Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzen du Joxi Bakaikoa Etxarri Aranazko alkateak. Etzi herrian egingo duten galdeketa gauzatzeko prozesuan ez du zuzenean parte hartu, iragan urtean udalak abiatutako galdeketa proiektua justiziak bertan behera utzi ostean. “Herritar soil modura parte hartuko dut galdeketan”.
Azken hilabeteetan herrian abian izan den ekinbidea oso baikorra dela jakinarazi du. Are gehiago, galdeketaren prozesua oso modu “naturalean” egin dela ohartarazi du. “Herrian, Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena zela-eta dinamika dezente izan ziren. Gainera, iaz, Etxarri Aranatzen sorreraren 700. urteurrenaren harira, antzezlan erraldoi bat egin genuen. Nolabait horren guztiaren jarraipena da igandekoa”.
Ondo gogoratzen da Etxarri Aranazko Udalak galdeketa abian jartzeko emandako pausoaz. “Egoera politiko berriaren karietan abiatu genuen gure ibilbidea”. Hala ere, euren aurreikuspenak eginda zeuzkaten. Izan ere, ekinbideak bide “labur samarra” izango zuela uste zuten, Espainiako Gobernuak galdeketa geldiaraziko zuela. Baina ez zen horrela izan. Espainiako auzitegiek esku hartu baino lehen, Nafarroako auzitegiek eten zuten prozesua. “Gure ustez, inolako zilegitasunik gabe, Nafarroako Gobernuak geldiarazi zuen udalak abiatutako galdeketa prozesua”.
Talde sustatzaileak igandeko galdeketa gauzatu ahal izateko egin duen “ahalegina” nabarmendu du. “Taldeak oso lanketa txukuna egin du, eta bozkatu ahal izatea eskubidea aitortzeko ariketa da”. Herritarrei galdeketan parte hartzeko deia egin die Bakaikoak.
Horrez gain, aitortu du ez dakiela igandean emaitza jakinda zer pauso emango diren. Hala ere, datuak ezagutu bezain pronto, udala balorazio bat egitekoa da. Etor daitekeenaz esperantzaz mintzo da: “Halako gauza txikietatik hasten dira gero gauza handiagoak”.