Behin eta berriz zanpatuak

Duela aste batzutatik hona nafar gizarteak bizi izan duena zanpaketa berri bat da, umiliazioetan umiliagarrienetakoa.Giroa bero-bero zegoen; lehendakaria behingoz gobernutik kentzea hurbil ikusten zen, eta bide batez, agerian jarri den ustelkeria argitzea eta, akaso, zigortzea. Baina ez da horrelako deus ere gertatu, eta, aitzitik, iduri du Barcina andereak bere mesederako erabili duela afera, biktima gisa agertu eta euskal abertzaleen aurkako bere borrokan laguntza eskatzeko.

2007ko hauteskundeak bizi eta oroitzen dituen edonork orduko sentipenak berritu izanen ditu. Orduan ere arnastu genuen gogoa eta poza, aldaketa zetorrelakoan, UPNren legealdi ilunak amaitzera zihoazelakoan. Nolabait ere, Barcina eta Sanzen menpean jasan beharreko guztia gehiegi izan zela, eta gehiegikeriak gertatzen direnean espero den bezala, hori gelditzeko ordua ere bazela.

Baina, zazpi urte geroago bizitu berri dugun honekin, pentsa daiteke alderantziz dela: Zenbat eta gehiegikeria handiagoa egin eta hala agertu, orduan eta zilegitasun handiagoa dutela hortan segitzeko. Eta hori baino umiliazio eta jazarpen bortitzagorik ez dut irudikatzen.

Hala gaude une honetan. Haserre, amorruz beterik, jasaten dugun bortizkeria nolabait ere kanporatu nahirik. Edo erabat etsita. Etsigarria baita; Iruñean bertan, Gazteluko plaza-Euskal Jai-Arantzadi kasuek lur jota utzi dute herritarren gogoa, eta lurraldean oro har, Itoizko urtegiak-Kanalak, eta gertatu berri den ustelkeriaren aferak ere eragina izan dute. Oraintxe bertan, AHTren lanak edota Goi Tentsioko ibilbidearen egitasmoa mehatxu berriak dira. Horien eta sistema publikoa delakoaren murrizketen gibelean, gainera, Tokiko Administrazioaren lege berria gordetzen da, herrien eta kontzejuen autonomia eta izatea bera desagerraraz dezakeena. Bai, bai, oraindik ere badute non segitu, eta, beraz, guk ere non aritu!

Zanpaketa berri honetatik ere zerbait ikasi izanen dugu. Bertzerik ez bada, zanpatzen gaituen munstro horren aurpegi ikaragarria ikusi dugu, Estatua-Opus-Iruñeko oligarkia hirukoak osatzen duena (horiek ere bat bakarra, hiruko “santua”). Hain zuzen ere, hiruko horrek ezarri dizkigu Foru-autonomia eta egungo gobernu eta administrazio sistema, bizi dugun jazarpena ahalbidetzen duena. Munstroari tamaina hartu izanen diogula, eta horren arabera jokatzen asmatuko ahal dugu! Guri, behintzat, gauza bat gelditu zaigu argi: antzu dela herritarron indarra euren Parlamentura, euren auzitegietara bideratzea, horietan gure indarra bahiturik gelditzen dela.

Karriketara ateri eta elkartzerakoan herri-indarra sentitu eta grina piztu delakoan, eta herritarrok geurea egiteko bide berriak asmatuko ditugulakoan, jazarpenetik altxatzeko animoak nafar herrikide guztiei!