Gure paradisu txikiegia

Berandu samar iristen naiz beti Twiterreko eztabaidetara. Etxean Internet konexiorik ez edukitzearen eta mugikor mantso samarra izatearen ondorioak dira. Kontuak kontu, ez dakit Santiago Cerveraren euskara ikasketa prozesuaren inguruko txio jariorik izan zen ala ez, ezta ze tonutan garatu zen ere. Egia esan, ez dakit ere Cerveraren euskalduntzea benetako gauza ote den, edo nire burutazio hutsa. Baina zin eginen nuke irakurri nizkiola hiruzpalau txio euskaraz, nahiz eta orain horien arrastorik ez topa. Uste dut norbaiti ere komentatu niola kontua, eta baietz erantzun zidala, euskara ikasten ari zela Cervera. Akaso, oharkabean pasatuko zen gaia sare sozialetan; hori litzateke normala, baina ezohikoa.

Nafarroan euskaldunon komunitateak bat egiten du ia-ia homogeneoki, pitzadura bat edo beste salbu, komunitate abertzalearekin. Zoritxarrez. Normalizazioaz ari garelarik, horixe esan nahi dugu: euskara edozein esparru eta eginkizunetan presente eta natural izan dadila, eta ondorioz, baita edozein ideologiatan ere. Baina arrotz egiten zaigu (eginen litzaiguke) Nafarroan sektore espainiazaleak euskaraz mintzatzen entzutea. Agian, ohitura falta baino ez da, baina esanen nuke baduela ere inbasio sentimendutik pixka bat. Gurea guretzako baino gorde nahiko bagenu bezala.

Ez nazazue gaizki ulertu: hizkuntza erraldoien zapalketak —eta horiek lagundu dituzten politikek eta jarrerek— gutxitu gaituzte, eta txiki bihurtu. Ados. Kontua da, batzuetan, gu geu eroso sentitu garela txikitasun horretan. Adibide bat besterik ez: umeetan gure oskolean errefuxiatu eta euskaraz mintzatzen ginen inguruko erdaldunak zer esaten genuen ulertzerik nahi ez genuenean. Delako erdaldun hori urrundu ahala ekiten genion berriro gaztelaniari, sarri gure inkoherentzia handiaz konturatu egin gabe ere. Ezberdintasunak ezberdintasun, uste dut antzeko jokatzen dugula gaur egun ere. Konplizitateak eraiki ditugu gainerako euskaldunekin, hots, abertzaleekin, euskararen bueltan. Kultur emankizun propioak antolatu eta gozatu ditugu, manifetarako leloak idatzi, irratsaioak konpartitu eta harremanak eraiki, den-dena euskaraz. Eta, metaforikoki bada ere, euskaraz egiten jarraitu dugu besteek ez ulertzea nahi izan dugunean. Gure paradisu propioa eraiki dugu, gureaz gozatu eta gurea sufritzeko. Txikitasunarekin zerikusi handia du horrek: euskara txikia ez balitz, ez genuke horrenbeste babestuko, ez genuke aldarrikatuko, ez ginateke egunero borrokatuko. Finean, ez genuke horrenbeste maitatuko. Beldurra diogu hori galtzeari. Euskara ez dugu maite ez dutenen eskuetan (ahotan) utzi nahi.

Horregatik, batzuetan nahiko genuke gurea bere txikitasunean betikotzea, betiere bizirik irautea bermatuz. Baina badakigu zeinen zaila den txiki izan eta bizirik irautea. Hauskorra da haria, eta txikia izanik, tupustean amildu daiteke gure hizkuntza galeraren labarretan behera. Ez, bizirik irauteko ezinbestekoa da handi izatea, edo bederen, handiago izateko saiakeran ekitea, etengabe. Handi izateak gure pribilegio txikiak galtzera eraman gaitzake, bai, baina ez dut ezagutzen ume zaharraren inbidiagatik familia handitzeari uko egin dion gurasorik.

Gure familia ere handitu beharko dugu euskara salbatu nahi badugu. Eta batzuetan, arrotz eta baita mingarri ere eginen zaigu espainiazale amorratuena euskaraz entzutea. Baina horixe izanen da modu bakarra egunen batean gure hizkuntza normalizatu dela esan ahal izateko. Letra handiz “Euskal Herria” dioten postaletan, mahoizko alkandora jantzita portuan agertzen den arrantzalea beharrean, Mendabian zainzuriak biltzen dituen nekazaria ager dadin, modu bakarra izanen den era berean.