“Arrazakeria instituzionalak gizarte arrazakeria elikatzen du”

SOS Arrazakeriak Europa gotorlekuaren aurka, eskubideen alde jardunaldiak antolatu ditu. Hainbat hitzaldi eta dokumentalen bitartez aztertzen ari dira, besteak beste, etorkinek pairatzen dituzten eskubide urraketak eta azken urteetako eskuin muturraren gorakada. Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kidea da (Burgos, 1982); haren aburuz, Europako immigrazio legeek ez dute bat egiten giza eskubideen adierazpen unibertsalarekin. “Ezin dira egin jatorri etniko eta nazionalaren arabera pertsonak diskriminatzen dituzten legeak”. Baina, gainera, Lampedusako gertakarien ostean Italian legea gogortu zuten, eta Ceutakoen ostean, Espainiako legea “oraindik gehiago” gogortuko duen erreforma espero du.

Biharko manifestaziora deitu duzue. Zeintzuk dira zuen aldarrikapenak?

Arrazakeria instituzionala salatu nahi dugu. Immigrazio legeak eragiten duen arrazakeria, hortaz. Arrazakeria instituzionalak gizarte arrazakeria elikatzen du. Gizarte guztietan dago arrazakeria, Nafarroakoan ere bai. Horren aurka borrokatu behar dugu, baina hori esateak ez gaitu asaldatu behar. Gizarteak jarrera arrazistak ditu, eta pertsonok jarrera arrazistak ditugu. Gainera, badago diskurtso politiko instituzional jakin bat jarrera horiek indartzen dituena. Etengabe errepikatzen digute etorkinak gurekin lehian daudela baliabideak jasotzeko eta lana lortzeko. Horrek bertakoen eta kanpoen arteko gizarte haustura ikaragarria eragiten du. Krisi garaiotan, diskurtso hori gehiago zabaldu da, eta ikusi dugu nola etorkinak gizarte murrizketa askoren aker buru izan diren, errurik gabe pagatu duten.

Gaur, Profil etnikoaren araberako polizia identifikazioa txostena aurkeztuko duzue. Zer dio txostenak?

Valentziako Unibertsitateko [Herrialde Katalanak] ikerlari talde batek egin du. Bertan, aurretik genekienari datuak jarri dizkiote. Egunero poliziek pertsonak identifikatzen dituzte euren hazpegi genotipikoengatik. Hori, moralik eta zilegitasunik gabekoa izateaz gain, legez kanpokoa da.

Legez kanpokoa dela salatu duzue ere Europara iristen direnekin egiten dena. Zer adierazi nahi duzue Europa gotorlekua diozuenean?

Gure taldea sortu zenetik mugen asimetria salatu dugu. Norberaren jaioterriaren arabera, errazagoa edo zailagoa da munduan barrena ibiltzea. Afrikarrek Europa hegoaldeko muga zeharkatzen dute, hor daude Ceuta eta Melilla adibidez, hesia gainditzea da Europara sartzeko duten bide bakarra. Ez dute beste aukerarik. Inork ez luke bere bizia arriskuan jarriko hegazkinez etorri ahal izango balu. Urtez urte, progresiboki, mugak eta immigrazio legeak gogortu dituzte. Egun ikaragarria da egoera.

Ceuta eta Melillan edota Lampedusan gertatzen direnek oihartzuna izan dute azken aldian hedabideetan. Baina aspaldiko kontua dira.

Bai, eta okerrena da, gerra hizkera erabiltzen dutela etorkinen sarreraz hitz egiteko. Erasoa egotzi, inbasioa eta halako kontzeptuak erabili dituzte; toleraezina da. Garrantzitsua da gogoratzea hesia igarotzen dutenak immigrazio osoaren %5 baino ez direla. Sarrera horiek mediatikoki nabarmentzea kazetaritza morboa baino ez da, eta lortzen duen gauza bakarra gizarte alarma sortzea da. Hainbat alditan, gainera, inolako arrazoirik gabe.

Beraz, etorkinen %5ek baino ez dituzte zeharkatzen hesiak?

Hori da. Gainera, 2010etik aurrera gehiago dira etxera itzuli diren Afrikako biztanleak, Espainiara sartu direnak baino. Beraz, nik uste dut gogoeta egin beharko genukeela gisa horretako berriak lantzeko moduaren inguruan. Horrekin batera, kontuan izan behar dugu gobernuek giza krisi horiek erabiltzen dituztela gizartea larritzeko eta immigrazio legeen gogortzea justifikatzeko. Italian hori gertatzen ari da. Lampedusako [Italia] azken aldiko tragedia larrienaren ostean, Italiako mugak gogortu, eta armadak itsas salbamenduak egiteko eskuduntza jaso zuen. Ez dakigu Ceutakoaren ostean zer gertatuko den, baina ziur gaude legeak gogortuko dituztela.

Europara sartzea lortzen dutenak atzerritarrak barneratzeko zentroetara joaten dira. Zergatik?

Behin-behineko egonaldirako zentroak dira. Bertan, Europako legediaren arabera, asiloa eta babesa eska dezakete, eta estatuek eskaera horiek aztertu behar dituzte. Baina, horren ordez, iritsi orduko bidalketak, ezkutuko bidalketak eta masan irekitako kanporatze txostenak egiten dituzte. Jadanik normalizatu ditugu masan irekitako kanporatze txostenak, baina hori sekulako eskubide urraketa da.

Zein izango litzateke jokamolde egokia?

Egungo Espainiako immigrazio legea nahiko izugarria da, besteak beste, Europako zuzentarautik edaten du, hau da, lotsaren zuzentarautik. Lege horrek aukera ematen du kanporatze eta itzultze txostenak irekitzeko Espainian modu irregularrean daudenei eta Espainiako mugetako bat paperik gabe igaro dutenei.

Pertsona horiek nazioarteko itunen bidez babestuta egon beharko lukete; itun horiek herrialde bakoitzeko immigrazio legeen gainetik egon behar dute. Pertsona guztiok eskubidea dugu beste leku batean asiloa eta babesa eskatzeko. Are gehiago, pertsona horiek egoera okerretatik ihes egiten dutenean, eta, euren bizia ere arriskuan dagonean. Ikusten duguna da Espainiak oso pertsona gutxi hartzen dituela; ez du ia inor hartzen. Beraz, herritarrak paperik gabeko immigraziora bultzatzen ditu, mugak modu irregularrean zeharkatzera beste aukerarik ez dagoelako.

Zer proposatzen duzue bidezko immigrazio legea sortzeko?

Egin behar den gauza bakarra da legeak egitea giza eskubideen adierazpen unibertsala kontuan izanda. Besterik gabe, immigrazio legea ez baldin badator bat adierazpen horrekin, ez ditu oinarrizko eskubideak errespetatzen. Beraz, ez da existitu behar, eta indargabetu egin behar da. Ezin dira egin jatorri etniko eta nazionalaren arabera pertsonak diskriminatzen dituzten legeak. Erokeria da. Erabat normalizatua dago, baina ez luke horrela izan behar.