Hiru talde lehiatuko dira bihar Lesakan jokatuko den Bardoak bertso lehian

Ia hiru hilabeteko ibilbidearen ostean, bihar Lesakako pilotalekuan jokatuko den finalarekin amaituko da Bardoak Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa. Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak sailkatu dira finalera. Orotara, 110 lagunek parte hartu dute Bardoak-en, eta horietariko hirurogei inguru aritu dira bertsolari modura.

“Baikorra” da Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Gontzal Agotek taldekako txapelketaz egiten duen balorazioa; baita txapelketa jokatu aurreko bezperan ere. Saio guztiak txikiak izan arren “bertsozaleen erantzuna oso ona” izan dela azaldu du. Izan ere, auzolana izan da Bardoak-en funtsa. Talde lehia izaki, parte hartzaileak elkarlanean aritu dira lehia gauzatu ahal izateko, eta Agotek azaldu du publikoak ere ondo erantzun duela, batez beste saio bakoitzean 50 lagun elkartu direlako.

Otsailetik aurrera egindako saioak txikiak izan badira ere, finalerako Lesakako pilotalekua hautatu dute. Agotek onartu duenez, finala non egin erabakitzerakoan hainbat “zalantza” izan dituzte. Dena den, agertoki gainean bederatzi bertsolari izango direla kontuan hartuta, tokirik egokiena Lesakako pilotalekua izango dela ebatzi dute.

2012an hasi ziren taldekako lehiaketarekin, Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtero egitea ez zela egokiena iritzita. Banakakoa eta taldekakoa txandaka egitea erabaki zuten orduan. Bertsolaritza herri txiki eta ohiko tokietara gerturatu du taldekako lehiak. Gainera, Bardoak lehiaketan aritu diren bertsolari askorentzat, jendaurrean abesteko lehen aukera izan da. Joana Ziganda, esaterako, 2012an hasi zen bertso eskolan. Aurten parte hartu du lehenengoz, bere lana ahalik eta ondoena egiteko helburuz.

Apurka-apurka, taldekako lehia fruitua ematen ari da. Esaterako, joan den urtean egin zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolarietatik hiruk 2012ko Bardoak-en abestu zuten lehenengoz jendaurrean.

Biharko finalaz galdetuta, txapeelduna hiru taldeetako bat izango den arren, Agotek nabarmendu du garrantzitsuena ez dela lehia. “Guretzat, bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzea da helburu nagusia; lehia bigarren mailakoa da”. Garaileentzat ez dela sari handirik izango ohartarazi du. Halere, tarte batez bertsoez gozatzeko parada izango da, umorea eta jai giroa izango baitira nagusi. Gainera, finalaren ondoren, jaiarekin jarraitzeko, afaria egingo dute Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Oraindik txartelik erosteko aukerarik baden galdetuta, guztiak amaitu direla adierazi du Agotek.

Sagardotegirako ez, baina Bardoak taldekako txapelketako finalerako sarrerak erosteko aukerarik bada oraindik. Gaur Bera, Leitza, Lekunberri, Etxarri-Aranatz eta Iruñean bertso saioetako sarrerak erosteko, ohiko tokietan eskuratu ahal izango dira, eta baita Internet bidez ere, www.bertsosarrera.eu web atarian. Bihar, sarrerarik geldituz gero, finala baino lehen salgai izango dira, Lesakako pilotalekuko leihatilan.

Eskolarteko txapelketa

Mikel Lasarte barañaindarrak irabazi zuen hirugarren aldiz joan den asteburuan jokatutako Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta Maddalen Lopez lesakarra sailkatu zen bigarren. Orotara, 14 eta 18 urte arteko zortzi bertsolarik parte hartu zuten finalean. Heldu den ekainaren 21ean Orion (Gipuzkoa) jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Nafarroako ordezkari gisa abestuko dute Lasartek eta Lopezek.