Oztopoz betetako bidearen ondotik, azkenean, igandean egingo dute Etxarri Aranatzen herri galdeketa. Euskal Herri independente bateko herritarrak izan nahi duten ala ez erabaki ahal izango dute 16 urte baino gehiago dituzten Etxarri Aranazko herritarrek. Lehen aldia da Euskal Herrian halako galdeketa bat egiten dena. Debeku, zalantza, muga eta arazoez gaindi, duela bi urte herritar talde batek hasitako bidea helmugara iritsiko da igandean. Gainera, antolatzaileen iduriko, beste herrietan ere antzeko ekinbideak abiarazteko eredu izan daiteke Etxarri Aranazko galdeketa.
Atzerako kontua hasia dute Etxarri 2012 plataformako kideek. Buru-belarri dabiltza igandean dena behar bezala atera dadin. Galdeketa egiteko prozesua oso konplexua izan da, Joseba Beltza galdeketako antolatzaileetako batek aitortu duenez. Galdeketaren inguruko prozesua oso ariketa “interesgarria” dela dio. “Herritarrei galdetu nahi diegu nongoak izan nahi duten, eta hori ariketa guztiz demokratikoa da”, ohartarazi du. Azken egunetan lanez gainezka ibili dira plataformako kideak; hala ere, guztia ondo aterako dela ziurtatu du Beltzak.
Herrian giro berezia sumatzen da. Kaleargietan Har dezagun hitza eta Parte hartuz eraiki etorkizuna irakur daitekeen banderatxoak dituzte jarriak, datorrenaren iragarle. Hala ere, askori kosta egiten zaie gaiaz hitz egitea. “Igandeko galdeketa…?, nik ez dakit ezer”, ohartarazi du kafea hartzera doan 50 urte inguruko gizonezko batek. “Lanik ez dagoela da nik dakidan bakarra”, salatu du. Azken hilabeteetan, hedabideetan bolo-bolo ibili den gaietako bat izan da Etxarri Aranazko galdeketa, baina iduri du oraindik kosta egiten dela kalean halako gaien inguruan hitz egitea. “Gai politikoez publikoki hitz egitea ez zait batere gustatzen”, aitortu du botikatik atera berria den emakume batek.
Errealitate hori ukaezina dela aitortu du Beltzak: “Hainbat arrazoi tarteko, askori kosta egiten zaie adiera politikoa duten ekinbideetan parte hartzea”. Egoera hori horrela dela jakin arren igandekoa oso ariketa garrantzitsua izango dela irizten dio Iñaki Mundiñano Etxarri Aranazko irakasleak. Ekinbidea gertutik jarraitu du, eta hainbat ekitalditara joan da. Baina zerbait nabarmentzekotan, galdeketa gauzatzeko prozesua “garbia” izan dela nabarmendu du. Gainera, antolatzaileek informazioa hedatzeko egin duten ahalegina nabarmendu du.
Jon Etxeberria Sakantzen sareko etxarri aranaztarrak ere galdeketaren aldeko ekinbidea gertutik jarraitu duela adierazi du. “Herrian oso giro baikorra dagoela esango nuke, azken finean zer izan nahi dugun erabaki nahi dugulako”, azaldu du, pozik. Zenbait ekitalditara joateko parada izan duen arren, gehiago parte hartu ahal izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du. “Etxarri aranaztar moduan galdeketari ezin izan diot nahi adina denbora eskaini”. Denbora arazoez gaindi, etziko galdeketan botoa eman ondoren, herrian izango den jaian parte hartuko duela ziurtatu du. Gainera, jaia eta eskubide aldarrikapena uztartzea ideia “paregabea” dela adierazi du.
Etxarri Aranatzen galdeketa gauzatzeko bigarren saioa izango da igandekoa. Iragan urtean, herritar talde batek hala eskatuta, udalak galdeketa bat egiteko prozesua jarri zuen abian. Hala ere, ekinbide hori bertan behera utzi zuen Nafarroako administrazio auzitegiak, Yolanda Barcinaren gobernuak salaketa jarri ostean.
Lehen saioa ezerezean gelditu ondotik, Beltza eta beste dozena erdi bat lagun biltzen hasi ziren. 2013ko azaroa zen lehen bilerak egiten hasi zirenean. Azaldu duenez, ekinbidea ideologikoki plurala den jendearen artean gauzatu dute. Aniztasun hori jomuga izan dute. Izan ere, galdeketaren sustatzaileek ez dute baiezko edo ezezko botorik eskatu. Aldarria bat eta bakarra dute, “erabakitzeko eskubidea”.
Aldarri hori ekinbidearen muina bilakatuta, apurka-apurka pausoak ematen hasi ziren. Besteak beste, galdeketarekin lotutako ekitaldiak antolatu dituzte. Esaterako, Herrialde Katalanetan egin ziren hainbat herri galdeketatako esperientzien inguruko hitzaldiak izan dira herrian.
Katalunian, 2009ko irailean egin zuten independentziaren inguruko lehenengo galdeketa. Eredu hori baliatu dutela adierazi du Beltzak, eta gainera “oso lagungarria” izan dela nabarmendu du; oztopoak gainditzeko, esaterako. Galdeketa egin ahal izateko, ez dute udal azpiegiturarik. Hala, galdeketa norbanako batek utzitako lokalean egingo dute.
Horrez gain, ez dute errolda erabiltzeko aukerarik. “Erroldarik erabili ezin dugunez, galdeketan parte hartuko dutenen herritartasuna frogatzeko modua mugatua da”, ohartarazi du Beltzak. Hala ere, ofizialki Espainiako herritartasuna duten hautesleen kasuan, Espainiako nortasun agiria, pasaportea, gidabaimena edo EHNA erakutsi beharko dute botoa eman ahal izateko.
Jai giroan egitearen garrantzia
Fran Balda musikariak azken egunetan lanez gainezka dagoela jakinarazi du. Igandean izango diren kontzertuen antolakuntzan dabil. Pozik dago igandeko galdeketaren harira. “Etxarri Aranatz herri gatazkatsu gisa ezagun egin da, eta orain halako gauza batengatik hedabideetan agertzea garrantzitsua dela iruditzen zait”.
Iritzi berekoa da Lur Larraza herrikidea ere. “Nik uste jendea igandea iristeko gogotsu dagoela; egun hauetan nabari da halako giro ezberdina herrian”. Batez ere lagun artean gaiaren inguruan dezente hitz egin dutela adierazi du. Baina, bereziki, galdeketa jai giroan egitea nabarmendu du, Baldak egin bezala. Izan ere, galdeketa antolatu dutenek egun osoko jai programa oparoa prestatu dute.
Behin galdeketa eginda zer gertatuko den ez dakiela erantzun du Beltzak. Euren zeregina galdeketa egitea izan dela. Ez daki igandetik aurrera zer gertatuko den. Hala ere, ziur da beste herri batzuek Etxarri Aranazko esperientzia baliatuko dutela antzeko prozesuak abiarazteko. Eta, nabarmendu duenez, ahalegina handia izan arren Etxarri Aranatz mugarri izango da erabakitzeko eskubidearen eremuan.