorrean. Mesede gutxi egiten digu, eta gainera, oldarkorra da.

2. Guri Euskal Herrian Euskaraz eragile autogestionatu bat izanda, ez digu eragiten. Dena den, egia da normalizazioaren bidean dirua behar dela.

Diru laguntzen beharra dago. Nafarroako euskalgintzak indar berezia dauka, egoerak bultzatuta, baina jasanezina da itolarria. Bai euskalduntzearen eremuan, baita hezkuntzan ere. Hedabideei dagokienez, EITBrena adibidez, ikusi ezin izatea... Eta hedabide txikiek ere ez dute irauteko beharko luketen diru apurra.

3. Euskalgintzaren borondatetik abiatu beharko genuke hasteko. Lanerako gogo izugarria dago, planteatzen diren erronkei erantzuteko. Orain dagokigun lana da euskaldunon aktibazioa bilatzea. Eta ez bakarrik erasoei begira, euskaraz bizitzeko dugun premiari begira baizik. Kontzientzia hori behar dugu. Areagotzea, hori indartzea dago oinarrian; hori egituratzeko gai bagara, hutsuneak konpontzeko indarrez gai izango gara. Eragile zein norbanakoetatik abiatuta.

Bestetik, gobernuan borondate politikoa behar da; kolore ezberdinetako alderdiak egonda ere, konpromisoa behar dugu.

JUAN KRUZ LAKASTA

Euskalerrria irratiko kazetaria

"Hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin behar ligukete"

1. Egiatia. Kontsekuentea. Garai batean zioten euskara maite zutela eta arazoa zela abertzaleek euskara politizatu egiten zutela. Aurelio Artetarekin-eta lema kolpea eman zuten, euskara baztertzailea zela esaten hasiz.

Ziaboga osoa amaituta, orain mozorroa kenduta ari dira euskararen aurka, lotsagabeki, euskarazko hedabideei zein euskaltegiei laguntza guztiak ukatuz, irakaskuntzan atzerapausoak emanez...

2. Euskalerria irratiaren kasuan, hizkuntza gutxituan ari den irratia izanda, diskriminazio positiboa egin beharko lukete gurekin, baina negatiboa egiten dute. Irrati erdaldunak baino baldintza kaskarragoetan ari gara, lizentziarik eta publizitate instituzionalik gabe. Kalte latza da hori. Baina denak du bere alde ona, baita horrek ere.

Nafarroako Gobernuaren erasoek nolabait ere indartu egin gaituzte: batetik, bestelako finantzabideak, publizitatea, bazkidetza lantzera bultzatu gaituztelako; eta, bestetik, irratia sostengatzen duen komunitatea bizkortzen eta trinkotzen dutelako.

3. Gobernu aldaketarik ez dagoen bitartean zaila izanen da. Hori horrela, egiten digutenekin kezkatu behar dugu, egiten digutenari erantzun behar diogu. Baina ezin ahantzi zer egin dezakegun guk. Maizegi objektu bezala ikusten dugu geure burua. Eta subjektu ere izan bagarela ahantzi egiten zaigu.