“Argi izan behar da pertsonak marrazkien gainetik daudela”

Hamazortzi urte daramatza Myriam Camerosek irudigintzan lanean (Zarrakaztelu, 1978). Leioan (Bizkaia) egin zituen Arte Eder ikasketak, eta geroztik “tituluen bilduma” egin duela dio. Halabeharrez egin zituen lehen lanak Camerosek. “Zin egin nion Bilboko tabernari bati Arte Ederren Fakultateko margolari onenen lanak lortuko nizkiola, haren tabernan erakusketa egiteko. Erakusketaren eguna heltzear zegoela, nire lagunek esan zidaten beste toki batean lortu zutela erakusketa egitea. Beraz, gaizki ez gelditzearren, nik neuk egin nituen margolanak”. Erakusketak oso harrera ona izan zuen, margolan guztiak saldu baitziren, eta, hortik aurrera, beste taberna batzuetan erakusketak egin eta Andra aldizkarian lana lortu zuen irudigile gisa. Baina irudigintza gorabehera handiko lana da, eta hainbatetan zortea alde izan badu ere, une latzak ere pasatu ditu.

Andra aldizkariko irudiak egiten bazituen ere, bestelako lan batzuk ere egin behar izaten zituen Camerosek bizimodua aurrera ateratzeko. “Nahasmen eta huts egite asko izan nituen garai batean. Edozer gauza egiten nuen, ez nuen zehaztua zer nintzen”. Duela hamar bat urte Bartzelonan bizi zela, Jordi Labanda irudigileak ospe handia zuen. “Pentsa nola nengoen, Labandaren antzera marrazten hasi nintzela. Pixka bat aurrerago, kamiseta enpresa sortu nuen beste bi lagunekin. Mirika jarri genion izena. Baina ez dakit astebete ere iraun zuen”. Kamiseta enpresaren porrota azkena izan zen. Camerosek gogoeta egin behar zuela erabaki zuen. Ezin zuen horrela jarraitu, eta aldaketa behar zuen. “Elkarrizketa sakona izan nuen neure buruarekin: ‘Zer nahi dut? Zer da gustatzen zaidana?’. Horrela konturatu nintzen benetan gustatzen zaidana komikiak egitea dela”. Erabakia hartu zuen, eta horretan hasi zen buru-belarri. “Lagunek esaten zidaten burutik jota nengoela, irudigintzaz ezin zela bizi, gutxienez diseinu grafikoa ere egiteko. Baina nik esan nien: ‘Ez, nik irudigilea izan nahi dut'”.

Bizi ikuspegi berriarekin lanean hasi zen. Nunila Lopez Bartzelonan ezagutu zuen, baina euren arteko harremana ez zen bat-batean sortu. “Nik Nunila [Lopez] Bartzelonan ezagutu nuen. Etxe okupatuetan eta toki alternatiboetan ipuinak kontatzen zituen. Nik berarekin egotea saihesten nuen. Zarrakaztelutik Bartzelonara modernoa izateko joan nintzen, eta ipuinak Erdi Aroko kontua iruditzen zitzaizkidan”. Baina egun batean, Lopezen ipuin kontaketa bat ikusi zuen, eta liluratuta gelditu zen. “Zur eta lur gelditu nintzen. Izugarrizko indarra du Lopezek, rol mordoa pikutara bidaltzen ditu, emakume hori arimaraino sartu zitzaidan, eta bakoitzak norberaren nahigabeez barre egitea lortu zuen”. Camerosek Lopezi esan zion bere ipuinak marraztuko zituela, eta horrela sortu zen Mari Zipriztinek ez du zorioneko galeperrik nahi liburua.

Ipuina bukatu zuten, baina argitaletxe batek ere ez zien jaramonik egin. Beraz, hainbat laguni posta elektroniko bidez laguntza ekonomikoa eskatzea pentsatu zuten, euren kabuz argitaratzeko. Mezuak bidali, eta ezusteko arrakasta izan zuten. Hilabete eta erdian lortu zituzten beharrezkoak ziren 7.000 euroak. Lehen edizio horren ondoren, argitaletxe guztiek jo zuten Camerosen eta Lopezen atea. Orduan, eurak izan ziren kasurik egin ez zietenak. Baina, liburuaren fenomenoak gainditu egin zituen, eta Planeta argitaletxearekin sinatu zuten kontratua. Denera, 40.000 ale baino gehiago saldu dituzte.

Lan horren arrakastaren ostean, Lopezek beste bi lan gehiago argitaratu ditu Cuentos para antes de despertar (Itzartu aurrerako ipuinak) Lopezekin batera, eta El pirata de la pata de pata (Haragizko hankadun pirata) Jose Carlos Andresekin. Baina orain hasiko du Camerosek bere erronka nagusia, bere istorio propioa idatzi eta marraztea. “Hamazortzi urte daramatzat ofizio honetan, eta orain hasiko naiz nire istorio propioa lantzen. Alde horretatik, asko blokeatu naiz, ez naiz ausartu ‘Hau ni naiz’ esatera, eta nahiago izan dut besteen istorioekin lan egin”.

Irudigilearen egunerokoa gogorra dela dio Camerosek. “Ordenagailuaren aurrean ordu mordoa eman behar dira, eta kontuz ibili behar da, bestela lanak jan zaitzake”. Arrisku hori ekiditeko Camerosek, besteak beste, ikastaroak egiten ditu, “kanpora atera eta arnasa hartzeko”. Horrez gain, harremanei eusteak berebiziko garrantzia du. “Beti argi izan behar da pertsonak marrazkien gainetik daudela. Nik denboraldi luzeak pasatu ditut nire gelan itxita lan eta lan, eta hori ez da bidea”.

Horrez gain, Cameros egonkortasun ezaz kexatzen da: “Mari Zipriztinekin Frantzian hamar urtez bizitzeko ez nuke arazorik izango. Hemen, ordea, hilabetez hilabete bizi behar da”. Hala ere, marraztea maite du Camerosek, eta aurrera jarraitzeko gogoa ez zaio falta. Are gehiago, orain, bere proiektuan buru-belarri murgiltzear egonda. Urtebeteko sormen bidaia abiatzera doa.