Iaz, Nafarroako egunkarietako azalak bete zituen Eguesibarrek. Arrazoia: ustelkeriak hartua zuen udala. Jose Andia UPNko alkateak Catalunya Caixako lehentasunezko akzioak erosi zituen diru publikoa erabilita. Osotara, 100.000 euro gastatu zituen. Hori ez zen, baina, polemika bakarra izan. 30.000 etxebizitza egiteko plana aurkeztu zuen UPNk, eta bizilagunek espekulazioa salatu zuten. Gatazken poderioz, Andiak postua utzi, eta UPNko zinegotzi batek dimisioa aurkeztu zuen. Gardentasun falta nabarmendu zuten oposizioko alderdiek. NaBaik eta Ezkerrak hartu zuten orduan alkatetza, koalizioan. Horregatik, ustelkeria gertutik jasan ostean, Nafarroako Gobernuaren krisia “lasai” bizi izan dute bertakoek; izan ere, “ohituta” daude azpijoko politikoekin.
“Lotsagarria” da gobernuan UPNk sortutako eta PSNk hauspotutako egoera. Horrela ziurtatu du Gorka Sevillak, Eguesibarko parte den Sarrigurengo herritarrak. Auzitegiek Barcina erreduntzat jo ez badute ere, “moralki” erruduna dela uste du. “Etikoki ustela dago dena”.
Dena den, ez da harritzen halako kasuekin. Orain, urak harrotuta daudenean gobernuan, bare daude Eguesibarren: “Hemen ez dugu sumatu gobernuaren krisia. Alkatetza aldatu zenean lasaitu ziren gauzak, eta oraingoak ez dio maila lokalean hemengoari eragiten”. Lurraldearen politika orokorrerako garai txarrak diren honetan, “hobera” egin du herriak. “Zerbitzuek, euskararen erabilpenak, kudeaketak…”.
Herritar guztiak, ordea, ez dira iritzi berekoak; batzuek pentsatzen dute alderdien arteko hika-mikek maila lokalago batean ere kalte egin dutela. Beatriz Pla sarrigurendarrak deritzo gobernuak dirua “hartzen” duela eta, ondorioz, udaletxeak aurrekonturik gabe geratzen direla. “UPN-n denak dira laguntxoak, hemen eta gobernuan. Edonon egiten dituzte trikimailuak”, salatu du. Bere garaian, UPNk “oso gaizki” eraman zuen Eguesibarreko alkatetza. Gauzak aldatu dira, ordea. “Pixkanaka-pixkanaka, gardentasun handiagoarekin egiten dute kudeaketa, eta herriaren alde jarduten dute gehiago”.
Pablo Gonzalez eta Beatriz Blasco herritarrek ere bat egin dute Plaren ustearekin. Barcinaren taldeari gertatutakoak isla izan du herrian. Gonzalezek “lotsagarritzat” jo du. “PSNri esker UPNk sortu du kalapita hau guztia”. Alabaina, “zorionez” ez dira alderdi horiek egun herrian agintean daudenak. “Eguesibarren ustelkeriaren gaia gainditzen ari gara jada”. Korrontearen kontra doaz, dioenez, eta egungo garaiak onak dira: “Dinamismo handiz lan egiten ari da udala”. Blascok ere kalea “biziberritzen” ari dela dio.
Aitor Hernaiz sarrigurendarrak ildo beretik jo du; “hobeki” dago dena: “Behintzat herria ez da egunero egunkarietan azaltzen”. Pozik dago, “normaltasun apur bat” lortu dutelako.
Herrian gauzak konponduta, Nafarrora so egiten du: “Konponbidea” behar dela dio. Nahiz eta aitortzen duen “nekatuta” dagoela eta “konfiantza” galdua duela. “Kalean dagoena gobernuan arnastea” nahi du Hernaizek, eta gobernu hauteskundeak aurreratzea.