“Ura pribatizatzeko saio garbi bat egin nahi dute”

Urarekin negozioa egin nahi izana egotzi dio Nafarroako Gobernuari Ignacio Gil EHNE sindikatuko kideak (Fustiñana, 1966). Dioenez, Nafarroako ubideak ez du “ez hanka ez buru”. Duela egun gutxi, Yolanda Barcinak, Nafarroako presidenteak berak, aitortu zuen ubidearen lehenengo fasea ez dela errentagarria izan. Hori dela eta, haren hitzak aintzat hartu eta ubidearen lehenengo fasea hedatzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du Gilek.

Nafarroako ubidearen aurka azaldu da tinko EHNE sindikatua. Zer dela eta?

Lehen fasearen proiektua egin zutenetik, ubidearen gaia oso gertutik aztertu dugu. Sindikatuko kideok asko kezkatzen gaituen gaia da. Proiektuaren aurka azaldu gara hainbat irizpide tarteko: ekonomikoak eta agronomikoak. Gure ustez, ureztatze sistema berria ezarri ahal izateko gehiegizko gastua egin behar da. Ez genuen argi ikusten gastuaren eta irabazien ekuazioa.

Nafarroako Gobernuak dio ubideari esker nekazariek era askotako produktuak erein ahal izango dituztela. Ados zaudete?

Inola ere ez. Ubidea erabiltzen hastean lantzeko produktuei dagokienez, alternatiba asko izango zirela zioten, baina hori ez da horrela, inondik inora. Lehen fasean ikusi dugu uste hori ez dela bete. Pare bat urte igaro dira ubidearen lehenengo fasea martxan jarri zenetik, eta denborak arrazoi eman digu. Ikusi ahal izan dugu alternatiba horiek guztiak ia ez direla martxan jarri. Nekazari gehienek laboreen monolaborantzaren alde egin dute. Gainera, ubidetik ura hartzeko sistema jarri duten nekazarien ehuneko handi batek ez du ura erabiltzen, eta beste askok ez dute sistema ezartzeko behar den inbertsioa egin, oso garestia delako, batez ere.

Joan den astean, Yolanda Barcinak aitortu zuen ubideko lehenengo fasea ez zela errentagarria.

Lehen aldia da halako gauza bat aitortzen dena. Argi dagoena da lehenengo faseak ez dituela inoren aurreikuspenak bete, ezta administrazioarenak ere. Baina kuriosoa da. Proiektuaren hastapenetan errentagarritasuna zalantzan jartzen genuenean, askok erotzat hartzen gintuen. Dena den, proiektuaren lehen fasea errentagarria izan ez den arren, urtetik urtera, ubidearekin lotutako diru sailak geroz eta handiagoak dira. Guretzat estrategikoak diren gainontzeko diru sailak, aldiz, murrizten ari dira. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak ematen zituen hainbat laguntza desagertu ere egin dira.

Lehen fasearen hedapenarekin zer lortu nahi du Barcinaren gobernuak?

Iruditzen zaigu Itoizko urtegiak duen edukiera osoa ustiatu nahi dutela. Urtegiak duen azken tanta ere erabiltzeko edo saltzeko aginduko dutela uste dugu. Uraren erabilera publikoaren pribatizazio saio garbi bat egin nahi dute. Azken finean, enpresa baten esku utzi dute ubidearen kudeaketa. Enpresa guztiek dute interes ekonomikoa. Beraz, ubideko ura kudeatzen duenak irabazi ekonomikoak ditu helburu nagusi.

Hainbat nekazarik salatu dute ubideko ura garestia dela. Ados zaude?

Ur hori baliatu ahal izateko, izugarrizko inbertsioa egin behar izaten dute. Gainera, kontuan hartu behar da uzta guztiek ez dutela halako inbertsioei aurre egiteko behar besteko irabazirik eragiten. Adibidez, lehen faseko ureztatze eremuko lursail askotan artoa erein dute nekazariek. Baina kontuan izan behar da azken bi urteetan artoak izan duen prezioa historikoa izan dela. Puztu egin da prezioa. Egoera hori ameskeria zelakoan nago. Aurreko kanpainan kiloko 24 zentimo ordaintzen zituzten, eta aurten, berriz, 18 zentimo. Beraz, prezio jaitsiera ia %30ekoa izan da. Egoera horretan oso zaila da inbertsio horiei aurre egin ahal izatea.