“Gure Esku Dago, erabakitze eskubidearen alde ekainaren 8an izanen den giza katea, mugarria izango da, baina ez gure azken ekinbidea”, azaldu du Ander Larunbek, Gure Esku Dago dinamikako Nafarroako kideak. Nafarroako eskualdez eskualde zabaltzen ari dira erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Abenduan hasi ziren herri eta eskualdeko taldeak sortzen, eta azken asteetan lan hori indartzeko ahaleginetan ari dira.
Lehenengo helburua eta nagusia ekainaren 8an Iruñea eta Durango (Bizkaia) arteko giza katea osatzea da. Larunbek azaldu duenez, giza kateak izango dituen 123 kilometroetatik 16 kilometro Nafarroako herritarrez osatzea da asmoa. Kilometro bakoitzeko 800 pertsona inguru beharko dituztela dio Larunbek, eta, erronka handia bada ere, ziur dago lortuko dutela. “Azken urteetan desmobilizazio prozesua izan da gizartean, baina dinamika honek mugiarazi egin ditu geldirik zeuden gizarteko hainbat sektore”.
Gure Esku Dago iazko ekainean aurkeztu zuten, baina Nafarroan abendura arte ez dira lanean buru-belarri hasi. “Udaberriarekin loratzen hasi dira tokian tokiko ekinbideak”. Martxoaren 15ean, esaterako, Bortzirietako hainbat herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko lip dub-a grabatu zuten Lesakan. Besteak beste, dantzariek, txalapartariak, Lesaka eta Giltzarri abesbatzako kideek eta Beti Gazte futbol eta sokatira taldeetako kirolariek hartu zuten parte lip dub horretan.
Hitzordua Malerrekan
Asteburu honetan, Malerrekaren txanda izango da. Bihar, 19:00etan, Doneztebeko zinema aretoan Malerrekako Gure Esku Dago batzordearen aurkezpena egingo dute. Aurkezpen ekitaldiari dantzariek ekingo diote. Horren ondotik, Malerrekan grabatu duten bideoa ikusi ahal izango da. Ekitaldiari amaiera emateko, argazki erraldoi bat egin nahi dute.
Larunbek adierazi duenez, dagoeneko zehaztuta daukate Baztan, Malerreka eta Bortzirietako herritarrek heldu den ekainaren 8an giza katea osatzeko kokatu beharko duten eremua: Itza herria izango da haien kokalekua, Iruñea eta Irurtzun artean. Datozen asteetan ere, Lesakan eta Donezteben bezalako ekitaldi gehiago egiteko asmoa du Gure Esku Dago dinamikak. Larunberen arabera, “eskualdez eskualde zabaltzen ari gara. Halako proiektu batean, gainera, ezinbestekoa da herri mailan lan egitea”. Horren adibidea da martxoan herriz herri ibili den Gure Esku Dago furgoneta.
Herriz herriko dinamikan oinarrituko badira ere, Nafarroa osoko ekitaldi moduan, hainbat korronte politikotako kideen hitzaldi bat egitekotan dira apiril amaieran.